wrapper

Azpeitiko Udalak eta Urolako Komunikazio Taldeak hitzarmena sinatu berri dute, beste urte batez, tokiko hedabideen bidez euskararen normalizazioan eragiten jarraitzeko helburuz. UKTren helburua da Urola Kostako herritarren eta eragileen informazio eta komunikazio beharrak asetzea, hainbat euskarriren eta zerbitzuren bitartez, eta euskara ardatz izanik. Horretarako, besteak beste, Uztarria webgunea eta aldizkaria, Erlo Telebista eta Urola Kostako Hitza egunkaria elikatzen dituzte, azpeitiarren eskuetara iristeko.

Proiektuaren helburua euskarak komunikabideetan duen presentzia areagotzea denez eta Azpeitiko Udalak asmo horrekin bat egiten duenez, dirulaguntza emango dio aurtengoan ere udalak UKTri. Horren erakusle, hitzarmena sinatu dute Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak eta Ihintza Elustondo UKTko lehendakariak.

Larrañagak gogorarazi du urte asko direla Azpeitiko Udalak “euskararen erabilera garatzeko, defendatzeko eta sustatzeko jarduerak bultzatzen dituela, bai udalean, hizkuntza normalkuntzarako planaren bidez, bai Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusitako laguntza lerroekin, baita urteko aurrekontuarekin ere”. Bide horretan, euskararen aurkako azken neurrien aurrean, “gogor lanean” jarraitzeko konpromisoa azaldu du: “Azpeitia euskaraz dela esan ohi dugu, eta horrela izan dadin lanean jarraituko dugu udaletik bertatik zein bestelako eragileekin elkarlanean. Horregatik, guretzat garrantzitsuak dira gaur sinatutako hitzarmena bezalako elkarlanerako aukerak”. 

Urolako Komunikazio Taldeko presidente Ihintza Elustondok azpimarratu du tokiko hedabideek berebiziko garrantzia dutela euskararen erabilera sustatzeko, komunitateak trinkotzeko eta tokiko garapenean eragiteko: “Zero kilometroko hedabideak gara; herritik eta herriarentzat sortuak, gutaz eta gure hizkuntzan”. 2019tik UKTk argitaratzen ditu Uztarria, Urola Kostako Hitza eta Erlo Telebista Azpeitian, eta aurrera begira ere “azpeitiarrentzat ahalik eta komunikabide onenak eskaintzea” dute helburu. Azkenik, Azpeitiko Udalak emandako laguntza eskertu du Elustondok UKTren izenean, “denen ekarpena ezinbestekoa baita herriarentzat eta euskararentzat hain beharrezkoak diren hedabideei eusteko”.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information