17 txakolin upategi, 800 botila txakolin, herriko 4 gaztagile, 16 bildotsetatik ateratako 1.500 pintxo inguru... izango da zer jan eta zer edana larunbata eguerdian Perez Arregi plazan. 11:30etatik 14:30ak bitartean egingo da Txakolin Eguna. "Bertako produktuak ezagutu eta dastatzeko moduko eguna antolatu dugu", azpimarratu du Ibarzabalek. Jan edanaz gain, Aire ahizpen erromeriarekin alaituko da eguerdia.
Jatorri deiturarentzako plaza garrantzitsua dela adierazi du Ruth Mozok: "Kostan egiten ditugun Txakolin Egunez gain, barne aldean egiten ditugu gutxi batzuk, eta Azpeitiko da bat. Guretzat garrantzitsua da hemen egotea", adierazi du. Iazko uzta "ona" izan zela ere azpimarratu nahi izan du: "Hiru milioi eta laurehun bat botika txakolin inguru atera ziren. Aurtengo uztari hemendik hilabete barru antzemango diogu nolakoa izango den".
Berastegi baserriko Maria Luisa Alberdik beste hiru gaztagilerekin batera hartuko du parte larunbatean: "AZpeitian izaten ditugun aukeretan hemen izaten gara beti. Bai sagardo egunean, bai ardoarenean, bai txakolinarenean... gustura etortzen gara herrira gazta erakustera", adierazi du.
Larunbatean txakolina dastatu nahi dutenek honako upategietakoa izango dute aukeran: Agerre, Aizpurua, akarregi txiki, Amestoi, Arbela, Arregi, Basalore, Elkano, Flysch, Gaintza, Mokoroa, Rezabal, Roke Eizagirre, Txomin Etxaniz, Ulacia, Urkizahar eta Zudugarai.
Kopak eta 5 txartelek 5 euro prezioa izango dute.