wrapper

Azpeitiko Udalak 2017an onartu zituen aurrenekoz kultur sorkuntza bekak, eta urtez urte egitasmoa sendotzen joan da. Aurten ere 20.000 euro jarriko ditu artistek beren proiektuak sor ditzaten. Bi modalitate egongo dira: 12.000 euro bideratuko ditu kultur sorkuntzaren modalitatera eta 8.000 euro kultur sorkuntzako egonaldien modalitatera (4.000 euroko bi beka).

Beken helburua da kultur eremuren batean diharduten edo hasi nahi duten pertsona fisikoei kultur sorkuntza bat lantzen laguntzea. Artistaren irudimenetik eratorritako lanak bultzatu nahi dira; hau da, musika, pintura, eskultura, literatura obra, antzerki obra, zine obra, komikia, soinu konposizioa, ikus-entzunezko konposizioa, konposizio digitala, dantza edo beste diziplinaren batekin lotutako lanak egin ahal izango dira beken bidez. Apirilaren 18an amaituko da proiektuak aurkezteko epea.

Bete beharreko baldintzak

Beka lortu ahal izateko, beharrezkoa izango da eskatzaileak 16 urte baino gehiago izatea eta Azpeitiko Udalak dirulaguntzak emateko eratutako ordenantza arautzailearen 10. artikuluan eskatutako baldintzak betetzea. Kultur sorkuntzako egonaldien modalitatean, egonaldiak gutxienez sei astekoa izan beharko du.

Aldiz, beka ukatzea eragingo dute arrazoi hauek: ibilbide luzeko artista izateak (arlo jakin batean 5 urtetik gorako eskarmentua), kultur arloren batetik urtean 28.000 euro gordin baino gehiagoko diru sarrerak izateak, eskatzailea elkarte bat izateak, aurreko deialdietan sorkuntza bekaren onuradun izateak (proiektua diziplina berekoa bada) eta proiektuak indarkeria bultzatzeak edo indarkeria motaren bati apologia egiteak.

Webinarra eta banakako aholkularitza

Azpeitiko Udalak Kulturaz kooperatibaren laguntzarekin banatzen ditu sorkuntza bekak. Bekaren inguruko xehetasun orokorrak azaltzeko, webinar bat antolatuko du Kulturazek martxoaren 26an, 18:00etan. Horrez gain, banakako aholkularitza saioak egingo ditu apirilaren 3an (10:00-12:00) eta apirilaren 4an (16:00-18:00).

Bekaren oinarriei eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazio guztia lotura honetan kontsulta daiteke.

Sorkuntza Bekaren deialdia

Webinarrean eta aholkularitza saioetan parte hartzeko, beharrezkoa izango da izena ematea.

Iazko beken bidez sortutakoak, ikusgai

Iaz, bi egonaldi eta sei sormen prozesuri lagundu zitzaien sorkuntza beken bidez, eta martxoaren 9an aurkeztu zituzten beren lanak sortzaileek. Betharrameko erakusketa aretoan jarri dira ikusgai martxoaren 24ra arte.