Azpeitiko Udalak herriko behar eta eskariei erantzun asmoz, asteburu eta jai egunetan herriko haur txikiak beren familia edo arduradunekin egoteko gunea egokitu du Kiroldegian. Abenduaren 16an, ostiralean irekiko ditu ateak eta proba gisa, martxora arte izango da irekita.
Kiroldegian egokituko den gunea, guraso edo arduradunak haurrekin edo haurrek haurrekin jolasteko gunea izango da. Eta ostiral arratsaldeetan zein larunbata eta igandeetan egun osoz izango da irekita. Leire Goenaga hezkuntza zinegotziak “behar bati erantzunez” egokituko dela gunea zehaztu du: “Herrian haurrekin goxo egoteko gune estalien falta nabaria da negu partean, eta hutsune horri erantzun asmoz egokituko dugu eremu hori”. Gune berri hori 0-8 urte bitarteko haurrentzako izango bada ere, epe oso laburrean, 8 urtetik gorakoentzako beste gune bat abiatuko dutela ere aurreratu du: “Haurren kontseiluaren baitan, gaztetxoek ere elkarrekin egoteko eta jolasteko gune baten beharra adierazi ziguten, besteak beste, eta eskariari erantzuna emango diogu laster”. Egoitz Arruti kiroletako batzordeburua ere “gustura” agertu da erabilera berriarekin: “Udal azpiegiturak denontzako dira, eta horrelako erabilerak emateak guztiok aberasten gaitu. Besteak beste, kiroldegiari erabilera ezberdinak eman eta zerbitzu berriak eskaintzea positiboa da”, zehaztu du.
Psikomotrizitatea lantzeko eta jolasteko aukera eskainiko du kiroldegiko guneak. 0-8 urte bitarteko haurrentzako gunea izango da. Gunean ez da hezitzailerik edo zaintzailerik izango eta haurrek guraso edo arduradun batekin joan eta egon beharko dute; heldu bakoitzeko gehienez ere lau haur sartu ahalko dira. Jolas eremuan ezingo da jan eta edan eta erabiltzaileen ardura izango da materialaren erabilera egokia egitea, erabili ondoren gordetzea eta gunea garbi mantentzea. Kirol Patronatuko bazkideek doan izango dute sarrera; gainontzekoek 2€ ordaindu beharko dute. Sarreran erregistratu egin beharko da eta guneak aforo mugatua izango du; datu horiek denboraldi bukaeran gunearen balorazioa egiteko soilik erabiliko dira.
Hasiera batean, eremu berria abenduaren 16tik martxora bitartean izango da irekita. Ostiral arratsaldeetan 17:00etatik 19:00etara izango da irekita eta larunbata eta igandeetan 11:00etatik 19:00etara. Gabonetako opor egunetan (abenduaren 16tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra), berriz, 11:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 19:00etara izango da irekita.