wrapper

Azpeitiko herriak ez du indarkeria matxistarik onartzen. Horregatik, atzo gure herrian izandako sexu erasoen berri izan ostean, eta arreta egokia bideratu zaiela ziurtatu eta gero, Azpeitiko Udalak erabaki du inauterietako programazioa bertan behera uztea eta elkarretaratzera deitzea gaur, 18:30ean, plazan.

Azpeitiko Udalak bere gaitzespen gogorrena azaldu nahi du gure herrian gertatutako eraso horien aurka. Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, eta emakumeak kontrolpean eta mendean izatea da haren helburua. Indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edo azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Hau da, gizartean hain errotuta dauden generoen gaineko aurreiritziek eragiten dituzte halako ondorio larri eta tamalgarriak dakartzaten gertaerak.

Sexu erasoak emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa dira, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea. Era berean, garrantzitsua da nabarmentzea ez dagoela erasotzaileak definitzen dituen profil espezifikorik. Indarkeria eragiten dutenen ezaugarriak askotarikoak izan daitezke. Beraz, funtsezkoa da estereotipoetan edo orokortzeetan ez erortzea, horrek soilik arazoaren egiturazko izaeraren ulermena mugatzen baitu.

Erasoa jasan duten emakumeek guztion laguntasuna sentitu behar dute, ikusi behar dute guztion erantzukizuna eta ardura dela haiei laguntzea, eta erasotzaileei argi eta garbi azaltzea guztion artean mugatu egingo dugula beldurra hedatzeko estrategia horren ahalmena. Horregatik, Azpeitiko Udalak lanean jarraituko du, eta gaur bezala, aurrerantzean ere eraso oro gaitzetsiko dugu, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa emango diegu, eta prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraituko dugu.

Horrenbestez, Azpeitiko Udalak dei egiten die herritar guztiei ekitaldi horietan parte hartzera, indarkeria matxistaren aurka agertzera eta indarkeria horren biktimei bakarrik ez daudela adieraztea.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information