wrapper

Diru laguntza deialdiaren bidez ezohiko egoera honetan zailtasun ekonomikoak dituztenak babestu nahi dira; COVID-19 gaixotasunaren harira sortu diren egoerei eraginkortasunez erantzuteko egokitzapenak egin dira deialdian. Nagore Alkorta Azpeitiko Alkateak adierazi du “egoera zail honetan herritarrak babestea eta duintasunez bizitzeko baliabideak eskura jartzea” nahi dutela: “Horregatik, azpeitiarren bizi kalitatean inbertituko dugu”.

Azpeitiko Udalak udal laguntzen deialdia argitaratu du, ekonomikoki egoera zailenetan dauden herritarrak babesteko. 2020ko ekitaldiko deialdia egokitu egin da, COVID-19 gaixotasuna dela-eta sortutako alarma egoerak behar berriak ekarri dituelako. Alarma egoerak irauten duen bitartean izandako diru-sarrerak izango dira kontuan dirulaguntza ebazterakoan, ikusi delako hainbat herritarren lan-egoera aldatu egin dela martxoaren 15ean alarma egoera ezarri zenetik.

Oinarrizko beharrei erantzuteko bideratuko da. Honako beharrak daude oinarrizko gisa zehaztuta, besteak beste:
• Alokairua ordaintzea.
• Elikagaiak erostea.
• Osasun eta farmazia produktuak eskuratzea.
• Ura, gasa, argindarra eta halako hornikuntzak finantziatzea.

Esan bezala, dirulaguntzaren onuradun izateko, nahikoa izango da alarma egoerak irauten duen bitartean baldintzak betetzea. Diru-sarrerena da baldintza horietako bat: pertsona baten kasuan eta hilabeteko, ezingo du 1.040,59 euro baino gehiagokoa izan; bi pertsonen kasuan, 1.335,40 euro baino gehiagokoa; eta hiru pertsonen edo gehiagoren kasuan, 1.478,11 euro baino gehiagokoa. Hala ere, jasotzen diren eskaera eta kasu guztiak banan-banan aztertuko dira.

Lerro horren bitartez, pentsio baxua duten adinekoei ematen zaien 1.080 euro arteko laguntza osagarria ere bideratuko da, baita adin txikikoen eskolaz kanpoko jardueretarako beka ere. Horrekin batera, gizarte larrialdietarako dirulaguntzak aurreratu, eta urteko lehen ordainketak egin ditu Azpeitiko Udalak.

Datorren astetik aurrera egin ahalko dira eskaerak Udalaren webgunetik modu telematikoan, zuzeneko arreta ere emango da, baina horretarako aurrez hitzordua hartu beharko da 943-15 71 92 edo 943-54 79 83 telefonoetara deituz.

Une bakoitzeko beharrei erantzuteko lanean

COVID-19ak ezohiko egoeran jarri du mundua. Gurean ere, birusak kutsatutako pertsonen gorakadak hainbat neurri hartzea ekarri du. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen arabera, egoera konplikatua da bizitzen ari garena. “Inork aurreikusten ez genuen egoera baten aurrean gaude. Egunez egun, orduz ordu, aldatzen da egoera, eta une bakoitzari ditugun baliabideekin ahalik eta modurik eraginkorrenean erantzuten saiatzen ari gara”.

Alkortaren arabera, argi dago herritar askoren bizi kalitatean eragin duela egoera honek: “Bereziki, lehendik ere justu zebiltzan horiek larrialdi egoeran aurkitzen dira; horiek babesteko baliabideak eta laguntzak jarri ditugu”. Egoera sozioekonomiko “ahul eta ezegonkorrari” erantzutea da helburua, eta hainbat azpeitiarrek bizi duten “larrialdiari” erantzuteko eta beraien bizi kalitatea “hobetzeko” laguntzak eskainiko ditu Udalak. Hori ahalbidetzeko, Azpeitiko Udala egoera ekonomiko “onean” dagoela esan du alkateak, azken urteetan egindako kudeaketari esker: “Egoera zail honetan herritarrak babestea eta duintasunez bizitzeko baliabideak eskura jartzea nahi dugu, horregatik, azpeitiarren bizi kalitatean inbertituko dugu”.

Zuzeneko harremana, neurri eraginkorrena

Gauzak horrela, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak jakinarazi du detektatua daudela “zaurgarritasun” egoeran bizi diren eta egoera ekononomiko “larria” bizi duten herritarren hainbat kasu, eta horiekin zuzenean harremanetan jarriko direla laguntza eskaintzeko. Bestetik, dei egin die zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrei udalera jo eta laguntza eskatzeko.

Goenagaren arabera, Gizarte Zerbitzuak indartu, departamentuaren lana berrantolatu eta egoera berrira egokitu du udalak. “Hasieratik, pertsona dependienteak izan dira gure kezka nagusia. Eta, une honetan, esan dezakegu beharrezkoak diren prebentzio neurriak hartuta, herritar horiei guztiei banan-banako jarraipena egiten ari garela”, nabarmendu du.

Gizarte zerbitzuetako batzordeburuak esan du krisi humanitario honen eraginak zabalak eta askotarikoak direla; eta, egoera honek, osasunari lotutako arazoez gain, bestelako arazo asko ere azaleratu dituela. Arazo horiek detektatzeko garaian “oso garrantzitsua” izan da boluntario moduan aritu diren herritarren lana: “Ez gara zain egon, boluntarioei esker, banan-banan deitu diegu egoera zaurgarrian egon daitezkeen 2.000 herritar baino gehiagori. Eta horrek, herritarrek bizi dituzten zailtasunen berri modu zehatz eta fidagarrian jasotzeko aukera eman digu”. Behar horiei erantzuteko lanean ari da udala.