Gizartearen zahartzea eta adinekoen bizi kalitatea mantentzeko erronka ardatz ditu Azpeitiko Udalaren politikak. Bide horretan, otsailerako gaiaren inguruan hausnartu eta informatzeko helburuz, ‘Adinekoen zaintzaren garrantzia’ jardunaldia egingo da otsailaren 1, 8 eta 15ean Azpeitian, udalak antolatuta. Etorkizuneko erronkak lantzen hasia da udala eta norabide horretan dauden epe laburrean zein epe ertainean izango diren azpiegiturak eta zerbitzuak azaltzea ere bada jardunaldi hauen asmoa.
"Jardunaldi hauek azken urteotan egiten ari garen ibilbidearen isla izango dira. Gizarte Zerbitzuak, eta hein aldi batean, adinekoak eta mendekotasunen bat duten pertsonak gure politiken ardatz dira, eta testuinguru horretan kokatzen diugu jardunaldi hau ere", azaldu du Nagore Alkorta alkateak. Bide horretan, azken urteotan adinekoen inguruan eta duten bizi kalitatea ezagutzeko helburuz hainbat ikerketa egin dira, Gaur egun ere bakarrik bizi diren adinekoen inguruko ikerketa martxan dute: "Adinekoen inguruan, gaiari integralki heldu, aztertu eta arazoa konplikatua dela jakinik ere, irtenbiderako beharrezko politika publikoak lantzen eta martxan jartzeko konpromiso osoa dugu" zehaztu du.
Lehen saioan, otsailaren 1ean, Azpeitiko Udalaren enkarguz SIIS-eko, Gizarte Informazio eta Ikerketa Zentruko, Madalen Saizarbitoriak duela hiru bat urte eginiko azterketaren emaitzak azalduko dira. Ikerketa horretan demografiaren eta gizartearen zahartzearen inguruko datu objetiboak biltzen dira, eta hortik abiatuta, sortuko diren beharrak azaleratzen dira. Azterketa horren baitan, besteak beste, etxe tutelatuen beharra detektatu zuen udalak eta dagoeneko 16 etxebizitza tutelatu abian jartzear dira. Eta proiektu hori zein beste zenbait udal baliabide aurkeztuko dituzte Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eta Edurne Zubia arduradun teknikoan.
Otsailaren 8an, bakardadea izango da hizketagai. Javier Yanguas gerontologo eta spikologian doktorea eta Adinberri Fundazioko Berrikuntza ataleko arduraduna, Ainhoa Becerra izango dira horretarako. Adinberri Fundazioaren Hariak estrategiaren inguruko xehatasunak azalduko dituzte.
Otsailaren 15ean, duela hainbat hilabete Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Perdillegin egitea hitzartu zuten mendekotasuna duten pertsonentzako zentro balioaniztunaren proiektua aurkeztuko dute bi erakundeek proiektua landu duen Matia Fundazioarekin batera. Matia Institutuko Maider Azurmendi eta Enrique Echeverria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peña eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak hartuko dute parte azken saio horretan.
Gizartearen zahartzea erronka
SIIS zentroak Azpeitiko Udalarentzat egindako ikerketaren arabera, 2031. urtean azpeitiarren ia laurdenak 65 urtetik gora izango ditu; 3.900 adineko baino gehiago izango direla aurreikusten da. Horietatik 500 herritar baino gehiagok, gainera, 80 urtetik gora izango dituzte. Eta, mendekotasuna %38ko haztea aurreikusten da.Datuek, inguruan sumatzen dena azaleratzen dute. Gizartearen zahartzea. Mendekotasunari eta zahartzaroari aurre egitea eta bizitzako etapa horri ahalik eta egokien erantzutea guztioi egokituko zaigu. Horregatik, batez ere, gaia landu, gaiaz hausartu eta adinekoen bizi kalitatea mantentzeko baliabideen berri ematea nahi dugu jardunaldi hauetan.
Adineko pertsonen zaintzaren garrantzia
Otsailak 1, asteazkena
Gaia: Azpeitiko adineko pertsonen beharren analisiaren aurkezpena
Udaleko baliabideak eta etxe tutelatuak
Hizlariak: SIIS-eko Madalen Saizarbitoria eta Azpeitiko Udalako Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua eta Edurne Zubia arduradun teknikoa
Otsailak 8, asteazkena
Gaia: Bakardadea eta Adinberri elkarteko HARIAK estrategiaren nondik norakoak
Hizlariak: Javier Yanguas eta Adinberri elkarteko Ainhoa Becerra
Otsailak 15, asteazkena
Gaia: Mendekotasuna duten pertsonentzako zentro balioaniztunaren proiektua
Hizlariak: Matia Institutuko Maider Azurmendi eta Enrique Echeverria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peña eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea
Hiru saioak azoka plazako lehen solairuko aretoan izango dira 18:00etan hasita. Bertaratzeko ez da izenik eman beharko.