wrapper

kultura sub

Gaur eguerdian aurkeztu ditu Azpeitiko Udalak XXXIV. Antzerki Topaketak, antzerki munduko eragilez inguratuta. Eneko Etxeberriak Antzerki Topaketak egiteak atzean duen lan guztia azpimarratuz hasi du hitzartzea: "34 urtean topaketek iraun dezaten atzean lanordu asko daude. Urtero-urtero lan handia egiten da Euskal Antzerki Topaketak antolatzeko, eta eskerrak eman nahi dizkiet denei". Aurten, gainera, Udalak egindako esfortzua handiagoa izan dela ere salatu eta azpimarratu nahi izan du: "Aurten, 34 urtean lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzak ez du diru-laguntzarik eman topaketa hauek antolatzeko. Salatu behar dugu topaketak lagundu beharrean hiribururen batera bideratuko zutela laguntza. Baina Azpeitiko Udalaren apustua sendoa da, Antzerki Topaketak betiko indarrez egiteko apustua egin dugu, eta horrela jarraituko dugu egiten". Salaketa horrekin bat egin dute EHAZE eta Zestoako Interpretazio Zentroko kideek ere. Etxeberriak bukatzeko ikusleak izan ditu gogoan: "ikusleak dira hust egin izan ez duten bakarrak orain artean, eta aurtengoan ere horixe eskatu behar diegu antzerkizaleei; ez huts egiteko eta etortzeko Antzerki Topaketez gozatzera ".

Antzerki topaketak "euskara hutsean" egiten direla gogorarazi du Josu Labaka Kultura Batzordeburuak; "Antzerki topaketetan euskaraz eginiko kalitate handiko obrak izango ditugu beste behin herrian. Beste urte batez,  topaketekin euskal antzerkiari bultzada ematen saiatu gara" azaldu du.

Aurtengo berrikuntza gisa, sarrerak online salgai jarriko direla udal webgunean aurreratu du, bestela, orain arte bezala, takila obra hasi baino ordubete lehenago irekiko da. Ohi bezala helduek 5 eurotan eta 14 urte bitartekoek 3 eurotan eskuratu ahal izango dituzte.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea