Harrera beroa egitasmoari, Azpeitian
Azpeitian, atzo arratsaldean aurkeztu dute egitasmoa, Sanagustin kulturgunean egindako ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Leire Sarasua Hezkuntza zinegotzia, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Iraitz Lazkano UEMAko jarduneko lehendakaria, Amelia Barquin eta Karmele Perez HUHEZIko irakasleak, eta Azpeitiko eskoletako zuzendariak, gurasoekin eta herriko beste hainbat eragilerekin batera.
Lehenago, egun hauetan, UEMAk herriko ikastetxeetako irakasleei eta herriko hainbat eragileri aurkeztu die ekimena, oinarriak eta ikasturtean zehar emango dituzten urratsak azaltzeko, eta ekimenak interes handia sortu du hezkuntza-komunitatean eta herriko hainbat elkartetan. Horren erakusle izan da gaur Sanagustin kulturgunean bildu den jendetza.
Sarasuak egitasmoan parte hartzen ari diren ikastetxe, eragile irakasle eta gurasoei eskerrak eman nahi izan dizkie bere hitz hartzean: "Eigtasmo hau herri mailan zabaldu behar dugu, eta horretarako hezkuntza komunitatea zarete giltza. Beraz, aurrera batera egin beharra daukagu":
Iraitz Lazkano UEMAko jarduneko lehendakariak nabarmendu duenez, gaurkoa “egun berezia” da UEMArentzat. Izan ere, UEMAk egitasmo hau dagoeneko beste udalerri batzuetan landu badu ere, “lehen aldiz, bost hezkuntza zentrorekin eta herriko hainbat udal zerbitzu eta eragilerekin abian jarriko dugu, eta egiteko, pentsatzeko eta izateko modu hau Azpeitia osora zein UEMAko gainontzeko udalerrietara zabaltzea da asmoa”.
Lazkanok gogoratu duen moduan, “udalerri euskaldunak babestea eta zabaltzea da UEMAren helburua. Horretarako, oso garbi dugu Euskal Herritik kanpoko bizilagunak eta haien kulturak ere kontuan izan behar ditugula. Elkarrekin lan egin behar dugu euskararen alde. Euskara erdigunean jartzea da gure helburua, eginkizun guztiak euskaraz egitea eta euskaraz bizitzea. Baina euskaraz ez dakiten pertsonekin ere konpartitu nahi dugu helburu hau, haien bizipenak eta beharrak ere kontuan izanda. Horretan ari gara eta horretan jarraituko dugu, benetan sinesten dugulako udalerri euskaldunak erabakigarriak direla hizkuntzaren normalizazioan, eta Azpeitia bezalako udalerrietan erakutsi dezakegula posible dela euskaraz bizitzea”.
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, berriz, udalerri euskaldunetan eta arnasguneetan euskararen inguruan ekimen eredugarriak sortzeak duen garrantzia aipatu du, "horietatik gero besteetara zabaldu ahal izateko". Dobaranek ekimen honetan sinetsi eta parte hartu duten erakunde eta eragile guztiak eskertu ditu, bereziki hezkuntza komunitatea nabarmenduz: "Giltzarriak zarete hizkuntzaren inguruko erronkei aurre egiteko ere". Horregatik, hezkuntzako eragileen eta batez ere gurasoen parte-hartzea eskertu du.
Beste lurraldeetatik Azpeitira etorritako gurasoen jarrera eskertu nahi izan du batez ere: "Gure hizkuntzarekiko errespetua erakusten diguzue eta guk zuen hizkuntzetara gerturatu nahi dugu. Arnasguneei ekarpena egiten diezue eta hizkuntza gutxitu batean bizitzeak dituen zailtasun handiei aurre egiteko erronkei elkarrekin erantzungo diegu". Egitasmoak honek hainbat helburu eta balore uztartzen dituela ere adierazi du: "kohesioa, errespetua, eskertzea…". Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzari horrelakoak indartzea eta laguntzea dagokiola nabarmendu du, horrelako ekimen eredugarriak beste herrietara zabal daitezen.
Bide berriak bilatzen, “euskara zubi eta helburu hartuta”
Egitasmoaren nondik norakoak, berriz, HUHEZIko Amelia Barquin eta Karmele Perez irakasleek azaldu dituzte. Aipatu dutenez, HUHEZIrentzat “erronka bat izaten ari da ibilbide hau. Erronka bat izan da azken bi ikasturteetan egitasmo hau, UEMArekin batera, zazpi udalerri txikitan martxan jartzea, eta erronka bat da orain Azpeitia bezalako udalerri batean egitea”.
Ekimenaren oinarriak zein diren eta ekimena nola landuko duten azaldu dute ondoren. Lau oinarri nabarmendu dituzte: “Euskaraz bizitzea; euskara ez dakiten gurasoen ulermena eta parte-hartzea bermatzea, haien seme-alaben integrazioa helburu hartuta; euskaraz dakiten eta ez dakiten gurasoen artean harremanak sendotzea; eta atzerritar jatorriko familien hizkuntzak ere kontuan izatea”.
Hori guztia “adostasunean oinarrituta” lantzeko asmoa agertu dute. Horretarako, “ikastetxeetan eta beste esparru batzuetan, tresna eta egiteko modu berriak abian jarriko ditugu ikasturte berri honetan: egoera guztietan euskaraz egiteko aukera, aldibereko itzulpenak, talde dinamikak, testuak eta mezuak euskaratik norbere hizkuntzara itzultzeko baliabideak, besteak beste”.
Hori guztia behar bezala egiteko, herriko hezkuntza eragile guztiek osatzen duten talde eragilea sortu zuten maiatzean, eta 35 lagun bildu dira ordudanik. Talde horretan, guraso euskaldunak eta euskaraz ez dakitenak, irakasleak eta eragileak daude. Horrez gain, irakasleek eta gurasoek hainbat formazio saio eta aurkezpen ere jaso dituzte, HUHEZIren zein UEMAren eskutik. “Bide berriak bilatzen ari gara. Prozesu hau ez da perfektua izango, baina probatzen, ikasten eta hobetzen joango gara, euskara zubi eta helburu hartuta”, adierazi du Barquinek.
Ekitaldia amaitzeko, egitasmo honek sortutako hainbat galdera eta hausnarketa egin dituzte eskoletako zuzendariek eta irakasleek lehenik, eta gurasoek ondoren: bidean sortzen diren zalantzak, zailtasunak, egoerak, aurre egiteko moduak, talde eragileren lana, espero dituzten aurrerapausoak eta abar.
Material osagarria:
· Euskara eta kulturartekotasuna Azpeitian. Eskuorria (PDFa).