wrapper

Oharrak

Udal Euskaltegiak ikasturte berrian euskara ikasteko saioak prest ditu. Hala, irailaren 20ra arte izena emateko matrikulazio epea zabalik dute euskaraz ikasi edo maila hobetu nahi duten herritarrek. Duela zenbait urte abian jarritako beka sistemaren bidez, euskara doan ikas daiteke Azpeitiko Udal Euskaltegian. “Euskaraz ez dakiten edo maila hobetu nahi duten herritarrak animatu nahi ditugu euskaltegira. Izan ere, herrian integratzeko eta gozatzeko aukerak irekiko zaizkie euskarari esker. Lagunarterako aukerak, lan aukerak, hainbat kultur adierazpenez gozatzeko aukerak… benetan leiho berri bat irekiko zaie, eta ezagutzen ez zuten mundu baten parte izango dira”, adierazi du Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak.

Euskaraz jakin arren, hobetu edo tituluren bat atera nahi dutenentzat, euskaraz ikasten hasiak direnentzat, lehen urratsak eman nahi dituztenentzat.... denentzat eta denetariko ikastaroak antolatuko dira aurtengorako ere. Maila guztietako ikastaroak, A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetako tituluak ateratzeko aukera ere eskaintzen da. Goiz, arrats zein gauez eskaintza zabala egiten da euskaraz ikasteko. Aurreko ikasturtean adibidez, 121pertsona ibili ziren Udal Euskaltegian euskara ikasten eta 12 talde osatu ziren; maila desberdinetako hamar talde urritik ekainera bitartean eta bi talde udan.


“Dagoeneko Hezkuntza Sailak ez du EGA azterketarako deialdirik egingo, baina argitu nahi dugu C1 maila dela EGA azterketaren baliokidea, eta maila horretako titulua ateratzeko bi deialdi izango direla”, zehaztu du Olatz Zabaletak, Udal Euskaltegiko zuzendariak. Azterketak izango dira, eta aukera paregabea dute herritarrek euskaltegian azterketa horietarako trebatzeko.

EUSKARAZ IKASTEA, DOAKOA
Duela zenbait urte jarritako beka sistemaren bidez, euskara doan ikas daiteke Azpeitian: "Badakigu konpromisoa eskatzen duela euskara ikasteak, eta bidea apurka egin behar dela. Horregatik, erraztasunak ematen saiatzen gara udaletik. Aurten ere, euskara ikasi nahi duten guztiek, maila guztietan, izango dute aukera doan euskalduntzeko, gutxiengo asistentzia bat betez gero. Euskara ikasteko bidean, herritarren ondoan egongo gara beti”, azpimarratu du Albizuk.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information