wrapper

1766ko Matxinada kaleko 2 eta 3 etxeatarien baxuan ezarriko dira Gizarte Zerbitzuetako zerbitzuak. Bulegoak leku aldatuta “zerbitzuak herritarrengana gerturatu eta zerbitzuak hobetzea” da helburua. Obrak abuztuan hasiko diraeta 2023ko urtearen hasieran lekualdatzea aurreikusten da.

Gaur egun Azpeitiko Udaleko bigarren solairuan kokatuta daude Gizarte Zerbitzuak. Bertan eskaintzen zaizkie, azken urteotan adinekoei, egoera zaurgarrian dauden herritarrei eta menpekotasuna dutenei zerbitzuak, besteak beste. Lekua txiki gelditzen ari delako eta herritarrei zerbitzuak gerturatzeko helburuz, Azpeitiko Udalak zerbitzuak lekualdatu egingo ditu. Zehazki, 1766ko Matxinada Kaleko 2 eta 3 etxebizitzen azpira lekualdatuko ditu. Azpiegitura berria egokitzeko lanak abuztuan hasiko dira, eta 2023. urteko hasierarako lekualdatuta izatea aurreikusten da.

Azken urteotan Gizarte Zerbitzuen saila asko hazi da, bai zerbitzuen kopuruan eta baita herritarren beharrei erantzuteko giza baliabidetan ere. Gaur egun eskaintzen dituen zerbitzuen kopurua ere handia da: “Herritarrei babes soziala bermatzeko helburuz, azken urteotan Gizarte Zerbitzuak indartzen joan gara. Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak handitzen joan gara eta saila asko hazi da. Urteekin behar berriak ere sortu dira, eta horiei erantzunez joan gara. Besteak beste, aniztasun teknikaria dago orain Gizarte Zerbitzuen baitan”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Gizarte Zerbitzuak lekualdatuz, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko aukera hobetsi dute. “Azken urteotan gero eta herritar gehiagok jotzen dute Gizarte Zerbitzuetara zerbitzu bat edo besteren beharra dutelako edo laguntzaren bat tramitatzeko helburuz, Gizarte zerbitzuetara joatea errazagoa izan dadin, eta gertukoagoa bihurtzeko helburuz, kaleko mailan kokatuko dugu”, gaineratu du. Hala, egoitza berrian, harrera lekua indartuko da, eta erabiltzaileentzako erosotasuna, irisgarritasuna eta diskrezioa bermatuko zaie. Bide horretan neurri horrekin zein beste hainbatekin, gizarte zerbitzuak indartuz herritarrak babesten joatea du helburu udalak. Gaur egun, Gizarte Zerbitzuetako Departamentuak 10 langile ditu: zerbitzuaren arduraduna, bost gizarte langile eta lau administrari.

Udalak bulego berriak egokitzeko lanak esleituta ditu. Obrak Unebide obras y contratas sl enpresak egingo ditu abuztuan hasi eta 4 hilabetez. Egoitza berriak 402 metro koadro izango ditu eta besteak beste, sarrera, administrarientzako lekua, 6 bulego, bi itxaron gela eta arreta tokia izango ditu. Sarrera, Goiko Kaletik izango du.