wrapper

Gizarte zerbitzuak sub

Errepide istripuren batean lesio larriak izan dituztenak,istripua jasan dutenen senitartekoak, DYA, suhiltzaileak, Udaltzaingoa, pilotu profesionak, Stop istripuak eta Errezilgo udal ordezkariak ondoan izan ditu gaur Azpeitiko Udalak gazteen artean abiaduraren inguruko grina apaltzeko eta errepidearen arriskuez sentsibilizatzeko kanpaina aurkezteko.

Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak azaldu ditu proiektuaren muina, eta nondik datorren: "Iazko urrian jarri zuten Errezilen abian 'Bizitzaz blai' egitasmoa, eta Azpeitian ere azken hamarkadetan dagoen kezkak bultzatuta galdezka joan ginen, gurean ere lantzeko. Abiadura eta istripuen gaia gure bailarari oso lotuta dago, eta gaiaren lanketa egiteko momentua zela iruditu zitzaigun". Inflexio puntu horretatik abiatuta, horrelako gai delikatu eta sentsiblea eragile ugarirekin elkarlanean abiatzeko bilerak egiten hasi zen Azpeitiko Udala.

Azpeitian motoa edo kotxea erabiltzeko adina duten eskualdeko ikastetxe nagusiak daude, eta horrek berak ere garrantzia berezia eman dio proiektuari: "Motoak edo kotxeak gidatzeko adinera heltzen diren eskualdeko gazte asko Azpeitiko ikastetxeetan biltzen dira, eta guk, adin horretako gazteengan eragin nahi dugu. Horixe da gure helburua, 14-18 urte bitarteko gazteei abiadurarekin duten lotura hori etetea ez bada ere apaltzea eta errepideak dituen arrsikuen inguruan sentsibilizatzea", adierazi du Elduaienek. Baina proiektua ez da ikasleengan bakarrik jorratuko. Apirilaren 4an Soreasu antzokian istripu baten estenifikazioa egingo dute ikasleentzat. Bertan istripu batean parte hartzen duten erakundeetako kideak izango dira, eta beraien testigantza emango dute. Saio horietara DBH 4 eta batxilergoko 400 ikasle joango dira. "Estenifikazio honekin ikasleengan eragitea lortu nahi dugu, ondoren gaia ikastetxeetan adituek gidatuta lantzeko. Ikasleengan zer pentsatua eragitea da asmoa", azpimarratu du Elduaienek. Ikasleekin egingo den lanketaz gain, gurasoekin ere abiaduraz eta bere arriskuaz aritzeko saioa egingo da. 

Errezilgo esperientzia abiapuntu

2015. urtea urte gogorra izan zen Errezilen, eta azken hamarkada osoa ere ez da xamurra izan. Hori dela eta, eta asko pentsatu eta landu ostean ekin zioten iazko urrian haurrekin gai hori lantzeari: "Zerbait egin beharra genuela ikusten genuen abiadurarekin batez ere mutil gazteek zuten grina apaltzeko", adierazi du Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak. Genero ikuspegiaren lanketa egin duela azpimarratu du. Gaztetxoen artean abiadurarako zaletasun hori apaldu edo lasai eta errepideak dituen arriskuak ikusarazteko lanean aritu dira: "Asko kostatu zitzaigun erabakia hartzea, baina herritar askok eskertu digute ekimen hau abian jartzea·, adierazi du. Azpeitiko Udalari ere eskerrak eman dizkio proiektu honetako parte egiteagatik, eta behar dutenerako ondoan direla adierazi dio. 

Errezilen bezala, haur eta gurasoen saioak Harremanak osasun zentroak landuko du gaia ikastetxeetan gazteekin eta gurasoen saioetan. "Errezilengo eskola eskola txikia da eta haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako haurrekin egiten dugu lanketa. Azpeitiko kasuan 14-18 urte bitartekoekin egingo da, eta hori bera pauso garrantzitsua da guretzat. Azaldu du Ana Elosegi Harremanokeko kideak. Istripuetan hildako eta zauritutako gehienak mutil gazteak izaten direla azpimarratu du, "horregatik, hezkidetza eta genero rolen lanketak egingo ditugu". 

Apirilaren 4an, istripuaren taularatzea

Apirilaren 4ean, 10:00etan eta 12:00etan izango dira istripuen taularatzeak. Bertan Udaltzaingoak, ertzaintzak, DYAk, medikuek... hartuko dute parte. Lanketa honetan Stop istripuak elkarteak esperientzia handia du, eta beraiek izango dira horren gidari. Elkarteko Rosa Trinidadek azaldu du 6-7 urte daramatzatela sentsibilizazio kanpainak egiten: "Autoeskoletan gidatzen erakusten digute, baina ez ditute erakusten errepideak eta batez ere abiadurak dituen arriskuak, eta guk horretan dihardugu", adierazi du. Egiten dituzten kanpainetan balorazio oso positiboak jasotzen dituztela azpimarratu du, eta Azpeitikoa abiapuntu bezala oso egokia dela iruditu zaio. Arrakasta, ordea, jarraipen egokia ematea izango dela gaineratu du. 

Ikastetxeetako gaztetxoentzat bada ere Soreasuko saioa, bertara etorri nahi duten herritarrek ateak zabalik dituztela ere adierazi du Elduaienek: "SAio bakoitzera 200 ikasle etorriko dira, beraz, beste horrenbeste leku gelditzen da etorri nahi duten guztientzat". 

Istripuak gertutik

Baina profesionalez gain, istripua izan dutenak eta senideak ere izango dira proiektuaren parte. Gaurko aurkezpenean istripuak izan dituzten edo familian izan dituzten hainbat izan dira agerraldian. arantxa Lizaso gaur aurkezpenean izan da, eta apirilaren 4an, Soreasun izango da bere testigantza ematen "beharrezkoa" iruditzen zaiolako. Bere semeak 17 urterekin Errezilgo festetatik etxera motoan zetorrela istripua izan zuen, eta ordutik gurpildun aulkian dago: "Bera gonbidatu zuten eta ez du nahi izan, niri beharrezkoa iruditzen zait horrelako zerbait egitea, eta ama bezala parte hartzea erabaki dut", adierazi du. 

Abiadura afizioa da, eta baita zenbaitentzat ofizioa ere. Azpeitian asko dira autogidari ibiltzen direnak lasterketetan. "Askotan gazteei kosta egiten zaie lasterketak eta eguneroko moto eta auto txofertzea desberdintzea. Guri ezinbestekoa iruditzen zaigu, eta guk ere parte hartu nahi izan dugu", adierazi du Jorge den Cid autogidariak. 

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea