wrapper

Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna izanik, Azpeitiko Udalak herriko enpresentzat jardunaldia antolatu du, Basazabal Jauregian. Bertan, 25 bat enpresetako ordezkariak bildu dira, lan munduan ere hizkuntza normalizazioa bultzatzearen beharraz eta euskara planak enpresetan garatzeko Azpeitiko Udalak duen Elegune doako zerbitzuaren berri emateko. Jardunaldiei hasiera emateko, Jon Sarasua soziolinguista eta unibertsitateko irakaslea izan da. Ostean, Elegune zer den azaltzeaz gain, proiektu horren bidez euskara planak garatu dituzten herriko enpresen esperientziak ezagutzeko aukera ere izan da. 

Elegune proiektuarekin, hizkuntza normalizazioa lan mundura ere eraman nahi du udalak. Hala berretsi du Eneritz Albizu, Euskara batzordeburuak jardunaldiaren sarrerako hitzartzean: "Ulertzen dugu euskarazko zerbitzua bermatzea zerbitzu egoki eta oso bat bermatzea dela. Horregatik, udalak dituen baliabide guztiak jarri nahi ditu herriko enpresen esku; eta nola ez gure hizkuntzaren esku". Jardunaldian zehar behin eta berriz entzun da euskara lan munduan txertatzea estrategikoa dela. Lantokietan euskara normalizatzeko pausoak emanda, "eremu garrantzitsua irabaziko luke" alde batetik; eta, "lantegiak konpetenteago izango dira", bestetik: "Kalitatezko kudeaketa batean oinarrizkoa da hizkuntza: bezeroentzat zerbitzu hobea eskaintzeko aukera ematen du, administrazio eta lege eskakizunak betetzeko eta lan hizkuntza bezala ere, eragin zuzena du langileen komunikazio eta kohesioan", azpimarratu du. 

Azpeitia euskararen arnasgune izanik, "gune euskaldun hauetan bereziki sustatzea lan munduaren euskalduntzea" beharrezko  dela adierazi du: "Lantegiak oso euskaldunak dira, euskara eguneroko gestioan txertatzea aukera ezinhobea duzue. Erakutsi dezakezue euskara lan munduko hizkuntza ere badela, negozioetakoa eta akordioetakoa. Eredu izan zaitezkete, eta guk horretan laguntza eman nahi dizuegu". 

Josu Labaka, alkateordeak, udalak enpresekin dituen harremanak jarri nahi izan ditu balorean: "Udalaren kezka nagusia sustapen ekonomikoa da. Horretarako lan lerro desberdinak ditugu. Tresnak eta harremanak azken urteotan sendotzen goaz, eta enpresen beharrei erantzuteko ahalegina egiten dugu". Bide horretan, elkarlanerako bideak hobetu dituztela ere azpimarratu du: "Pandemia egoera honek esfortzu asko eskatzen digu guztioi, baina uste dut, indartuta irteteko aukerak ere eskaintzen dizkigula". Bide horretan, azaroko langabezia tasa 7,4koa dela aipatu du, Eskualdeko, Gipuzkoako eta EAEko langabezia tasaren azpitik dago Azpeitikoa. Hala ere, datuei begira hasita, emakumeen langabezia tasa gizonenaren bikoitza dela gaineratu du: "Horregatik, beharrezkoa da hainbat gai zeharlerro gisa lantzea. hor dago emakumeen lan munduratzea eta batez ere sektore batzutan ematen den genero arrakala, ingurumenaren eta trntsizio energetikoarena eta, gaur ona ekarri gaituen hizkuntzaren normalizazioarena". Enpresak eragile sozioekonomiko izanik erronka horiei aurre egiteko elkarlanerako bide bat egin beharra azpimarratu nahi izan du: "Sustapen ekonomikoaren bidez, emakumeen lan munduratzea edo trantsizio energetikoa laguntzen ditugu udaletik, eta Eleguneren bidez, hizkuntzaren normalizazioan ere eragin nahi dugu enpresetan". 

 

Zer da Elegune?

