wrapper

Gizarte zerbitzuak sub

Azpeitiko Udala auzotarrekin bildu da datozen hilabeteotan egingo diren eta lantzen ari diren proiektuak azaltzeko. Igogailutik azken etxe blokearen arteko zatia irisgarri bihurtzeko obrak hasiko dira, besteak beste abuztuaren bukaeran

Aranagoikoako irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko asmoz, eta auzotarrek egindako hainbat proposamen eta ekarpeni erantzun asmoz, auzorako hainbat proiektu landu ditu Azpeitiko Udalak. Horien berri eman eta datozen pausoen berri emateko bildu zen Aitor Bereziartua hirigintza zinegotzia auzotarrekin.

Arana eta Aranagoikoa lotzen dituen igogailua jarri ostean, bigarren fase batean auzo horretako 17 eta 19. etxe-atarien arteko irisgarritasuna hobetzeko proiektua egin du udalak. Obra horren bidez, azken blokera arteko irisgarritasuna hobetuko da. Obrak dagoeneko esleituta ditu udalak eta Art eraikuntzak egingo ditu, hiru hilabeteko epean, abuztuaren bukaeran hasita. Horretarako, 130.402,83€ko inbertsioa egingo du Udalak. Obra horretaz gain, auzo horretako 11. etxe-atari aurreko irisgarritasuna hobetzeko proiektua ere egiten ari dela eta laster bukatzea aurreikusten dutela aurreratu zuen udal ordezkariak.

Ur hoditeria eta espaloiak ere bai
Auzoan, ur hoditeriaren estoldura berritu beharra dagoela ere jakinarazi zuen, eta Ur kontsortzioarekin batera horretan hasiko direla jakinarazi zuen. Irailaren bukaera aldera ekingo diote obra horiei. Ur hoditeria berritzearekin batera, auzoa hobetzeko helburuz, auzoko espaloiak ere berritu eta irisgarritasun arauetara egokituko direla ere jakinarazi zuen. Obra horiek Udalak Ur kontsortzioarekin duen hitzarmenaren baitan egingo dira eta 445.744€ko aurrekontua izango dute. Behin obrak hasita, 3-4 hilabete beharko dituzte lan guztiak amaitzeko.