wrapper

Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Azpeitiko Esklabak komentu zaharrean gazteentzako 48 zuzkidura-bizitoki alokairuan esleitzeko prozesua hasteko agindua. Izena emateko epea asteazken honetan (azaroak 22) hasiko da, eta abenduaren 5era arte egongo da zabalik. Kontuan hartu behar da dagoeneko Etxebideren alokairu-araubideko eskatzaileen erregistroan alta emanda daudenek bakarrik eman dezaketela izena Esklabetako zuzkidura-etxeetan.

Azpeitian edo Urola Kostako eremu funtzionalean egon behar da izena emanda: Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Aginduak beste eskakizun hauek ere jasotzen ditu: bizikidetza-unitateak gehienez hiru kidekoak izatea; inskripzioaren titularretako bat gutxienez Azpeitian erroldatuta egotea; eta horietako bat gaur egun 36 urtetik beherakoa izatea. Arlo ekonomikoari dagokionez, aginduak ezartzen du 2022ko ekitaldian 3.000 eta 42.315 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak eduki behar direla eta ez dela etxebizitzarik jabetzan, azalera-eskubidean edo gozamenean izan behar.

Gehienez, bost urterako

48 zuzkidura-bizitokien artean (horien eraikuntza aurreratuta dago), mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokitutako bi logela daude. Gainerako 46etatik 29 logela bakarrekoak dira, eta 17 bi logelakoak. Bizitokiak komentuaren ekialdean daude, 7.951 metro karratuko espazio batean, eta apartamentuak beheko, lehen eta bigarren solairuetan daude banatuta. Gehinez bost urterako izango dira esleipenak, eta hileko kanon bat ordaindu beharko da. Kanon hori esleipena egiten zaienen diru-sarrera haztatuen %30 baino txikiagoa izango da.

Eskakizunetako batzuk, hala nola gutxieneko diru-sarrerak edo Azpeitian edo Urola Kostan erroldatuta egotea, ez dira aplikatuko mugikortasun urria duten pertsonen edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen kasuan.

Interesdunek aukera hauek dituzte eskabidea tramitatzeko: Azpeitia Berritzenen bulegoan; Etxebideren webgunearen bidez; presentzialki, aurretik zita eskatuta, Zuzenean zerbitzuko bulegoen bidez; edo posta arruntaren bidez, Gipuzkoako Etxebizitza Ordezkaritzara zuzenduta.

Azpeitiko Esklabak eraikinarena zuzkidura-bizitokien sustapena da, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Euskadi osoan abian jarritako lan-ildo baten barruan kokatzen da, Euskadiko udalerrietan erabiltzen ez diren eraikin bereziak baliarazteko eta haiek alokairu eskuragarriko etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki bihurtzeko. Proiekturako, Sailak sei milioi euro inbertitu ditu herriko Udalak doan lagatako eraikina birgaitzeko.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information