wrapper

Parte-hartze prozesu bat abiatu zuen udalak, Emunekin batera, udazkenean, eta 150 herritar ingururen parte-hartzearekin osatu da 2030 Euskara Plana. Aurkezpenean behin-behineko plana aurkeztuko da, eta ekarpenak egiteko aukera egongo da. Euskara Mahaia osatzeko proposamena ere bertan aurkeztuko da.


2030 Euskara plana eta euskara mahaia osatzeko proposamena aurkeztuko dira urtarrilaren 25ean, asteazkenean, 18:30etik 20:00etara, Basazabal jauregian. Urria eta abendua artean, iritziak eman eta ekarpenak egiteko aukera izan dute herritarrek, udalak, Emun aholkularitzaren bidez, antolatutako parte-hartze prozesuan. Batetik, irailean, galdetegi bat zabaldu da herritarren artean, euskararen inguruko pertzepzioak eta erronkak ezagutzeko. Horrez gain, talde dinamikak egin dira urria eta azaroa artean. Denera, sei saio egin dira, honako esparru hauen inguruan hitz egiteko: hezkuntza, familia, aisialdia, kirola, jaiak, kultura eta sormena, bizilagun berriak, lan mundua, zerbitzu publikoak, turismoa eta euskalgintza. Bukatzeko, abenduan, hainbat elkarrizketa egin dira euskararen arloan lanean ari diren herritarrekin; eta bestelako ekarpenak jasotzeko tartea ere ireki da, mezu elektroniko bidez.


Guztira, 150 herritar inguru izan dira planaren osaketan parte hartu dutenak. Informazio hori guztia biltzeaz, mailakatzeaz eta plan batera ekartzeaz arduratu da Emun kooperatiba. Behin lan hori eginda, planaren behin-behineko bertsioa aurkeztuko da urtarrilaren 25ean, herritarren azken ekarpenak jaso, eta behin betiko plana osatuta, 2023ari begira, lanean hasteko.


Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak eskerrak eman dizkie prozesu honetan parte hartu duten guztiei: “Guretzat zorte handia da plan hau herritarrekin batera egiteko aukera izatea. Bulegoetan osatutako plan batek ez du zentzurik, herritarren pertzepzioak, beharrak eta iritziak funtsezkoak dira euskara sustatzeko plangintza bat diseinatzerakoan”. Ildo beretik, Albizuk nabarmendu du “hainbat esparrutako” herritarrek parte hartu dutela, eta horrek “ikuspegi osoa” eman diola diagnostikoari zein planari berari. Horrez gain, gogorarazi du aurkezpen eguna bera ere ekarpenak egiteko baliatu daitekeela: “Bi helburu ditu plan hau jendaurrean aurkezteak. Batetik, herritarrei informazioa itzultzea: jende askok parte hartu du prozesuan, eta emaitza erakutsi behar zaie beraiei zein gainontzeko herritarrei. Bestetik, ordea, ekarpenak egiteko aukera eman nahi dugu, azken emaitzan zerbait falta daitekeelako edo, agian, norbaitek orain artean ez duelako izan modurik bere iritzia emateko”.


Bukatzeko, Euskara batzordeburuak nabarmendu du Azpeitia udalerri euskalduna den arren, asko dagoela egiteko, “orain, inoiz baino gehiago”. “Gure bizimodua, ohiturak, herria bera, aldatzen ari dira; oso azkar. Euskaraz biziko bagara, erronka horiei guztiei errotik heldu beharko diegu, eta orain artean bezala, euskararen aldeko hautua berretsi”.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information