wrapper

Oharrak

Datorren astean ekingo diote Enparan Dorretxe aurrea eta ondoko zubia oinezkotzeko lanei. Obra horiek direla eta, aldaketak izango dira zubian: ibilgailuentzako sarrera Perez Arregi plazatik egokituko da obrak irauten duten bitartean, oinezkoentzat, aldika itxita izango da pasoa. 

Azpeitiko Udala Enparan Dorretxe aurrea egokitzeko obrekin hasiko da datorren astean. Obra honen bidez Enparan-dorretxe aurrea oinezkotu eta Zelai Luzerekin bat egitea da helburua. Hala, lurra altxatu eta adokinatu egingo da, Alde Zaharreko lurzoruaren itxura hartuz: "Liburutegia dago Enparanen, Alde Zaharreko irteera bat ere bada... Oinezko asko ibiltzen dira, baina aldi berean, ibilgailuak pasatzen diren gunea ere bada. Liburutegian herritar ugari ibiltzen dira, tartean ume asko, eta oinezkoek lehentasuna izatea ezinbestekotzat ikusten dugu. Alde Zaharra oinezkotu zenean, behin-behinean utzi zen gaur egungo egoeran, eta orain ingurua egokitu eta oinezkotuko dugu", adierazi du Aitor Bereziartua zinegotziak. 

Oinezkoak eta ibilgailuak pasatzen diren lekua izaten jarraituko du, "baina oinezkoek izango dute hemendik aurrera lehentasuna" azpimarratu du. Dorretxe aurrea eta zubiarekin batera, hainbat herritarrek eginiko eskari bati ere erantzungo zaio, dorretxearen eta Uroa ibaiaren arteko pasabidea konponduz: "Herritarrek hainbat eskari egin izan dizkigute pasabide hori konpontzeko eta konpondu eta irisgarri egingo dugu, espaloioa zabalduz. Hala, Enparan atzetik Julian Elorza hiribidera arteko harriak kendu eta gorde egingo ditugu, eta hiribideko lurzoruko baldosa berdinak jarriko ditugu.

Lehiaketa publikoa irabazi ondoren, Asfalados y construcciones Morga enpresak egingo ditu obrak. Urtea bukatzerako obra bukatuta izango dela aurreikusten du Udalak, eta 183.543,76 euroko aurrekontua du. 

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information