wrapper

Euskara

Euskara azpeitiarron berezko hizkuntza da: herritarren % 83,6k daki euskaraz. Euskarak azpeitiar egiten gaitu eta azpeitiarron izanarekin erabat uztartuta dago: euskarak milaka urte egin ditu azpeitiarron artean.
Azpeitia euskararen arnasgune bat da, eredugarria euskararen normalizazioaren ikuspegitik. Gurean, normal-normal komunikatzeko erabiltzen dugu euskara: etxean, kalean, lagunartean, eskolan... Gurean, normaltasunez transmititzen da euskara belaunaldiz belaunaldi. Gurean, hizkuntza etengabe biziberritzen da.
Hizkuntza batek, biziko bada, nagusi den guneak behar beharrezkoak ditu. Eta euskara nagusi izango den lurgune hori sortu eta sendotzeko helburuz Azpeitia Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da 2008tik.
Azpeitiko Udalak Euskara Patronatua 1998an sortu zuen euskara Azpeitiko gizarte-esparru guztietara zabaltzeko: euskara ez dakitenei Udal Euskaltegiaren bidez euskara irakasteko, Azpeitiko enpresetan Euskara Planak egiteko, Udaleko langileak euskalduntzeko, etorkinei hizkuntza integrazioan laguntzeko...

Lankidetza eta bitarteko horien bidez, Azpeitiko Udalak lanean dihardu Azpeitia euskararen arnasgune izaten jarraitzeko, normalizazioan dauden hutsuneak irabazten joateko, eta noski, Euskal Herria euskalduntzean geure aletxoa jartzeko.

 

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea