wrapper

Oharrak

Azpeitiko Udalak jarri du abian 2022rako aurrekontuak osatzeko prozesua. Aste honetan lehen Ogasun Batzordea egin dute hasierako zirriborroa aurkeztu eta ekarpenak jaso eta osatzen hasteko. Helburua, abenduan aurrekontuak onartuta uztea da; eragile eta norbanakoek paperean zein online ekarpenak egiteko aukera dute azaroaren 26a bitartean. 

Baikortasunez begiratzen dio etorkizunari Udal Gobernuak. Hala adierazi dute Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Ogasun Batzordeburuak gaur 2022ko aurrekontuen prozesua eta aurreikuspenak azaltzeko prentsaurrekoan. Alde betetik, iazko diru sarreren jaitsieraren ostean, aurtengo prebisioak onak direla dierazi dute, eta diru sarrera handiagoak izatea aurreikusten dute. Beste aldetik, nahiz eta oraindik gorabeherak izan, "pandemiaren osteko argia" ikusten hasi garela iritzi diote: "Ekonomia eta gizartea hasi dira ohiko egoerara itzultzen, eta horrek etorkizunerako aurrekontuak osatzera garamatza. Hala ere, pandemia uzten ari den ondorio sozial eta ekonomikoak oraindik nabariak dira, eta horiei erantzuna ematen jarraituko dugu. Anbizioz eta etorkizunera begira diseinatu nahi ditugu datorren urteko aurrekontuak inbertsio soziala handituz, eta herritar guztien ongizatea erdigunean jarrita", hartu du hitza Alkortak. 

Iazko aurrekontuak diru sarreren murrizketak eta Covid-19aren pandemiak erabat baldintzatutakoak izan ziren; osasun larrialdiaren ondorioz sortutako beharrei erantzutea izan zen lehentasuna. Hala ere, aurreikusitako proiektu eta inbertsioei heltzeko konpromisoa hartu zuen udal gobernuak eta hori egin dutela gaineratu du. Beraz, datorren urteari begira, pandemia ondorengo erronkei heldu eta azpeitiarren bizi-kalitatea hobetu eta Azpeitia garatzen joateko proiektuan abian jartzea izango da helburu nagusia. "Egoera ekonomiko ezegonkorra bizi dugu azken hilabeteotan, baina gaur egungo datu ekonomikoak positiboak dira. Alde batetik, ekonomiaren pizte edo hazkundea ematen ari dela dirudi; eta, bestetik Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako errekaudazio datuak ere positiboak dira. Beraz, Azpeitiko Udalaren 2022rako diru-sarrerak %7 eta 8aren artean igotzea aurreikusten da", zehaztu du. 

Azken urteotan bezala, helburu nagusiak ekonomia eta inor atzean ez uzteko behar gehien duten herritarren babesa izango dira: "Berdintasun soziala lortzeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko lanean jarraituko dugu proiektu estrategikoak bultzatuz. Horretaz gain, dagoeneko errealitatzea den demografiaren bilakaerak eta gizartearen zahartzeak ekarriko dituen erronka berriei begira ere egingo ditugu aurrekontuak. Politika publiko eraginkor eta sozialak egiteko oinarriak jarri nahi ditugu aurrekontuen bidez". 

Ekonomia eta kalitatezko enplegua bultzatzen ere jarraituko du udalak. Ekonomia sustatzen jarraitzeko Diru laguntza lerro propioa mantenduko duela berretsi du alkateak: "Ekonomia suspertzen ari dela dirudi, baina aldi berean erronka eta zailtasun berriak agertzen ari dira. Sustapen ekonomikorako sektore ezberdinei laguntzeko konpromisoari helduko diogu. Era berean, azken urteotako langabezia tasarik txikiena badugu ere azken hilabeteotan, batez ere, gazte eta emakumeen langabeziari aurre egiteko baliabideak eskaini nahi ditugu".  Azken datuaren arabera, urrian %7,6koa zen langabezia tasa Azpeitian. Datu horren atzean,  herritarrak, batez ere, gazte eta emakumeak daudela gogorarazi du.  Horregatik, langabeziari aurre egiteko formazioa eta baliabideak eskaintzen jarraituko dutela ere zehaztu du. 

 

Plan estrategikoa ardatz

Aurrekontuak osatzerako orduan, momentuko errealitate eta beharrei erreparatzeaz gain, maiatzean Azpeitiko Udalak aho batez onartutako Azpeitia 2030 plan estrategikoa. Denontzako Azpeitia denon artean izango dela ardatz adierazi du Leire Goenaga Ogasun zinegoztiak. Plan estrategikoa 9 lan ildo desberdinetan banatu dago: ekonomia, gizarte beharrak, parekidetasuna, hezkuntza, euskara, kirola, kultura, etxebizitza eta ingurumena. Arlo horietan erronka desberdinak zehaztu dira; guztira 36."Erronka edo helburu guztiek komunean gauza bat dute: guztien erdigunean, herritarrak daudela. Era askotako azpeitiarrak gaude, eta azkenean, askotariko azpeitiarron bizi kalitatea hobetzea da helburua. Denon bizimodua hobetze aldera, arlo askotatik eragin behar da eta osatzera goazen aurrekontuen bidez, ildo horietan sakontzeko proiektuak abian jartzen ahaleginduko gara", zehaztu du. 

 

Prozesua abian

Udal Gobernuak lehen ogasun batzordera aurrekontuen lanketarako lehen zirriborroa aste honetan eraman duela adierazi du Goenagak. Datozen asteetan arloz arloko batzordeetan sail bakoitzeko proiektu eta aurrekontuen lanketa egin eta ekarpenak jasoko dira udal teknikari eta oposizioarekin. Horretaz gain, herri eragileekin osatutako mahai edo bestelako guneetan ere hartuko da aurrekontuak aztertzeko tartea. Eragileek mahai horien bidez edo teknikari edo zinegotziei beren proposamenak egin edo beraien asmoen berri eman diezaiekete.

Horretaz gain, urtero gisa, herritarren ekarpenak jasotzeko modua ere egokituko da. Hala, udal webgunearen bidez online egin ahalko dira ekarpenak eta udaletxean eta igerilekuan ere izango da iritzi eta ekarpenak buzoietan uzteko aukera, azaroaren 26a bitartean.