wrapper

Oharrak

Azpeitiko Udalak 2021erako Ordenantza Fiskalen behin-behineko onarpena eman die gaurko plenoan. Udal Gobernuak datorren urteko tasa eta zergak izoztea eta orain artean indarrean dauden hobari guztiak mantentzea proposatu du, eta aho batez onartu da plenoan.


Covid19ak sortutako osasun eta ekonomia krisiak eragin zuzena izaten ari da herritar guztiengan; baita Udalean ere. “Bizi dugun egoera ezegonkor honetan, diru-sarrerak murriztu zaizkie herritar askori, eta aurreikuspenen arabera, egoerak ez du onera egingo. Beraz, egoerari erreparatuz, azpeitiarrei eta tokiko ekonomia eragileei laguntzen jarraitzeko asmoz, udal tasa eta zerga guztiak izoztea eta hobariak mantentzea erabaki dugu”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Udalak, azken urteetako kudeaketa arduratsu eta zorrrotzaren ondorioz, gaur gaurkoz badu nahikoa baliabide eta bitarteko zerbitzu publikoen eskaintza eta kalitatea bere horretan mantenduz esfortzu hori egiteko alkatearen arabera.


Herritar askoren egoera ekonomikoa egun batetik bestera aldatu eta okertu dela jakinik, Udalak datorren urtean tasa eta zergak bere horretan mantenduko dira: “Gaur egun bizi dugun errealitateak gerrikoa inoiz baino gehiago estutu behar izatea eragin digu”, zehaztu du. Hala ere, “herritarren arteko arrakala handitu ez dadin” lanean ari dela Udala azaldu du. Horregatik garrantzitsutzat jo du progresibitatearen printzipioa aintzat hartzea tasa eta zergak zehazterakoan.

2,5 milioi gutxiago
Udalaren diru-sarrera nagusia foru funtsa izan ohi da. Foru Aldundiak 2019an udalen ekarpena dagoeneko gutxitu du, eta aurreikusi baino 2,5 milioi euro gutxiago jasoko ditu. Horretaz gain, 2021. urtean ere, orain arteko iragarpenen arabera, foru funtsak jaitsiera izango du.

Foru Aldundiak Udalei “zuzenean murriztu” dietela hitzartutako kopurua eta horrek udalak “babesik gabe” utzi dituela azaldu du; “Udalak gara herritarrengandik gertuen gauden instituzioak; guk eskaintzen dizkiegu herritarrei eta okerren pasatzen ari direnei zerbitzu eta laguntza asko eta asko. Horregatik, udalei funtsa murriztu aurretik zergaren progresibitatea errenta edo ondare handietan aplikatzea aztertzea eskatzen diegu” .

Igerilekuko erabiltzaileei %25eko hobaria
2019eko martxoan alarma egoera ezartzearekin batera, udal kirol instalazioak itxi behar izan zituen udalak. Kirol Patronatuko erabiltzaileei alarma egoeraren ondorioz itxita izan den denboragatik konpentsazio gisa %25eko hobaria aplikatuko zaie urteko kuotan. Itxita izan den epealdian, zerbitzurik ez da eman; horren eraginez, hainbat gastu murriztu badira ere beste hainbat igo egin dira; garbiketa eta sorosleak, adibidez.

Beste bi egokitzapen ere egingo dira datorren urteko ordenantza fiskaletan. Alde batetik, igerilekuko abonuetako hobarietan ezintasuna duten pertsonen hobaria orokertu da eta bestetik, zur zoruaren okupazioaren tasan klausula bat jarri da, erabilpena ezin bada egin, alarma egoeran kasu, epealdi hori automatikoki ez ordaintzeko. 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information