Itzulpen automatikoa / Machine translation

Alde zaharrerako esku artean dituen proiektuen berri eman du udalak

2024/09/27
Alde zaharrerako esku artean dituen proiektuen berri eman du udalak

Jendea auzora erakartzeko, auzotarrak eroso bizitzeko eta kaleetan mugimendua sortzeko hainbat neurria ditu martxan udalak; besteak beste, babestutako etxeak egingo ditu. Bideo batean bildu ditu proiektu horiek.


Alde zaharrak bizitza izan dezan, gauza bat dela “ezinbestekoa” esan du Nagore Alkorta alkateak: “Jendea bertan bizitzea”. Baldintza horren bueltan, hainbat neurri ditu martxan Azpeitiko Udalak, eta horien berri eman dute gaur goizean alkateak berak eta Joanes Amenabar eta Mikel Odriozola zinegotziek.

Proiektuetako batzuk dagoeneko amaituta edo martxan daude, eta zer puntutan dauden azaldu dute; beste batzuk, berriz, laster abiatuko dituzte. Hiru ardatzetan sailkatu dituzte: jendea alde zaharrera bizitzera erakartzeko neurriak, auzotarrak eroso bizitzeko neurriak, eta kaleetan mugimendua sortzeko neurriak.

Jendea alde zaharrera bizitzera erakartzeko neurriak:

• Erdikalean, bi bloke erosi ditu udalak: 13 eta 15 zenbakiak. Bota eta babestutako 12 etxe egingo ditu, hiru logelakoak, salmentara bideratuko direnak. Eraikinak botatzeko lanak lizitatuta daude, eta datorren astean obraren erredakzioa eta proiektuaren zuzendaritza lizitatuko dira.
• Elizkalean, lau bloke erosi ziten iaz udalak. Haietako bi botata daude dagoeneko, eta beste biak ere bota egingo ditu. Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena eginda, guztira alokairuko hamasei etxe egiteko aurreproiektua dago.
• Elizkalean bertan, aurten amaitu ditu adinekoentzako etxe tutelaruak. Gaur egun 16 pertsona bizi dira etxe horietan, banaka edo binaka.
• Buztinzuriko Errebalean, lau etxe tasatuen giltzak entregatuta daude.
• Santutxo ez da Alde Zaharrean sartzen, baina han ere babestutako 28 etxe egiteko proiektua martxan dago, eta egingo den urbanizazio lanari esker, bizilagunek inoiz baino errazago izango dute Done Jakue kalera jaistea. Iturri Txiki ondoan igogailu bat jarriko da, eta eremua irisgarriago eta erakargarriago bihurtuko da.

Auzotarren beharrei erantzuteko neurriak:

• Iraileko udalbatzarrean plan berezi bat onartu zen Alde Zaharra 1 izeneko hirigintza eremurako. Teilatuetan terrazak eraikitzeko, teilatupeetan etxeak egiteko, balkoiak ateratzeko nahiz etxe handiak bitan banatzeko aukera ematen du plan berezi horrek.
• Trasteleku komunitarioen proiektua martxan dago. Interesa dutenen zerrenda osatuta dago, eta urriaren 11ra arte jasoko dira lokal hutsen eskaintzak.
• Laguntzetan ere begirada berezia jartzen zaio alde zaharrari. Energia eraginkortasunari eta irisgarritasunari lotutako laguntzetan, partida berezi bat dago alde zaharreko fatxadak pintatzeko. Gazteei zuzendutako alokairurako laguntzetan ere diru gehiago jasotzen dute etxea Alde Zaharrean alokatzen dutenek, eta lokal hutsen alokairuko laguntzetan ere bai.

Kaleetan mugimendua eta giroa sortzeko neurriak:

• Erabiltzaile asko dituzten hainbat zerbitzu alde zaharrean jartzea bultzatu du udalak: iaztik, Telefonicako eraikinean daude euskaltegia eta Atzegi, Done Jakue kalean jarri du Energia Bulegoa, eta Soreasuko eraikinean hasi du ikasturtea Juan Antxieta musika eskolak. Kaleetako mugimendua bultzatuko du horrek.
• Goiko kalea 2 eraikina udalarena da; bota eta eraikin berri bat egingo da, udaletxeari atxikita. Beheko solairuan, herritarrentzako arreta zerbitzua jartzeko asmoa dago, irisgarriago izan dadin herritarrentzat.
• Alde Zaharrak alaitasuna transmititu nahian, Europatik jasotako laguntza bati esker, binilatu egin dira lokal hutsak.
• Liburutegi atzean egin den berdegunearekin, itzalpean eserita lasai egoteko gune bat irabazi du auzoak. Harrera ona izan du gune horrek.
• Frontoi txiki ondoan, espazio zabala geratu da, eta partaidetza prozesu bat jarriko da martxan udazkenean, Gure hori erabiltzen duten eragileekin eta auzotarrekin batera erabaki nahi da zer funtzio eman eremu horri.