Obrak ari dira bere azkenera iristen eta dagoeneko suma daiteke Txolarte taldeak Telefonikan izango duen egoitza nolakoa izango den. "Han mahai bat, hor atea, hori biltegia..." ederki irudikatu zuten atzo Txolarteko kideek eta Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak obren ondorena. 2021eko abenduan hasi ziren Telefonikako eraikina berritzen eta aurreikusitako epean, erabilgarri izango dute aisialdirako gune berria.
Gune berrirako aldaketa bi faktorek ekarri dute: Alde batetik, gaur egun lokala duten gunea, pixkanaka husten hasi da udala etorkizuneko adinekoen egoitza balioanitza egiteko prozesuaren baitan. Eta, bestetik, Txolartek bere aisialdiko duen gunera iristeko aldapa eta egoitza beraren zahartzea gehitu behar zaizkio. Obrak amaitzear direla izan dira bertan udaleko eta Txolarteko kideak eta gustura agertu dira emaitzarekin. Egoitza zabala, argitsua eta aukera desberdin ugari eskaintzen dituena da.
Obrak Iparragirre Eraikuntza enpresa ari da egiten eta 1.315. 523€ko inbertsioa egin du udalak eraikin osoa eraberritzeko.
Egoitzen xehetasunak
Atzegiko Txolarte aisialdiko taldearen egoitza berria eraikinaren beheko solairuan kokatuko da, Perez Arregi plazako eta Erdikale kalerako fronte osoa hartzen du eta 120 metro koadro ingurukoa da. Perez Arregi plazako sarrera nagusian du egurrezko ate ederra, sarrera gisa. Sartu eta alde batean (hego-ekialdean), sukalde-jangela izango du eta gainontzeko espazioetatik banantzeko aukera eskaintzen du, horrela nahi duten kasuetan. Erdikaleko frontean, egongela dago; proiekzioetarako gunea eta egoteko gunea izatea aurreikusten da bertan. Egongelaren espazio hori ere gainontzeko espazioetatik banantzeko modua izango da. Egoitzaren erdialdean, ate inguruan, mahaigunea kokatu dute, erabiltzaileen joku eta elkarbizitzarako eta gurasoen bileretarako aproposa izango dena. Gune nagusi horietako espaziorik ahalik eta garbien eta jarraiena bilatu da, banaketa elementu finkorik gabe eta garaiera erabilgarri ahalik eta handiena mantenduz.