Azpeitiko Udalak, Euskara Patronatuaren bidez, Azpeitiko enpresei hizkuntza gestiorik egokiena lortzen laguntzeko zentro teknikoa da Elegune. Nerea Arexolaleiba teknikariak azaldu du zein den Eleguneren funtzioa. Enpresetan euskarari dagokion tokia eta funtzionaltasuna aurkitzeko, laguntza eta baliabideak esku-eskura jartzea da bere eginkizuna. Hau da, Azpeitiko enpresetan euskara planak garatzea. Euskara plan baten helburua erakunde bateko erabilera eta presentzia areagotzea eta erakundearen kulturan eta sistematikan integratzea da. Euskara planek fase ezberdinak izaten dituzte. Zehazki honakoak: 

• Erakundearen egoera soziolinguistikoaren azterketa eta diagnosia (planifikazioa).

• Planaren inplementazioa (Ggauzatea).
• Planaren ebaluazioa (emaitzak neurtzea).
• Planaren berrikuspena (plana doitzea).

 

Elegune, enpresen hitzetan
 

 
Lan mundua euskalduntzea erronka
Jardunaldien baitan, Jon Sarasuak euskararen iragana eta geroaz bere azalpenak eskaini dizkie bildutakoei. Hizkuntzaren berreskurapenean, "euskara munduan erreferente" dela azpimarratuz hasi du bere hitzartzea. Frankismoaren amaieratik, gaur egunera artean euskarak bizitakoak izan ditu hizketagai: "Duela 60 urte euskara pikutara zihoan, baina kolore politikoak alde batera utzita, beren seme-alabak mundu berri eta moderno batean euskaraz txukun bizitzeko amets ausarta gauzatzeko bidea hartu zuten". Orduan ereindako landarea, gaur zuhaitz bilakatu dela gaineratu du. Hori modu transbertsal batean eta erakunde publiko eta herrigintzaren lanari esker izan dela azpimarratu du. 
 
Orduko hartan, euskararen normalizazioa benetan gauzatu zedin, irakaskuntzaren euskalduntzean jarri ziren indarrak: "Herri honetan irakaskuntza euskalduntzeko izugarrizko inbertsioak egin dira. Gaur egun, D ereduan ikasitako herritarrak dira asko eta asko gure gizartea, eta B eta A ereduan ikasitakoek ere euskara ikasi dute. Baina gero lan mundura iristen dira, eta lan munduan euskararen normalizazioan gabezia dago". 
 
Datozen 20-30 urteetan,  "lan mundua masiboki euskaldundu" behar dela azaldu du. "Lortutakoa izugarria da, baina bisio eta estrategia baten beharra dago, aurrera egingo badugu. Politikak birpentsatu behar dira. Alderdi ezberdinekin kezka konpartitua da", zehaztu du. Hezkuntza euskalduntzerakoan bezala, lan mundua euskalduntzeko prozesuan, enpresei baliabideak eskaini egin behar zaizkiela uste du Sarasuak: Azken hamarkadetan garrantzia berezia ematen zaio langileen inplikazioari eta gustra eta motibatuta izateari. Motibatuta egoteko faktore asko dago, baina norbere konbikzio pertsonaletatik zenbat eta gertuago egon enpresa, orduan eta motibatuago egoten gara. eta horri zuzenki lotzen zaio enpresaren hizkuntza politika". Enpresek duten erantzunkizun soziala ere aipatu du: "Euskara planak metodo neurtuak dira, pausoz pauso eman beharrekoak. Baina hor hizkuntza politikan non kokatzen naizen ni erabaki behar da". Lan munduan euskararen normalizazio "masiboa" datorren hamarkadetan etorriko dela, "edo ekarri" egin beharko dela gaineratu du.
 
Azpeitia bezalako herri euskaldunek, "funtzio berezia" betetzen dutela gaineratu du eta beste zonalde batzuentzat "eredu" behar dutela izan adierazi du: "Herri euskalduna zarete, eta gainera, beste inongo herritan ez dagoen ELegune bezalako doako zerbitzua duzue. Herri askok nahiko luketen zerbitzua da. Zentzu horretan proba pilotu bat zarete".