wrapper

2020/03/20

Udal zergen ordainketa atzeratuko da irailaren 15era

Gaur goizean egin den ez ohiko eta presazko plenoan, udal zergen ordainketa atzeratzea erabaki du Udalak aho batez. “Bizi dugun egoerak herritarrengan sor ditzaken zailtasunen jakitun, eta laguntza eskaintzeko helburuarekin, ordaintzeko epean dauden udal zergen atzeratzea erabaki dugu”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak.

Horretarako, 2020 ekitaldiko Zergen Egutegi fiskala aldatzea onartu dute. Hala, apirilaren 1etik maiatzaren 25era bitartean ordaindu beharreko trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga ordaintzeko epea irailaren 15era arte luzatu da. Horrekin batera, estalgarrien eta espazio publikoaren okupazioren inguruko tasen ordainketa ere irailaren 15era arte luzatu dute.

“Egoera zaila da, gogorra, kasu askotan, baina ezinbestekoa da prebentzio neurriak betetzea; etxean geratzea. Norbere osasunaz ari gara, eta guztion osasunaz ari gara. Orain, behin ere baino gehiago, denon artean prebentzio neurriak egoki betetzea lortu behar dugu, eta horretarako baliabideak jartzen eta laguntza eskaintzen ari gara Udaletik”, gaineratu du.

 Astelehenean familiaren zaintzarako, merkatari txikiek, ostalaritza nahiz antzeko establezimenduek alarma egoera dela eta izandako galerak arintzeko abian jarritako 600.000€ko dirulaguntzarako habilitaturiko kreditu aldaketaren berri ere ere eman da plenoan.

Plenoan ere prebentzio neurriak hartuko dira, eta legeak exijitzen duen gutxieneko parte hartzea izan da.