wrapper

Nagore Alkorta alkateak, “epe luze eta motzera begira” proiektuak gauzatzeko tresna direla udal aurrekontuak azpimarratu du. Hala, “eguneroko beharrei” erantzuteaz gain, “proiektu estrategikoak” bultzatzeko konpromisoa agertu du. 2022ko aurrekontuak iazkoa baino %11 handiagoa izango da. Hau da, 21. 745.228,75€koa izango da; Aapeitiko Udalaren inoizko aurrekontuerik handiena.

 

Azpeitiko Udalak atzo onartu dituen 2022. urteko udal aurrekontuak; EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Datorren urterako 21,7 milioiko aurrekontua izango du udalak, iaz baino %11 gehiago; aurrekontu bateratua, berriz, 39,6 milioikoa izango da. Beraz, inbertsioetarako diru gehiago izango du eta gizarte beharrei erantzun, ekonomia sustatzen jarraitu eta ingurumenari lotuta, trantsizio energetikoa bultzatzeko proiektu estrategikoak bultzatzera diru partidak bideratuko ditu. Etorkizunera begirako aurrekontuak osatu direla azpimarratu du Nagore Alkorta alkateak: “Etorkizuneko erronkei gaurtik erantzuten hasteko proiektuak jarriko ditugu abian 2022an. Etorkizuneko proiektu horiek batez ere, herritarren ongizateari, herriko eragileen beharrei eta gai estrategikoei loturikoak izango dira”. Hala ere, ez du ahaztu izan nahi iazko martxotik ez ohiko egoera berezian bizi garela, eta horrek eregin zuzena duela herritarrengan: "Arazo bat bestearekin atzetik sortu da azken urte eta erdian, beharrak ere sortu dira, eta orain artean bezala, okerren pasatzen ari direnei baliabideak bermatzen jarraituko dugu", gaineratu du. 

Bide horretan, gai estrategikoei anbizioz heldu nahi dietela azpimarratu du, eta Azpeitia 2030 Plan Estrategikoko erronkak izango dira ardatz: “Gizarte beharrak, trantsizio energetikoa, ekonomia, etxebizitza politika … herri gisa nolako Azpeitia izan nahi dugun eta horretarako erronkak identifikatuta ditugu.  Hor daude, menpekotasuna duten pertsonen zaintza ekosistemari loturiko Perdillegin gauzatuko den proiektua edo Ekindar azpeitiarron energia kooperatiba, besteak beste”.

Herritarrei mezu baikorra eman nahi izan zien bukatzeko: "Herrigintza tresna baliagarri eta eraginkorra da azpeitiarren zerbitzura dagoena. Aurrekontua inoizko handiena dugu eta ziur nago, datorren urteko aurrekontuen bidez, proiektu estrategiko garrantzitsuei bultzada berri bat emango diegula, eta indartuta egingo dugula aurrera". 

Leire Goenaga Ogasun Batzordeburuak hartu zuen hitza aurrekontuen xehetasunak azaltzeko. Bizi dugun egoera dela eta "ezegonkortasun" handia dagoela azpimarratu zuen eta horregatik, zuhurtzia handiz egin dituztela aurrekontuak: "Datuek hazkunde ekonomikoa dagoela adierazten digute, eta beraz, sarrerak ere handitu egin zaizkigu aurrekontuetan. Aurtengo aurrekontuarekin alderatuz gero %11 handiagoa izango da". Aurrekontuen baitan, azken hilabetean bilera eta batzar ugari egin zirela ere aipatu zuen: "Eragile, teknikari, oposizioko kide zein norbanakoen eskaerak jaso ditugu, eta guztien eskaerak aztertu eta lantzen saiatuko gara. Asko eskertzen da Azpeitia hobeago bat egiteko ekarpenak jasotzea"

 

Azpeitiarrak erdigunean

"Herritarrak erdigunean jarri eta inor bazterrean ez uzteko politikak" egitea dela helburua azpimarratu nahi izan du Goenagak: "Herri juxtuago, orekatuago eta inklusiboagoa izateko. Horretarako, abian ditugun proiektu eta zerbitzuak hobetu eta proiektu estrategiko berriei anbizioz helduko diegu".  Tokiko garapena, gizarte beharrak eta trantsizio ekologikoa bultzatuko direla aurrekontuen bidez bultzatuko diren arloak adierazi du. 

