wrapper

EHUren udako ikastaroen barruan, Zaintza emozionalerako eredu berritzaileak tokiko administrazioen ikuspegitik. Azpeitiko esperientzia izeneko ikastaroa eskainiko du Azpeitiko Udalak. Uztailaren 16an eta 17an izango da, eta udaleko ordezkaritza zabalak parte hartuko du.

Gaur egin dute aurkezpena Nagore Alkorta alkateak, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Edurne Zubia Gizarte Zerbitzuetako arduradunak, Aloña Larrañaga Gazteria teknikariak eta Edurne Korta Hezkuntza teknikariak.

Udala “mimo handiz” ari dela ikastaroa prestatzen esan du Alkortak. “Zaintza emozionala ez da beste politika edo proiektu batzuk bezain ponpoxoa edo bistosoa, intangibleagoa da, egiten den lana ezkutukoagoa. Baina, zalantzarik gabe, udal honen lehentasunetako bat da”. Lehentasun horri lotuta, azken urteotan martxan jarritako zenbait egitasmo gogoratu ditu, hala nola 18 urtetik gorakoentzako psikologo zerbitzua, Gizarte Zerbitzuen eraikin berria, nerabe eta familientzako orientazio zerbitzua…

Ikastaroaren lehen egunean, Gizarte Zerbitzuen bidez prebentzioan egiten den lana izango da ardatz nagusia. Bigarren egunean, berriz, nerabezaroa landuko dute.

“Esango nuke irakastera eta ikastera goazela ikastaro honetara, ematera eta jasotzera”, esan du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Azpeitiko Udalaren programek interesa eragin izan dute beste administrazio publiko batzuetan, eta, alde horretatik, ikastaroa zaintza emozionalaren arloan aritzen diren profesionalentzat interesgarria izango dela uste du udalak. “Baina, esan bezala, ikastera ere bagoaz. Ikastera, alde batetik, etxekoengandik, udaleko lantalde zabalak parte hartuko duelako. Ikastera, herriko beste eragile batzuengandik. Eta ikastera, gugandik aparteko esperientzietatik”, zehaztu du Goenagak.

Ikastaroaren edukiak

Gizarte Zerbitzuek zaintza emozionalaren arloan egiten duten lana definitzeko bi hitz nagusi erabili ditu Edurne Zubia arduradunak: “prebentzioa eta koordinazioa”. Ikastaroan, martxan dituzten hainbat proiektu azalduko dituzte arduradunek, eta mahai inguru bat ere izango da, kasu praktikoak lantzeko: Udaltzaingoko, Osakidetzako eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkariek parte hartuko dute.

Ikastaroko bigarren eguna nerabezaroari buruz izango da, eta hezkuntza formala nahiz ez-formala hartuko dira kontuan. “Bi arloak jorratzea beharrezkoa ikusi dugu, nerabe batzuen jarrera, portaera eta jokabideak ez direlako berberak izaten bi eremuetan, eta bestetik, bi eremuak osagarriak direlako”, esan du Aloña Larrañaga Gazteria teknikariak. Besteak beste, hezitzaileen lanaz ariko dira. “Batik bat binkulutik egiten dugu lan, ez ditugu epaitzen nerabeak. Beraien etapa bitalarekiko ulerkorrak izanik, nerabea ulertzen dugu nerabezaroaren testuinguruan, bere zailtasun naturalekin”.


Hezkuntza formalari dagokionez, herriko hiru ikastetxeetako DBHko orientatzaileekin mahai-ingurua egingo da. “Ikastetxetan ongizate emozionalaren gaia nola lantzen den, zer baliabide dituzten, zer hutsune ikusten dituzten… galdetuko diegu”, zehaztu du mahai ingurua bideratuko duen Edurne Korta Hezkuntza teknikariak. Kanpoko esperientzia bat jasotzea ere egokia izan zitekeela ikusita, Kataluniako Sant Joan de Déu ospitaleak garatutako Henka programako ordezkari bat ere izango da ikastaroan. Prebentzioan eraginez, eta erresilientzia indartzeko jardueren bidez, ongizate emozionala sustatzea da Henka programaren helburua, eta 12 eta 25 urte bitarteko nerabe eta gazteei, familiei eta hezkuntza komunitateari dago bideratuta.

Ikastaroa amaitzeko, berriz, egunerako propio prestatutako antzerki bat eskainiko dute Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak.

Matrikulari buruzko xehetasunak

Matrikula egiteko bide arruntena EHUren webgunearen bidez da, uik.eus helbidetik. Hala ere, Azpeitiko Udalak prezio bereziak eskainiko ditu: matrikula Azpeitiko Udalaren bidez eginez gero, Azpeitian bizi direnek edo Azpeitiko anbulatorioan edo herriko ikastetxeren batean lan egiten dutenek 20 euro ordaindu beharko dituzte. 25 urte baino gutxiago izanez gero, doan izango da matrikula.

Azpeitiko Udalaren webgunean dago matrikulak egiteko esteka, edo bestela udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan ere egongo dira inprimakiak.

Bi modalitate egongo dira ikastaroa egiteko: aurrez aurre Donostiako Miramar jauregian edo online modalitatean. 20 orduren balio akademikoa izango du ikastaroak.

PROGRAMA OSORIK


Informazio gehiago