wrapper

 Atzo, abenduak 12, ohiko udalbatzarra egin zuen Azpeitiko Udalak, eta, 2024ko aurrekontuak onartzeaz gain, pentsioen inguruko bi mozio eta Sarek aurkeztutako mozioa onartu zituzten.

Euskal Herriko Pentsiodunen mugimenduak “pentsio duinen alde” aurkeztutako mozioa bozkatu zuten aurrena, eta EH Bilduko zinegotzien aldeko botoarekin eta EAJko zinegotzien abstentzioaren onartu zuten. Besteak beste, pentsiodun guztiek gutxienez 1080 euroko diru sarrerak (14 ordainsaritan) izatea bermatzea eskatzen zuen mozio horrek.

Gai beraren bueltan, mozio propioa aurkeztu zuen EAJk. Javier Altunak esan zuen ez zutela babestu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako mozioa pentsioen inguruko eskumena Espainiak duelako, eta, Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek gutxieneko pentsioak osatzeko egindako lanagatik, “Europako estandarrak” betetzen direlako. EAJko zinegotziek bozkatu zuten alderdi horrek aurkeztutako mozioaren alde, eta EH Bildukoak abstenitu egin ziren.

Atzoko hirugarren mozioa Sarek aurkeztutako Konponbiderako giltzak izenekoa izan zen. Besteak beste, udalari eskatzen zion Gabonetako ekintzekin eta urtarrilaren 13ko manifestazioarekin bat egiteko. EH Bilduko zinegotziek bozkatu zuten alde, eta abstenitu egin ziren EAJkoak.

Bestea hainbat puntu, berriz, aho batez onartu zituzten; besteak beste, Azpeitiko Udalaren eta Zabaltzen-Sartu Kooperatiba Elkartearen lankidetza hitzarmenaren luzapena eta Azpeitia Berritzenek Elizkalea 20-22 eta Goikokale 1 eraikinen lagapena egitea udalari.