wrapper

Alaitasuna, kolorea eta irudimena zabaltzen duen festarik baldin bada, hori karnabalak dira Azpeitian. “Urtez urte data aldatzen zaien festa bakarrak dira, eta, esango nuke, urtez urte gehien aldatzen diren festak ere baietz; izan ere, herritarrek gero eta ahalegin handiagoa egiten dute mozorroak prestatzen, eta, horri esker, ikusmin handia sortzen da kalean”, esan du Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak.

Egitarau zabala prestatu du aurtengoan ere udalak. Berrikuntza nagusi bat egongo da: Astelehen Karnabalean, ohi baino ordu erdi lehenago izango da mozorro lehiaketako sari banaketa, 23:30ean hain zuzen. "Kalera goizetik ateratzeko ohiturak indarra hartu du; horregatik erabaki dugu aurreratzea.  Sari banaketaren ondoren, DJ festak jarraituko du".

Lehen ekitaldiak, asteburuan

Girotzen joateko, asteburu honetan izango dira lehen ekitaldiak: larunbatean, kaldereroak ibiliko dira kalez kale eta Leon Benaventeren emanaldia izango da Sanagustin Kulturgunean; igandean, berriz, udal musika bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak, banda gazteak eta Antxieta musika eskolako abesbatzak inauterietako kontzertua emango dute.

Datorren aste hasierako egunetan indarrak hartu ostean, ostegunetik aurrera lehertuko da festa. Egun horretan, Kantujira taldekoek eta udal musika bandakoek kalejira egingo dute; ondoren, Kantatu-Dantzatu-Dibertitu emanaldia izango da Sanagustinen. Ostiralean, otsailak 9, Euskal Inauterien jaialdia egingo dute Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibako ikasleek.

Eleganteen pasiera eta mozorroak

Ohi bezala, igandeko (otsailak 11) Txikiteo Elegantea eta Astelehen Karnabaleko (otsailak 12) mozorro festa izango dira jaietako egun handiak. Aurten ere, traje, karro eta bururatutako bestelako elementu ikusgarri ugarirekin aterako dira kalera herritarrak, eta mozorrorik onenek saria izango dute: banakoetan, 200 euro irabaziko ditu lehen sarituak, 150 euro bigarrenak eta 100 euro hirugarrenak. Taldekakoetan, 800 euro izango dira irabazlearentzat, 700 euro bigarrenarentzat, 500 euro hirugarrenarentzat eta 300 euro laugarrenarentzat.

 

EGITARAUA OSORIK

 

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information