wrapper

Oharrak

Kokapena eta zentro balioanitz berria Azpeitiko zaintzarako ekosistemaren ardatz nagusietakoa izango dira. Pertsona erdigunean jarriko duen arreta zerbitzu berritzaile eta integrala eskainiko da bertan.


Gaur goizean, Maite Peñak, Gizarte Politikako foru diputatuak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak agerraldia egin dute. Bertan izan dira, Amaia Etxeberria EAJtako udal bozeramailea eta Manolo Aizbitarte San Martin egoitzako zuzendaria ere. Agerraldi honen bidez, 2020ko abenduan sinatutako jarduketa protokolo hitzarmenari lotutako lanketan ateratako ondorioei erantzuteko pauso garrantzitsu bat adostu dutela adierazi dute. Etorkizunean gizarte beharrak handitu egingo dira, eta horiei erantzuteko azpiegitura berria egitea adostu dute. Eraikin berriaren kokapena ere zehaztuta dute dagoeneko: Garmendialde eremuko Perdillegi azpieremuan.


Izan ere, gizartearen zahartzea errealitate bat da; baita Azpeitian ere. 2031n, azpeitiarren ia laurdenak 65 urtetik gora izango ditu eta 500 herritar baino gehiagok izango dituzte 80 urtetik gora. Mendekotasuna %38ko haztea aurreikusten da.


Eraikin batetik harago, gizarte baliabide eta zerbitzuen inguruan abiatutako hausnarketa eta azterketa prozesuaren helburua zaintzarako tokiko arreta-ekosistema oso bat bultzatzea da. Horretarako eredu berri eta berritzailea sustatzen ari dira bi erakundeak. Abiatutako urratsek berrikuntza sozialerako bidean sakontzea dute helburu.


Nagore Alkorta, alkateak lortutako adostasuna Azpeitiarentzat pauso estrategikoa dela azpimarratu nahi izan du: “Gizarte beharrei erakundeok elkarlanean erantzuteko ezinbestekoa da herritarrentzat. Eta adostasun hau eta gaur hemen plazaratutako erabaki hau azpeitiarrentzat albiste ona da. Azpeitian zaintzarako zerbitzuen estaldura oso zabala daukagu. Zerbitzu horiek osatzeko esperientzia berritzaileak jarri ditugu abian, eta uste dugu, oinarri oso sendoa dugula jauzi berri bat emateko”, adierazi du.


Herritarren beharrei erantzun eta etengabeko hobekuntzaren bidetik lanean jarraitzeko konpromiso publikoa ere agertu du: “Zaintzaren gaiak guztion konpromisoa eskatzen du: eragile publiko, profesional, talde edota komunitatearen inplikazioa. Eta denon artean arlo honetan ditugun erronkei ere aurre egiteko lanean jarraituko dugu”.


Maite Peña diputatuak gaineratu du Azpeitian hasi den bideak ibilbide “luze eta emankorra” duela aurretik. Izan ere, iazko abenduan bi erakundeen artean sinatutako hitzarmenak helburu du herrian zaintzen ekosistema lokal bat bultzatzea: “Zaintza eredu berri bat sustatuko duena, gizarte zerbitzuen eskaintza behar berrietara egokituz eta komunitate osoaren inplikazioa bilatuz”.


Lehen hausnarketa eta beharren inguruko azterketa abiatuta, udalerrian gizarte zerbitzuen arloan dauden erronkak identifikatzeko ari dira lanean Aldundia eta Udala, “ezinbesteko lana” Peñaren hitzetan: “Zaintzak komunitatearekin eta gizarte-berrikuntzarekin lortzea da etorkizuna; horrela, ekosistema aurreratu bat sortzen ari gara herrian, eta horren erdigunean kokatzen da Azpeitiako zentro balioanitz berria”.


Diputatuak gaineratu du zaintzen tokiko ekosistemen garapenaren bidez, adineko pertsonak eta mendekotasuna dutenak zaintzeko eta sare komunitarioak indatzeko proiektuak bultzatuko direla herri mailan, “berrikunzatik proiektu esperimantalak bultzatuz, lurralde mailara zabaltzeko aukera izango dutenak, eta hurbiltasunetik eta pertsonalizaziotik abiatuko direnak”.
Horratarako diru-laguntza berri bat abiatu du aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak. 700.000 euro bidaratuko dira berrikuntza sozialeko, esperimentazioko eta garapen sozialeko proiektuak sustatzera, “zaintzaren esparruan lurralde gisa egiten ari garen lan guztia osatu eta egituratuko duena”. Azpeitian bezala, beste hainbat udalerritan ere garatzen ari dira tokiko zaintza ekosistemak, hala nola, Usurbilen, Pasaian, Hernanin, Zestoan eta Urretxun.