wrapper

2020/03/16

Bihar, baserritarren azoka bakarrik izango da, beharrezko prebentzio neurriak hartuta

Biharko asteartetako azokan aldaketak izango dira Koronabirusaren pandemiak eta ezarritako alarma egoera dela eta. Herritarrak jakiak erostea beharrezkoa dutela jakinik, baserritarren azoka egitea erabaki du Udalak. Hala, azoka plazan, bertako baserritarren azoka egingo da, 08:30etik 12:30era bitartean.

“Herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko ezinbestekoa da elikagaiak erostea. Ez du logikarik supermerkatu handiak irekita izatea eta baserritarren azoka ez egiteak. Ez da asteartetako azoka osoa izango, baserritarren azoka izango da”, adierazi du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak. Herritarrei “zentzuz eta arduraz jokatzeko” eskatu die, bai “azokara joaterakoan eta baita erosterakoan” ere.

Azokako prebentzio neurriak

Azokan baserritarrek zein ekoizleek neurri prebentiboak bete beharko dituzte. Hala, baserritarren arteko eta bezero eta baserritarren arteko tarteak mantenduko dira; eskularruak erabiliko dituzte baserritarrek eta erosketa batetik bestera eskuak desinfektatuko dituzte; eta produktuak baserritarrek bakarrik ukituko dituzte.

Azoka plazara erosketak egitera doazenak bakarka joan beharko dute, familia bakoitzeko bat; adinekoei ez joateko gomendioa egiten zaie (erosketak egiteko laguntza behar dutenek 943 54 943 54 79 83 eta 943 15 71 92 telefonoetara dei dezakete) eta haurrekin ez joatea gomendatzen du Udalak.