wrapper

Azpeitiko Udalak lanaldi osoko hiru lanposturen eskaintzak egin ditu: energia bulegoko arduraduna, Ekoetxeko ingurumen hezitzailea eta turismo bulegoko harreragilea behar ditu. Interesa dutenek Lanbiden eman behar dute izena: apirilaren 7ra arteko epea egongo da ingurumen hezitzaile eta turismo bulegoko harreragile lanpostuen eskaintzetan eta apirilaren 14ra artekoa energia bulegoko arduradun lanpostuan.

ENERGIA BULEGOKO ARDURADUNA

Energia bulegoko arduradunari dagokionez, besteak beste, honako zeregin hauek izango ditu: dirulaguntza berriak identifikatu eta justifikatzea; komunitate energetikoari buruzko informazioaz eta bazkidetzaz arduratzea; energia fakturei buruzko informazioa eta aholkularitza ematea herritarrei; dirulaguntzak tramitatzea; birgaitze energetikoei buruzko informazioa ematea…

Lanpostuan aritzeko ezinbesteko baldintzak izango dira laugarren hizkuntza eskakizuna izatea (hautagai egokirik ez badago, hirugarrenak ere balioko du), berehala lanean hasteko prest egotea eta ikasketa hauetakoren bat izatea: Energia Berriztagarrien ingeniaritza, Ingurumen Zientziak, Ingeniaritza Elektrikoa, Enpresen Administrazioa, Zuzenbidea, Energia Berriztagarrien goi mailako prestakuntza zikloa edo antzekoren bat. Kontuan hartuko dira publikoari begira lan egin izana, jendaurrean aritzeko dohaina izatea eta ekimena eta erantzukizunak hartzeko gaitasuna izatea ere. Lanean hasteko aurreikusitako data apirilaren 22a izango da, eta soldata gordina 3.095 eurokoa. Gutxienez urtebetekoa izango da kontratua.

Lanbideko kodea: 162024003632

TURISMO BULEGOKO HARRERAGILEA

Azpeitiko turismo bulegora joaten diren pertsonei arreta ematea izango da turismo bulegoko harreragilearen funtzioa. Lanpostuan aritzeko, ezinbestekoa izango da turismoarekin lotutako ikasketak izatea eta euskaraz, gazteleraz eta ingelesez zuzen hitz egiteko eta ulertzeko gaitasuna izatea. Horrez gain, kontuan hartuko da frantsesa eta beste hizkuntza batzuk menderatzea eta turismoari, historiari eta ondareari buruzko ezagutzak izatea. Lanean hasteko aurreikusitako data apirilaren 12a izango da, eta soldata gordina 2.431 eurokoa. Irailaren 30era arte izango da kontratua.

Lanbideko kodea: 162024003635

EKOETXEKO INGURUMEN HEZITZAILEA

Ekoetxeko ingurumen hezitzailearen egitekoak honako hauek izango dira: Ekoetxearen eskaintzan barneratutako jarduera eta esperientziak azaltzea eta gidatzea etortzen diren talde edo norbanakoei; Ekoetxeko eskaintza eta esperientziak diseinatza Grothw metodologiaren bidez; asteburuetako ekintzak diseinatzea eta burutzea; jarduera memoriak idaztea eta estatistiketarako datuak biltzea, Ihobek antolatutako prestakuntza saioetan parte hartzea eta Ekoetxea Sarearen bileretan parte hartze aktiboa izatea.

Lanpostuan aritzeko, ezinbestekoa izango da hirugarren hizkuntza eskakizuna izatea eta Magisteritza, Pedagogia, Biologia edo Ingurumen Zientzien ikasketak izatea. Lanean hasteko aurreikusitako data apirilaren 10a izango da, eta soldata gordina 2.541 eurokoa. Baja luze batek sortutako hutsunea betetzeko izango da kontratua.

Lanbideko kodea: 162024003630

Zerbitzuetako koordinatzailea, izendapen aske bidez

Aldi baterako hiru lanpostu horiez gain, zerbitzuetako koordinatzaile plaza bat izendapen askez hornitzeko hautaketa prozesua ere matxan du udalak. Hautaketan parte hartzeko, ezinbestekoa da karrerako funtzionarioa izatea eta Batxiler titulua eta B motako gidabaimena edukitzea.

Gaur argitaratu da deialdia GAOn, eta hamabost egun balioduneko epea egongo da eskaerak aurkezteko.