wrapper

Adinekoentzako etxe tutelatuak aurkeztu ditu Azpeitiko Udalak. Hamabi etxe dira, eta modu independentean baina, aldi berean, behar duten laguntza guztiarekin bizitzeko aukera emango diete adinekoi. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, Gizarte Zerbitzuetara jo behar da.

Nagore Alkorta alkateak, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eta Edurne Zubia Gizarte Zerbitzuetako arduradunak hartu dute parte, gaur goizean, Elizkaleko etxe tutelatuen aurkezpenean. Datu batzuekin azaldu du testuingurua Alkortak. Aurreikuspenen arabera, 2035. urtera bitartean, %7 haziko da Azpeitiko populazioa; adinekoen kopurua, berriz, proportzioan, askoz gehiago: %20 hain zuzen. Era berean, 2031. urterako, lau azpeitiarretik batek 65 urtetik gora izango ditu, hau da, adin horretatik gorako 3.900 bizilagun izango dira herrian.

“Testuinguru berri baten aurrean jartzen gaituzte aurreikuspen horiek, ez bakarrik zaintza aldetik, baizik eta beste arlo askotatik ere bai: etxebizitzen ezaugarriak, adinekoen aisialdia… Dena birpentsatu beharko da”. Udalak egoera demografiko berri hori baikortasunez eta erronka moduan hartzen duela nabarmendu du alkateak.

Gaur egun ere, hainbat baliabide eskaintzen dira adinekok ahalik eta bizi kalitate onena izan dezaten: etxez etxeko arreta integrala, eguneko zentroa, esku artean du egoitza berriaren proiektua ere... “Eskaintza horren barruan, beste aukera bat izango dira gaur aurkezten ari garen adinekoentzako etxe tutelatu hauek. Uste dugu aukera oso interesgarria direla, besteak beste, bakarrik bizi nahi ez dutenentzat edo beren etxeetan oztopo arkitektonikoak dituztenentzat”.

Biziberri, bizi proiektu baten parte

Biziberri izena dute etxeek. Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuaren esanetan, zahartzaroa ere bizi proiektutzat hartzea gakoa izango da etorkizunean, eta bizi proiektu horri begira, aukera interesgarria izango dira Elizkaleko etxe tutelatuak. “Herriaren erdigunean daude etxeak. Bertan biziko diren adinekoak herriko komertzio eta azpiegitura gehienetatik gertu biziko dira, baita beren familia, lagun eta ingurune naturaletik gertu ere, gainera, etxe normal batzuetan, beste etxeak bezalakoak baitira”.

Modu independentean bizitzeko aukera ematen dute etxeek, baina egunero gizarte langle bat egongo da hiru orduz, astean bitan psikologo bat joango da eta garbitzaile bat ere egongo da. Asteburuetan ere izango dute laguntza han bizi direnek.

Aipagarria da etxeen beheko aldean gune komunitario bat jarriko dela. Bertan bizi direnek ez ezik, gainerako herritarrek ere erabili ahal izango dute, han jarriko diren zerbitzuei esker.

Diru sarreren araberako ordainketa

Edurne Zubia Gizarte Zerbitzuetako arduradunak azaldu duenez, gizarte zerbitzuetan ikusten dutenaren arabera, “zainduta egotearen sentsazioa” nahi izaten dute adinekoek, eta hori bermatzen dute etxeek.

Hamabi etxebizitza dira: logela batekoak dira lau eta bi logelakoak zortzi. Etxe guztiek dute beren sukalde eta egongela, komuna eta trastelekua. Gehienak ezinduentzako egokituta daude, eta beharrezko ekipamendu guztia dute: sukaldea guztiz jarrita, altxatzen den ohea, telealarma… Era berean, ordea, bakoitzak bere erara apaindu ahal izango du, bere etxea izango delako. Etxeak ez dira epe jakin baterako izango, baizik eta mugarik gabe esleituko dira.

Prezioei dagokienez, bakoitzaren diru sarrerak hartuko dira kontuan. Pertsonako 600 eurokoa izango da hileko kuota banakako apartamentuetan; kuota minimoa, berriz, 300 eurokoa. Bi logelako apartamentuetan, berriz, pertsonako gehienezko kuota 390 euro izango da, eta gutxienekoa 195 euro. Prezio horretan sartuta egongo dira argindarra, ura, wifia, eremu komunen garbiketa, etxeko elementuen mantenua eta hiru hilean behingo garbiketa orokorra, baita gizarte laguntza eta gainbegiraketa ere.

Martxoan, ate irekiak antolatuko ditu udalak etxeak ikusi nahi dituzten herritar guztientzat.

 Izena eman ahal izateko baldintzak.

• 65 urtetik gorakoa izatea.
• I. graduko mendekotasuna edukitzea
• Etxe baten beharra izatea (adibidez, norberarenak ez duelako igogailurik)
• Laguntza behar izatea harremanei lotutako trebetasunetan.
• Azpeitian egotea erroldatuta
• Udal gizarte-zerbitzuek egokitasunari buruz emandako aitorpen teknikoa izatea.
• Osasun sailen laguntza beharrik ez izatea.
• Infektatzeko edo kutsatzeko arriskua duten gaixotasunen bat edo arazo mentalen bat izanez gero, jaso beharreko tratamenduari uko ez egitea.
• Jokabideari lotutako nahasmenduak izanez gero, horiek ez ekartzea arriskurik langileentzat edo gainerako etxeetan bizi direnentzat.

 

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information