wrapper

Ainhoa Caporossik aurkeztutako Kamineros boulder proiektuak eta Joseba Iztuetak, Ibon Mendiak eta Unai Cobosek aurkeztutako Izenik gabeko dorrea proiektuak bina mila euro jasoko dituzte.

 Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak ematen duten Joxe Takolo bekak bi saridun izango ditu aurtengoan: Ainhoa Caporossik aurkeztutako Kamineros boulder proiektua eta Joseba Iztuetak, Ibon Mendiak eta Unai Cobosek aurkeztutako Izenik gabeko dorrea proiektua.

Berdinketa teknikoa egon da bi proposamenen artean, eta beka bien artean banatzea erabaki du batzorde teknikoak. “Izenik gabeko dorrea proiektu indartsua, teknikoa eta zailtasun handikoa da”, esan du Ion Oteiza Azpeitiko Kiroletako Batzordeburuak, gaur goizean, bekaren ebazpenaren berri emateko egindako aurkezpenean. Kamineros Boulder, berriz, bailarari begira “balio handikoa” iruditu zaio batzordeari. “Oso interesgarria da proiektua, boulderrean ez dagoelako bideko eskaladan adinako informaziorik".

Kamineros eremuari buruzko krokis-liburua

Onuradunek beraiek eman dituzte proiektuei buruzko xehetasunak. Sorkuntza eta Diseinua gradua ikasi zuen Ainhoa Caporossi zumaiarrak, eta zientzien ilustrazioan espezializatu da. Mendi korrikalaria izateaz gain, mendiko eskia, alpinismoa eta eskalada ere egiten ditu. “Nire bi pasioak uztartuz, artea eta kirola naturan, Zumaia eta Getaria artean dagoen Kamineros eremuko boulder eskalada blokeak krokizatzeko liburu bat sortu nahi dut”.

Blokeak irekitzeko ahalegin handiak egin diren arren, dokumentazio aldetik hutsuneak daudela kontatu du. “Krokis-liburu zehatz eta eguneratu bat lagungarri izango da, bai eskarmentu handiko eskalatzaileentzat, bai kirol honetan hasi berriak direnentzat”. Ibilbideak irudikatzeko argazkiak erabiltzea izaten da ohikoena. Caporossik, ordea, eskuz egindako marrazkiekin osatuko du liburua. “Proiektuari balio estetikoa gehitzeaz gain, bloke bakoitzaren edertasun naturala eta berezitasuna nabarmentzen lagunduko du horrek”.

Proiektuaren lidergoa berak hartuko duen arren, blokeak ireki dituzten eskalatzaileekin lankidetzan aritu nahi duela gaineratu du; esate baterako, Esther Cruzekin, Eneko Carreterorekin, Xabi Uribeondorekin, Iban Urbietarekin eta Abel Armendarizekin. Proiektuan parte hartu nahi duten beste guztiek ere “ateak zabalik” dituztela esan du. Euskaraz egingo du liburua.

Bide berri bat, ipar aurpegian

Izenik Gabeko Dorrea proiektua Pakistanen gauzatuko dute Joseba Iztueta gabiriarrak, Ibon Mendia iruñarrak eta Unai Cobos ordiziarrak. “Azkeneko urteetan hainbat espedizio eta eskalada saio egin ditugu elkarrekin; iaz ere espedizio batean elkarrekin egon ginen Indian Ibon eta biok, eta proiektu hau ere hortik etorri da”, esan du Joseba Iztuetak. “Internet eta sare sozialetan dena dagoen garai hauetan, familia herentzia moduko bat da proiektu hau”.

Zerbait “teknikoa eta berria” nahi zuten, eta ezin egokiagoa iruditu zaie Nameless Tower (izenik gabeko dorrea). Ibon Mendiak osaba du Mikel Zabaltza alpinista, eta haren bidez izan zuten mendiaren berri. Pakistaten dago, Baltoroko bailaran, Himalaian. 6.300 metrora ez da iristen. “Bertan, bide bat baino gehiago daude, baina Mikel Zabaltzak, Antonio Aquerreta eta Fermin Izcok ireki zuten lehen bidea ipar aurpegian”. Intsumisoa izena jarri zioten. “Gerora, errusiar talde bat bakarrik pasa da. Beraiek ere bide berri bat ireki zuten paretaren erdira arte, baina handik gailurrera Intsumisoa bidetik iritsi ziren. Gure planteamendua beraz, pareta horretan bertan, independentea den linea berri bat irekitzea litzateke, hirugarren bat”.

Oporraldi nahiko gogorra izango dutela esan du Iztuetak, “eguzkirik ia ez dugulako ikusiko”. Ekainaren 21ean ateratzea dute buruan, eta 45 egun egingo dituzte han. “Denbora aldetik nahikoa izan behar luke, baina eguraldia ere ezegonkorra izango da, eta ea zenbat laguntzen digun”.