wrapper

Herrian dagoen kirol eskaintzaren erakusle dira gaur (abenduak 16) banatutako Urteko Kirolaria sariak. Sanagustin kulturgunean izan da sari banaketa, eta han izan dira herriko hainbat eta hainbat kirol taldetako ordezkariak.

“Kirol mordoa egiteko aukera dago Azpeitian, eta hori, neurri handi batean, jende asko eta askoren borondatezko lanari esker da”, esan du Ion Oteiza Kirol batzordeburuak. Eskerrak eman dizkei haiei guztiei. “Orduak eta orduak eskaintzen dituzue, eta lan hori askotan ikusezina den arren, ezinbestekoa da taldeek aurrera jarraitzeko”.

Era berean, azken urteotan emakumeen kirolak izandako gorakada ere pozgarria dela nabarmendu du. “Udalari dagokionez, kalitatezko azpiegiturak eta baliabideak jartzea dagokigu, eta ari gara horretan. Datorren urtean, adibidez, padel eta tenis pistak estaliko ditugu, eta beste proiektu batzuk ere baditugu esku artean”, azaldu du Oteizak.

Hiru sari nagusi banatu dira gaur: Urteko Kirolaria gizonezkoen eta emakumeen kategorietan eta Urteko Boluntarioa. Ekitaldia gidatu duen Koldo Aldalur kazetariak eman ditu bakoitza saritzeko arrazoiak:

  • Urteko Kirolaria gizonezkoetan: Ibai Angulo mendi lasterkaria

"2022an lortutako palmaresari esker, 2023an Domusa Teknik Team taldeko partaide da, eta lorpen hauek izan ditu aurten: Kilimon Trailean, distantzia motzean, irabazle; Euskal Herriko kilometro bertikaleko txapeldun, junior mailan; Travessa d’Encampen, txapeldun; Mendi Lasterketako Euskal Herriko kopan, txapeldun, junion mailan; eta Zumaia Flisch Trailen, txapeldun".

  • Urteko Kirolaria emakumeetan: Elene Viles futbolaria

"Lagun Onak futbol taldeko harrobiko jokalari izanik, Errealera joan zen 2017-2018 denboraldian. Errealaren talde guztietan nabarmendu da erdilari azpeitiarra, eta horrek eraman du 2023-2024 denboraldian Errealaren emakumezkoen lehen mailan jokatzera".

  • Urteko Boluntarioa: Joxean Araneta Lagun-artea eskuderiaren sortzailea

"Lagun-artea eskuderiaren sortzailea izan zen, eta 1990etik gaur egunera arte lasterketa ugari antolatu ditu Azpeitian. Euskal Herrian ere ezaguna da, automobilismoa sustatzeko egindako lanagatik. Aurten, abiadura probak antolatzeari utzi dio, eta klubaren eta herriaren aintzespena ondo merezita dauka urte hauetan guztietan egindako lanagatik".

Taldekoargazkia

Hainbat hautagai

Gainerako hautagaiek ere jaso dute garaikur bana. Honako hauek ziren:

Urteko Kirolaria (gizonezkoak):
1. Andoitz Garmendia, karatean (Azpeitiko Karate Elkartea)
2. Jokin Artetxe, esku-pilotan (Ilunpe Pilota Elkartea)
3. Mikel Olaizola, saskibaloian (Iraurgi Saskibaloi Taldea)
4. Jari Arellano, futbolean (Ikasberri Kirol Elkartea)
5. Miguel Angel Gomez, xakean (Xaputarrak Xake Taldea)
6. Enaitz Odria, skatean (Arauntza Riders Kirol Elkartea)
7. Aratz Odriozola, igeriketan (Izarraitz Igeri Elkartea)
8. Erik Leon, judoan, (Kodaore Judo Elkartea)
9. Manex Beristain eta Manex Cortes, arrantzan
10. Jakes Aranbarri, futbolean (Lagun Onak F.T.)
11. Jon Irulegi, txirrindularitzan (Lagun Onak T.E.)
12. Joxe Labaka, automobilismoan (Lagun-artea Eskuderia)

Urteko Kirolaria (emakumezkoak):
1. Maria Otaegi, saskibaloian (Iraurgi S.B.)
2. Amane Jimenez, Ainhoa Segurola, Leire Ibar eta Mirian Garagartza, aurraunean
3. Maren Uria eta Ane Sorazu, gimnasia erritmikoan (Loretoki Gimnastika)
4. Janire Carmona, judoan (Kodaore)
5. Eneritz Aramendi, atletismoan (Xeye Atletismo Taldea)
6. Uxue Etxeberria, igeriketan (Izarraitz Igeri Elkartea)

Urteko Boluntarioa:
1. Christian Murillo (Azpeitiko Karate Taldea)
2. Jexux Larrañaga (Iraurgi Saskibaloi Taldea)
3. Dani Garcia (Ikasberri Kirol Elkartea)
4. Alejandro Monasterio (Xaputarrak Xake Taldea)
5. Amets Amubieta (Arauntza Riders)
6. Alex Etxeberria (Izarraitz Igeri Elkartea)
7. Valentin Odriozola (Lagun Onak F.T.)