wrapper

Inoizko eskaera gehiena izan dira 2022ko Sustapen Ekonomikorako Azpeitiko Udalak dituen laguntzetan. 550.000€ banatuko dira jasotako 211 eskaerei erantzuteko. Nagore alkateak prentsaurrean azaldu du: "Herritar eta sektore desberdinei laguntzeko helburuz sortutako laguntzak" direla, eta horretarako "urtez urte behar berrietara egokitzeko ahalegina" egiten duela udalak. 

Azpeitiko Udalak, beste urte batez, Sustapen Ekonomikora laguntzak banatu ditu. 550.000€ bideratu ditu 2022an "herriko ehun ekonomikoa sustatu eta indartzeko" helburuz. Gaur prentsaurrean Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Ogasun Batzordeburuak azaldu dutenez, "inoizko eskaera gehiena" jaso dituzte. Eta, 211 eskaera lagunduko dira diruz, lau lerrotan bereiztuta. 

Alkortak urtez urte ematen diren laguntza "egonkortu" egin direla adierazi du: "Urtez urte gero eta eskaera gehiago jasotzen ditugu. Aurten, inoizko eskaera gehien izan ditugu eta horrek adierazten du laguntza horien beharra", zehaztu du, 

Aurtengo maiatzean aurkeztu zituen Azpeitiko Udalak laguntzak: "iazko abenduan aurreikusi baino diru partida handiagoarekin; beharrak horrela eskatzen zuelakoan. Izan ere, egoera ezegonkorrak bizi ditugu ekonomiari eta prezioei dagokionez. Inflazioak egoera gora beheratsuak sortu dizkizu aurtengoan, guztioi. Eta zer esanik ez sektore ekonomikoari. 2022an, 550.000€ jarri genituen azkenean sektore ekonomikoa indartzeko helburuz", gaineratu du. Zehazki, 2022. aurrekontuetan aurreikusi baino 150.000 gehiago jarri zituen udalak deialdian.  "Azpeitiko Udalarentzat ezinbestekoa da tokiko ekonomia sustatzea eta laguntza hauen bidez, herritar, sektore eta helburu desberdinei erantzutea lortzen dugu. Urtez urte momentuko beharrei erreparatuz oinarriak egokitzen ditugu; aurten, zehazki, garraiolarientzako laguntza berezia jarri genuen eta baita jarduera berri bat irekitzeko alokairurako laguntza ere. Eta eskaerei erreparatuz, beharrezkoak zirela ondoriozta dezakegu". 

Bukatzeko, datu bat emango du, langabezia tasarena. Azaroko datuen arabera, Azpeitiko langabezia tasa %7,3koa da (gizonezkoena %5,2; emakumezkoena %9,6). Urola erdikoa (%7,4), Gipuzkoakoa (%8,2) eta EAEkoa (%10,3) baino baxuagoa."Baina zenbaki horren atzean azpeitiarrak daude eta horri aurre egiteko lanean jarraituko dugu. Sustapen ekonomikoan eragiten alde batetik, eta babes soziala eskaintzen egoera ekonomiko juxtuan dabiltzanentzako". 

 

Laguntzak, datutan

Leire Goenaga Ogasun Batzordeburuak guztira, 211 lagunduko direla diruz azaldu du; lau lerrotan banatuta.  Zerbitzuen sektoreko eta lehen sektoreko jarduerak indartzera 107.503,85€ bideratu dira. Besteak beste, merkataritza txikia TicketBai sistemara egokitzeko 66 laguntza eman dira; digitalizaziorako, webguneak egiteko, 11 laguntza; inbertsio desberdinetarako 20, alokairurako 6 (horietatik 4 jarduera berrietarako) eta jarduera berriak irekitzeko 5 laguntza.

Industria proiektu estrategiko edo berritzaileak, eraikuntza sektoreko gremioei eta garraiolarien lerrora 243.296,15€ bideratu dira. Gasolinaren prezioaren igoera dela eta garraiolarientzak jarritako 1.500€ arteko laguntza berezia 39 garraiolarik jaso dute. Goenagak gogoratu du gaur egun gasolinaren prezioa altua bada, udaberrian egoera ez zela hobea: "Gasolinaren prezioaren gorakada handia izan zen, eta gogratu behar dugu momentu hartan hainbat garraiolari greban ere bazirela". Laguntza horretaz gain, inbertsio eta proiektuetarako 27 laguntza eman dira, efizientzia energetikoa hobetzeko 2 eta eraikuntza sektoreko 6 enpresa lagundu dira diruz.

Ekintzailetasuna sustatu, bereziki gizarte ekonomia eta izaera estrategikoa duten 19 proiektu garatzeko laguntza eman da: "19 proiektu horietan, ordea,  27 norbanako lagundu dira diruz", zehaztu du; 67.000€ jarri dira horretarako eta batezbeste 1.500€ jaso ditu onuradun bakoitzak. 

Eta, laugarren lerroan, langabezian dauden pertsonen 68 kontratazio lagundu dira diruz. Mota desberdinetako kontratazioak lagundu dira; baina horietako 40 kontratazio lanaldi osoko kontratazio mugagabeak dira. Horretarako, 129.200€ jarri ditu Udalak.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information