wrapper

Ba Atzo arratsaldean inauguratu zen Basazabal Jauregia. Herritar ugari bildu ziren inaugurazio ekitaldira, izan ere herri erdi-erdian izanagatik, herritarrentzat eraikin ezezaguna da. Atzo inauguratu ostean, asteburuan ate irekiak izango dira Zurbano Basazabal eraikinean, herritarrek eraikina goitik behera ezagutzeko aukera izan dezaten. 

Babestutako ondare historikoa da XV. mendeko eraikin zibila, eta eraberritze prozesua bukatuta, turismo eta formazio zerbitzuen eskaintza egingo du bertan Udalak. Eraikina berritzeko prozesua luzea izan da. 2014an hasi zen Udala eraikin horren eraberritzea eta edukia lantzeko prozesuan. Ordutik, diru-laguntza garrantzitsuak jaso ditu Udalak, eta Eneko Etxeberria alkateak ondoan zuen Denis Itxaso kultura diputatuari eta Eusko Jaurlaritzari eskerrak eman nahi izan zizkion. Eskerrak udaletxeko teknikariei ere eman zizkien, "laguntza guzti horiek lortzeko lan ona egin dugu, eta ez da kasualitatea laguntza garrantzitsuak lortzea". Formazioan, turismoan, zein hirigintzan lanean aritzen diren teknikariak ere eskertu ditu. Agustin Lizarralde ekonomia, merkataritza eta turismo zinegotziarentzat ere izan zituen esker hitzak. 

Formazioa ardatz

4 solairu ditu eraikinak: beheko solairua eta solairuartean turismoari bideratutako eskaintza izango da. Ondorengo solairuetan, tamaina ezberdineko gelak daude, formaziorako. "Hemen formaziorako pauso inportante bat eman dugu. Udala hainbat eragieren laguntzarekin, apustu estrategiko bat egiten ari da azken urteotan arlo horretan, UEU, EHU, DEusto eta Udalak berak antolatzen dituen ikastaroekin formazio eskaintza zabala egiten dugu. Uste dugulako formazioa dela etorkizuna hobetzeko tresna eraginkorrena", zehaztu  zuen Etxeberriak.

Aurreratu zuen, datozen egunotan, otsailaren hasieran, bi jardunaldi garrantzitsu izango direla Basazabalen, Bigdataren ingurukoa eta adinekoen bakardadearen inguruko ikastaroak izango dira Deustorekin elkarlanean antolatuta. Bertan maila handiko profesionalek hartuko dute parte. 

Turismoa, aberastasuna sortzeko

Udalaren aberastasuna sortzeko estrategiarentzat ere tresna izango da Basazabal. "Gurean turismoak ez du eragin negatiborik. Urte askoan datoz, gizaldietan bisitariak Loiolara, baina gero Loiolatik ez dira Azpeitira etortzen. Esango nuke, askok ez dakitela Loiola Azpeitian dagoeneik ere. Gure industriarentzat osagarri izango da eta komertzio txiki eta taberna eta jatetxeentzataukera", jarraitu zuen. 

Lehen inkunablea izan daitekeena 

Aurkikuntza baten berri ere eman zuen alkateak. "Historian, euskarazko lehen inkunablea, Bernart Etxeparek 1945ean idatziriko Linguae Vasconum Primitiae da. Eraikin honen bueltan, lanean, ordea, horren aurretik idatzirikoa izan dairekeen inkunable bat bilatu dugu. Martin Zurbano Tuyko obispoak idatzitakoa da 1516an. Aita Santuaren aurrean eginiko diskurtsoa da. Orain traskribatzen ari dira, eta euskaraz dagoela frogatzen bada, Etxeparerena baina zaharragoa izango da”, aurreratu zuen. 

Ate irekiak, asteburuan

Eraikina inauguratuta, asteburuan, ate irekiak egingo dira eraikinean, edonork ikusi ahal izan dezan. Larunbatean, 09:00tatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara izango da eraikina bisitatzeko aukera, eta igandean, 11:00etatik 14:00etara.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information