wrapper

Martxoaren 21ean, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Egun hori xenofobia, gertakari arrazistak eta horien iturburuak salatzen dira eguna izan ohi da Euskal Herrian zein nazioartean.

Gure gizartea ezin da ulertu aniztasuna aintzat hartu gabe, ezta ere kontuan hartu gabe urteetan zehar beste herri eta nazioetan jatorria duten euskal herritarrek gure herria eraikitzeko egindako ekarpenik gabe.

Aniztasun hori dela eta, edozein herritar diskriminatzeko saiakerek edo herritar horien eskubideak urratzeko edozein jarrera arrazistak beti izango ditu aurrean Udalaren erantzuna eta salaketa.

Egun honen harira, Azpeitiko Udalak honakoa adierazi nahi du:

1. Herrian bizi diren pertsona guztiak dira azpeitiarrak, edonon jaioak izanda ere.

2. Arrazakeriaren eta xenofobiaren kontra lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu; eta herritar guztion aukera berdintasuna eta ezberdin izateko eskubidea bermatzeko lanean jarraituko dugu.

3. Gure herria aniztasunetik eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, eta hori herritar guztiekin batera egingo dugu. Edozein dela ere bere jaioterria, eskubide guztiak aitortu eta behar adina bermatuz, nola politikoak eta zibilak, hala babes eta aterpe eskubideak, eskubide ekonomiko eta sozialak, kultur eskubideak eta hizkuntz eskubideak zein betebeharrak.

4. Azpeitiko Udalak lanean jarraituko du gure herriko eta Euskal Herriko jatorri eta kultura aniztasuna balore positibo gisa onartua izan eta gizarte kohesio bilaka dadin, bizikidetza bultzatzeko eta errazteko elkarren aitortzan eta errespetuan oinarritutako politikak sustatuz.

5. Gure determinazioari eutsiko diogu aniztasun, migrazio eta naziotasun politika propioak Euskal Herrian bizi garen guztion artean, nola kudeatu nahi ditugun erabakitzeko eta definitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Baita herri gisa hartutako erabakiak, arlo honetan ere, Estatu Espainol zein Frantsesari errespeta ditzaten eskatzeari ere.

6. Azpeitiko Udalak deia egin nahi die herritar guztiei Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, aniztasunetik ere, herri gisa erabakitzeko eskubidearen alde egiteko.

Bukatzeko, herriko hainbat eragilek egun honen harira antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia egiten die Udalak herritarrei; batez ere, martxoaren 21ean, 19:00etan, plazan, egingo den elkarretaratzearekin bat egiteko.