Gizarte Zerbitzuetako partida %6 igoko da aurrekontu berrietan; zehazki, 2.251.496 euro bideratuko dira gizarte beharrei erantzuteko. Gainera, inbertsioetatik beste 480.000€ ere bideratuko dira herritarrei eskaintzen zaien arreta zerbitzua hobetzeko azpiegituretako. Gizarte Zerbitzuetako diru partidaren bidez, herritarren beharrei erantzungo zaie harreta eta zerbitzu hobeagoa eskainiz; dagoeneko errealitatea den biztanleriaren zahartzearen ondorioz sortutako erronka eta beharrei erantzungo zaio, arreta eta zaintza hobetuko da, bakardadearen erronkari helduko zaio, mendekotasuna duten pertsonetan jarriko da arreta, etxez etxeko zerbitzua edo eguneko zentroa bezalako zerbitzuak mantendu edo indartuko dira eta  mendekotasunaren prebentzioan eragiteko konpromisoa ere berretsi du: "Zerbitzuez gain, dirulaguntza guztiak mantenduko ditugu. Tartean, oinarrizko gizarte beharrei erantzuteko diru laguntzeio". Horretarako 380.000€ diru partida mantenduko da. 

 

Ingurumeneko aurrekontua hirukoiztu

Kilometro 0ko energia sortuz klima larrialdi egoerari energiaren trantsizioaren bidez heltzeko konpromisoa posible izango da 2022. urtean Azpeitian. Horretarako sortu da Ekindar, azpeitiarren energia kooperatiba: "Energiaren trantsizioaren erronkari, tokiko garapenetik eta herritarrekin batera erantzuteko Ekindar kooperatiba bultzatzeko konpromisoa berresten dugu aurrekontuen bidez", zehaztu du. 

Datu ekonomikoek onerako joera hartu badute ere, sustapen ekonomikoan eragiten jarraituko du udalak datorren urtean ere. Hala, sustapen ekonomikorako laguntzak mantendu egingo dituztela azpimarratu zuen: "Hobeto gaudela dirudi, baina tokiko garapenean inbertitzen jarraitu beharra dugu". bide horretam langabeziaren azken datua ekarri du gogora. Aurtengo urrian 7,6koa zen Azpeitiko langabezia tasa, iazko urrian berriz, 9,6koa. Sustapen ekonomikoaz gain, Iraurgi Berritzenera egiten den ekarpena ere azpimarratu du: "Eskualdeko garapenerako plan estrategikoa egingo dugu". Landetan abiatutako azterketari jarraipena emateko partida ere jarri da. 

Azpiegiturak hobetzeko inbertsioak

• Perdillegi husteko helburuz, hango eragile sozial, talde eta erakundeak leku aldatzeko Telefonikako eraikina berrituko du Udalak. Horretarako 1.315.523,19€ko inbertsioa egingo du.
• Soreasuko soinuaren eremua ekipatzeko 60.000€ko inbertsioa egingo du.
• Herriko haurren jolas parkeak hobetzeko azterketa egin eta berritzeko 100.000€ko diru poltsa izango da 2022. urtean.
• Kirol instalazioetako aldagelak berritu eta irisgarritasun arauetara egokitzeko 224.000€ko inbertsioa egingo da.

Urbanizazioen berritzeak
• Urbitarte auzoko 5 eta 7 etxe-atarien ingurua eraberritzeko 270.000 €.
• Matxinada kalearen eta zubiaren irisgarritasuna hobetzeko 2. faseko obrak gauzatzeko 202.118€ko diru poltsa jarri da.

 

Aurrekontua zenbakitan

 

Ogasuna eta kontuak

435.356,59€

Hirigintza eta ingurumena

2.497.500,00€

Hezkuntza eta euskara

1.067.632,47€

Kultura eta gazteria

1.142.100€

Kirola

1.309.134,17€

Gizarte zerbitzuak

2.251.476€

Langileria eta antolakuntza

6. 464.756,30€

Festak

471.000€

Zerbitzu orokorrak

4.288.295,13€

Alkatetza

296.000€

Ekonomoa, enplegua eta formazioa

1.055.978,09€

Parekidetasuna

215.000€

Baserriak

251.000€

Guztira

21.745.228,75

 

• Udalaren aurrekontu orokorra 39.606.210,75€
• Udalaren aurrekontu propioa 21.745.228,75 €


• Euskara Patronatua: 743.289,00€
• Kirol Patronatua: 1.505.134,17€
• Azpeitia Berritzen: 17.091.482,00€