wrapper

Oharrak

Sansebastianak ospatzeko osasun baldintzarik ez badago ere, sansebastian daten baitan hainbat ekintza egitea adostu dute Udalak eta danborradako taldeek. Aurten, gainera 40 urte betetzen dira emakumeek lehen aldiz danborra jotzen irten zirela, eta Paola Motok zuzenduta 'Amamaren danborra' dokumentala egin dute. Urtarrilaren 19an 19:00etan estreinatuko da; ondoren 00:00etan berdintasunaren alde balkoietatik danborra jotzeko deia egin dute. 

Astebete eskas falta da Azpeitian horren seinalatuak diren San Sebastian bezpera eta egunerako. Aurten, osasun baldintzarik betetzen ez delako ez da festarik izango. Hala ere, danbor taldeekin adostuta, danborradan emakumeak danborra jotzen hasi zirela 40 urte betetzen direla gogoratzeko Maola Motok zuzenduriko Amamaren danborra dokumentala estrenatuko da; eta danborra joaz balkoietatik "herri bezala bat" egiteko deia egin dute. 

Azken hilabeteak ez ohikoak izaten ari dira. Osasun alarma egoerak, "ez ohikoa egiteaz gain, zailak ere" izan direla azken 10 hilabeteak azpimarratu du Nagore Alkorta alkateak. Iazko martxoaren 15etik, egunerokoa, ohiturak, harremanak eta festak ere ez dira berdinak: "Ondorio latzak sortu ditu pandemiak gure herritarrengan eta egoera sozioekonomikoan. Coronavirusak hankaz gora jarri du mundua, eta jarri du gure egunerokoa. Hala ere, egoerak sansebastianak ospatzen ez badigu utziko ere, data horien bueltan danborraren aitzakian herritar guztiok bat egiteko modua bilatu nahi dugu; herri bezala bat egiteko aprobetxatu nahi dugu", adierazi du. 

Sansebastianak festa bereziak dira Azpeitian: "Urtero errepikatu ohi dugu festarik parte hartzaileenak direla, eta aurten, oraindik eta parte hartzaileagoak izatea da helburua. 1957an danborrada sortu zenetik, parte hartzea urtez urte handitzeaz gain, aniztasunean ere pauso garrantzitsuak eman dira". Bide horretan, aurten 40 urte betetzen dira emakumeak lehen aldiz danborra jotzen irten zirela. Emakumeen parte hartzea pauso garrantzitsua izan da danborradaren historian, eta benetan aurrerapauso aberasgarria: "Urteurren hori aintzat hartuta, iaz danborradako taldeekin adostuta gai horren inguruko dokumentala egiten hasi ginen". Amamaren danborra da dokumentala eta Paola Moto da zuzendaria; Alaitz Olaizola, berriz, gidoilaria.  Azken urteotan ohikoa dena, duela lau hamarkadara arte ezinezkoa izan zen. Danborradan danborjole irtetea bezalako ekintza bat, "ezinezkoa zen gurean". Baina lehen emakume haiek emandako pausoei esker, gaur danborradako parte hartzaileen gehiengoa emakumeak dira.

"Emakume askok bidea urratu behar izan dute gaur gauden egoerara iristeko; emakume ausart asko izan dira injustiziari aurre egin behar izan dietenak. Emakume askok egin dute lan gaurko egoerara iristeko. Beste zenbait kasutan ezinezkoa izan dena, Azpeitian egin da. Gorabeherak gorabehera, danborradan ere pixkanaka emakumeen presentzia handitzen joan da, eta herri aurrerapen handiak egin ditugu", gaineratu du

Beraz, aurten, danborradarik ez bada egingo ere, izango da danborra jotzeko aukera: "Jo dezagun danborra bidea urratu zuten emakume horien omenez. Omendu ditzagun emakumeak balkoietatik". 

 Amamaren danborra

Iazko danborradan hasi zen Paola Moto danborradaren bueltako dokumentala ontzen. "Proposamena jaso nuenean bertan erabaki nuen era batera edo bestera dokumental honetan parte hartu nahi nuela, eta 2020ko nire erronka gisa hartu nuen. Gero urtea etorri den bezala etorri da, eta oraindik eta erronka handiagoa izan da, baina gustura nago egindakoarekin", adierazi du. 50 minutuko dokumentala da Amamaren Danborra eta bertan 22 herritarren istorioak biltzen dira: "Lehen pertsonan kontatutako istorioak dira, adin,  talde, iritzi eta bizipen desberdinak izan dituzten  herritarrak agertzen dira". Dokumentala sansebastianen inguruko gertaeren dokumentala bada ere, argi utzi nahi du ez dela sansebastianei buruzkoa. 

"Kontrastez beteriko dokumentala da. Dokumentala ikusi eta testigantza eskaintzen duten 22 herritar horietako inoretan ez bada islatzen ez denari ausnartzeko eskatzen diot. Pentsa dezala berak egoera horietan nola jokatuko zukeen", gaineratu du. Dokumentalak ez baditu festak ordezkatu ere, "hutsunea betetzera" datorrela zehaztu du. Bukatzeko, Udala dokumentala egiteko aukera eskaintzeagatik, lan taldea eta parte hartzaileak eskertu nahi izan ditu. 

 

Danbor hotsak balkoietan

Urtero bezala, azaroan erdi aldera hasi zen Mikel Odriozola Festa batzordeburua helduen eta haurren danborradan parte hartzen duten ikastetxe, eragile eta elkarteekin bilerak egiten. Bilera horietan erabaki zen era batera edo bestera, egoerak uzten zuen heinean, gutxienez balkoietatik danborra joko dela: "Beraz, talde guztien adostasunarekin, antolatu ditugu gaur aurkeztera gatozen ekintzak", adierazi zuen. 

Urtarrilaren 19an, 19:00etan dokumentala aurkeztuko da, Soreasu antzokian. Dokumentalaren aurkezpenean herriko eragile eta danborradako ordezkariak eta protagonistak izango dira bertan, aforo mugatua baitago. Horregatik, online ere eskainiko da bai aurkezpen ekitaldia eta baita dokumentala bera ere. Egun eta ordu horretan soilik izango da sarean. Ondoren, urtarrilaren 20an 12:00etan, 16:00etan eta 19:00etan; 23an 19:00etan eta 25ean 19:00etan ere izango da ikusgai. Gonbidapenak ostegunean jarriko dira eskuragai. 

"Sansebastian bezperan, danborradarik izango ez bada ere, badugu danborra jotzeko motiboa. Urtez urte esan ohi dugu danborrada Azpeitiko festarik parte hartzaileneetarikoa dela, eta horren isla da 00:00etan plazak izaten duen irudia. Aurten, plazaren eta taldeen mugarik gabe, plazatik herriko auzo guztietara zabaldu nahi dugu danbor hotsa. 00:00etan, herri oso bat balkoietan danborra jotzen izatea nahi dugu. Jo dezagun danborra berdintasunaren alde", azpimarratu zuen Odriozolak. 

23:45etan jarriko da musika bozgoragailuetatik auzo eta kaleetan danbor hotsekin betetzeko. 00:00ak artekoa girotzeko danborradaren inguruko programa egingo dute UKTkoek eta Erlo telebistan eta Uztarrian izango da ikusgai.

Sansebastianak girotzen joateko, herritarrei balkoiak apaintzeko udalak sansebastianetako banderak eta apaingarriak jarri ditu Aitzaki eta Agirre dendan. Apaingarri horietaz gain, herritarrei beren apaingarri zein banderak egin eta balkoietan jartzera animatu dituzte herritarrak. Apaingarri horiekin batera, danborrik ez duenak txapak ere eskuragarri izango ditu, danborrik ez izatea ez dadin aitzakia izan ekimenarekin bat ez egiteko.



Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311