wrapper

Oharrak

Azpeitiko Udalak eguneroko kudeaketari erantzutearekin bat, begirada epe luzeagora jarri eta 2030ean nolako herria izatea helburu duen definitzea du helburu. Horretarako “Azpeitia 2030’ Plan estrategikoa osatzeko prozesua aurkeztu du. Plan horren helburua da, momentuko egoera kudeatzera mugatu ordez, denon artean, gaurtik, etorkizuneko denontzako Azpeitia eraikitzeko tresna edo bitartekoa sortzea.

Asmoa, indarrean dagoen 2013an osatutako plan estrategikoa hartu, berrikusi eta 2030. urtera begira berri bat osatzea da. Gairena, aurreko ekintza plana ere 2020. urtera artekoa da, eta momentu egokitzak jo du berritzeko. 2013An definitutako ekintzen errebisioa egin da eta betetze maila %60 inguruan dago; beraz esan daiteke baliagarria izan dela azken urteetan.

Momentu berezian hasiko da plana berritzen Udala: “Pandemiak hankaz gora jarri du mumdua. Behar bereziak sortu dira. Eta argi daukagu, lehenik eta behin, herritarrek dituzten momentuko behar horiei erantzutea dela udal honen lehentasuna. Baina, ezin gara momentuko egoerak itota gelditu, ezin gaitezke momentua kudeatzera bakarrik mugatu. Gaur hartzen ditugun erabakien araberakoa izango da biharko Azpeitia. Eta horregatik, beharrezkoa da ikuspegi luzeagoa ere kontutan izatea”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak.

Covid 19aren pandemiak krisi ekonomiko eta soziala ekarri ditu eta momentu zailak direla guztientzat gaineratu du: “Lehentasunak aldatu edota lehendik ere lehentasunezko beharrak zirenak areagotu direla esan genezake. Eta egoera honetan, are garrantzitsuagoa da ditugun baliabideak eraginkortasunez erabiltzea. Lehentasunak ondo definitu eta horiei erantzuten asmatzea”.

Mezu baikorra ere izan du alkateak: “Hemendik ere aterako gara. Guztiok batera eta osasuntsu ateratzea da helburua. Horretarako, denon ekarpena behar beharrezkoa izango da. Indarrak batzeko garaia da. Herri moduan daukagun onena emateko garaia. Inor atzean utzi gabe, Azpeitia eraikitzen jarraitzeko momentuan gaude”.

 

Plana osatzeko prozesua

Bi-hiru hilabeteko epean osatuko du Udalak Plan estrategikoa. Epe horretan, arduradun politikoen ikuspegiaz gain, udaleko teknikari, taldeetako ordezkari eta herritarren iritziak kontuan hartzeko dinamika desberdinak abiatuko ditu.

Plana osatzeko prozesua ez da hutsetik abiatuko; 2013an osatutako plan estrategikoaren lanketaz gain urteotako "esperientzia eta momentuko egoeraren diagnosia zehatza" izango direlako abiapuntu.

Datorren astetik azaroaren erdira arte, udaleko arduradun politikoen eta teknikarien artean egingo da plan estrategikoaren inguruko hausnarketa, alde batetik. Bestetik, berriz, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko 400 herritarri telefonoz eta galdetegi bat egingo zaie datorren astean hasita. Horren ostean, bi saioko jardunaldi batetan herriko eragile ezberdinetako kideekin landuko da plana.

Planari bukaera emateko, Azpeitiko eragile ezberdinen ekarpenak jasota udalbatzan eztabaidatu eta onartuko da Azpeitia 2030 plan estrategikoa.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information