wrapper

Herritarrei nahiz herriko eragileei energiaren inguruko aholkularitza integrala emateko asmoz, energia bulegoa ireki du Azpeitiko Udalak. Done Jakue kalean dago, eta doako zerbitzua da.

Energia fakturetan agertzen den terminologia, oro har, ulergaitza izan ohi da herritar askorentzat, eta informazio falta hori muga bihurtzen da zenbait erabaki hartzeko orduan. Energia sektoreko teknologietan, legeetan, dirulaguntzetan eta abar ere berrikuntza handiak egon ohi dira, eta ez da erraza izaten horien berri izatea. Faktore horiek guztiak kontuan hartuz, udalak egoki ikusi du energia bulegoa irekitzea, aurrez etxebizitza bulegoarekin egin zuen bezala.

Energiari lotutako edozein zalantza argitzeko jo ahal izango dute herritarrek bulegora; esate baterako, honako kasu hauetan: fakturak ulertzeko laguntza behar dutelako, energia berriztagarriren baten proiektua finantzatzeko zer laguntza dauden jakin nahi dutelako, eraikinen birgaitze energetikorako eman beharreko urratsak zein diren ez dakitelako, auto elektrikoa erosteko egon daitezkeen laguntzen berri izan nahi dutelako…

Langile bat egongo da bulegoan, eta aurrez aurrekoa izango da zerbitzua, telefono deiei eta posta elektronikoei ere erantzungo dien arren. Hasieran behintzat, txanda bidez funtzionatuko du.

Ordutegia:
Astelehen, astearte eta ostiraletan: 10:00etatik 14:30era.
Asteazken eta ostegunetan: 17:00etatik 19:30era.

Harremanetarako eta txanda hartzeko:
Telefonoa: 943 119 806
Posta: Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.