Baguesek azaldu zuenez, argitalpen askotan Antxieta 1462an jaio zela jartzen duen arren, ikertzaile batzuek erakutsi dute hori ez dela egia, haren amari buruzko datu oker batek eragindako nahastea baizik, eta ez dago argi musikariaren jaiotze data zehatza. “1950eko eta 1960ko hamarkada artean jaio dela jarri dugu guk”.
Ikasketei dagokienez ere, baieztatutako daturik ez dagoela esan zuen Baguesek. “Orain uste izaten dugu gizon ospetsu batek leku ospetsu batean ikasitakoa izan behar zuela, baina bere garaian agian ez zen horrela. Oso normala zen nobleen etxe batean ikastea”. Antxietak eskuz idatzitako gutun bakarra aurkitu dute gaur egunera arte: “Asko idatzi da Antxietari buruz, baina ezagutzen ez diren datu asko daude oraindik”.
Bere bizitza profesionalari buruz, 1489an Elisabet Katolikoa erreginaren kaperako kantari izendatu zutela kontatu zuen Baguesek. “Lehena izan zen horretan”. 1495ean, berriz, haren semearen kaperako maisu izendatu zuten. “Gaztea zen printzea, eta ziurrenik musikalki garrantzitsua izan zen harentzat. Printzea hil ostean, haren emaztearen kaperako maisu izan zen”. Handik aurrera, beste hainbat lanpostu garrantzitsu izan zituen gorteari lotuta. 1523ko uztailaren 30ean hil zen Antxieta, Azpeitian.
"Aukera historikoa"
Eresbilen web-orrian Antxietari buruzko atal bat sortu dute, eta atari horretan bildu dituzten edukiei buruz aritu zen Leiñena. Besteak beste, haren biografia, lanak eta musika argitalpenak jaso dituzte.
Alberdik, berriz, antzinako musikari buruzko jaialdirik ez dagoela Gipuzkoan adierazi zuen, eta interesgarritzat jo zuen Antxietari buruzko ekitaldiek jarraipena izatea hurrengo urteetan ere. “Azpeitiak badauka ondare arkitektonikoa, eta baditu beste elementu asko ere bai Antxietaren musikari bai antzinako musikari balioa emateko. Aukera historiko bat dago”. Haren esanetan, musikaren mapa aldatzen ari da, eta etorkizunean herrietan eta gertuko inguruetan gertatzen diren gauzek garrantzi handia izango dute.
Ziklo bat, Antxietaren bueltan
Atzokoa ez da Joanes Antxietaren bueltan aurten egin den ekitaldi bakarra. Mendeurrena baliatuz, Azpeitiko Udalak, Donostiako Hamabostaldiak eta musika gustuko duten herritar talde batek sustatuta, ziklo bat ari dira egiten. Sanjoanetan, plaka bat jarri zioten Urrestillan; abuztuaren 18an, berriz, Urrestillan bertan, Joanes Antxietari buruzko kontzertua izan zen, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan.
Atzoko mahai inguruaren ostean, beste bi ekitaldi falta dira:
-
Azaroak 18: V. mendeurren kontzertua (1523-2023): Joanes Antxieta, Francisco de Peñalosa eta Juan de Urrede. 19:00etan, Frantziskanetako elizan. Parte hartzaileak: Vandalia ahotsak; Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Korua; Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatza; Azketa eta Parrokiko abesbatzak. Zuzendaria: Urko Sangroniz.
- Abenduak 16: Joanes Antxietaren sine nomine kontzertua. 19:30ean, Soreasu Sebastian Donearen parrokian, Antxieta ahots taldearen eskutik. Tipleak: Maider Biguri, Lucia Gomez, Isabel Lacar. Altoak: David Azurza, Larraitz Gorriño, Mario Hernandez. Tenoreak: Xabier Barriola, Iñigo Vilas, Jon Zaldua. Baxuak: Xabier Sarasola, Miguel Angel Segarra, Ander Simal. Organista: Loreto Fdez. Imaz. Zuzendaria: Oscar Rodriguez.