wrapper

Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiarraren izena eta izana islatzeko helburuz 2001. urtean eman zen lehen aldiz beka. Aurten, 4.000€ra igo dute bekaren diru kopurua Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko Mendi federazioak adostuta. Proiektuak aurkezteko azken eguna martxoaren 15a izango da.

2001. urtetik Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendizale elkarteak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiarraren izena daraman beka ematen dute. Urtez urte goi-mendizaletasuna, zientzia, abentura, esplorazioa eta dibulgazioa sustatu asmoz egiten dute deialdia. Aurtengoan, gainera, bekaren kopurua handitu dute; bekaren irabazleek 4.000€ jasoko dituzte proiektua gauzatzeko. 

Egoitz Arruti kirol batzordeburuak Joxe Takoloren izena eta izana ezagutaraztea helburu duen bekaren xehetasunak azaldu zituen aurkezpenean: "Aurtengoko berrikuntza nagusia bekaren diru kopurua da. Deialdia egitea aztertzen hasi ginenean, beka eguneratzeko proposamena aztertu dugu. Euskal Herriko Mend Federazioak bere ekarpena handitzeko konpromisoa egin du eta udaletik ere geure ekarpena handitzea erabaki dugu", adierazi du. Beraz, aurten ohi baino 1.000€ gehiago jasoko ditu bekaren irabazleak. Horretaz gain, bekaren nondik-norako guztiak jasotzen dituen  joxetakolobeka.eus webgunea osatzen joateko helburuz, hemendik aurrera espedizioetako argazkiak ere eskatuko zaizkie onuradunei. 

Arrutik ondoan zituen Ibon Azkune eta Mikel Amenabar Lagun Onakeko kideak eta Juan Mari Olaizola Joxe Takoloren laguna. Laurak dira beka lantzeko osatuta  duten mahai teknikoko kideak. Azkunek bekak eskaintzen duen "aukera" azpimarratu nahi izan zuen: "Beka polita da. Mendizaletasunaren inguruan proiekturen bat landu nahi duenari horrelako laguntza bat eskaintzea oso positiboa da". Amenabarrek jendea animatu nahi izan zuen: "Gogoa edo ideiaren bat duen edonor animatzen dugu proiektua aurkeztera". Bukatzeko, Arrutik mahai teknikoa osatzen duten herritarrak eskertu nahi izan zituen: "Musutruk lan asko egiten dute. Lan handia eta eskertzekoa egiten dute, bekaren inguruko erabaki eta lanketak mahaian egiten dira. Lana denon artean egiten dugu eta eskertzekoa da ematen duten babesa". 

Bekaren irizpideak
Aurkeztutako proiektuak ireki aurretik, proiektuaren originaltasuna (% 29 gehienez), zailtasuna (% 29 gehienez), parte-hartzaileen perfila (% 21 gehienez) eta jardueraren eta baliabideen finantzaketa (% 21 gehienez) irizpideak objektiboki baloratuko ditu lan horretarako izendatutako batzorde teknikoak.

Proiektua aurkezten dutenek, diruz laguntzea eskatu den proiektu edo jardueraren ardura duen ordezkari edo pertsonak eskari-instantzia ofizialaren atal guztiak bete beharko dituzte, eta horri Nortasun Agiriaren fotokopia erantsi. Egin nahi den proiektuaren memoria, hari dagokion aurrekontuarekin batera ere aurkeztu beharko da, bai paperean baita euskarri informatikoan ere. 

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information