Atzo, abenduak 13, asteartea, abenduko ohiko plenoan izan ziren hizketagai 2023ko aurrekontuak, beste hainbat gairen artean. EHBilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu ziren agintaldiko azken aurrekontuak. Aurrekontuen lankata prozesuari dagokionez, herritarren ekarpenak jasotzeko landa-eremuko bost bilera egiteaz gain, ekarpenak jasotzeko ohiko bideak ere jarri ditu udalak eta herritarrek herrian jarritako postontzietan edo online helerazi ahal izan dituzte.
Aurrez aurreratu bezala, Nagore Alkorta alkateak 2022ko aurrekontuak baino %5 altuagoa izango zela 2023koa azaldu zuen; zehazki 1,1 milio gehiago izango direla “arlo eta proiektu estrategikoetan inbertitzeko” azpimarratu zuen. “Aurrekontuak hiru ardatzen baitan oasatu ditugu: gizarte babesa, tokiko ekonomiaren sustapena eta energia trantsizioan aurrera egiteko”. Aurrekontuak osatzeko testuingurua ezegonkorra izanagatik udalak “egoera ekonomiko sendoa eta sor daitezkeen beharrei erantzuteko baliabideak” dituela gaineratu zuen.
2019-2023 agintaldiko plangintza betetzeko helburuz eta hasitako obrak bukatzeko asmoz osatutako aurrekontuak dira: “Erdigunean, azpeitiarren beharrei erantzutea jarri dugu; batez ere okerren pasatzen ari diren horiei. Baina horretaz gain ekonomiaren sustapenean eta trantsizioa energetikoan aurrera egitea ere baditugu helburu”.
Gizarte politiketan sakontzeko proiektuak
Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak xehetu zituen aurrekontuak, alkatearen hitzartzearen ostean. “Herritarrak eta beraien beharrak jarri ditugu erdigunean, eta herritarren ongizatea dugu helburu”, zehaztu zuen. “Momentu ezegonkorrak bizi ditugu; inflazioa handia izaten ari da guztiontzat. Horrek eragin zuzena du azpeitiarrengan eta baita udalarengan ere. Horregatik, ziurgabetasun horren baitan, pertsona zaurgarrienak babesteko neurriak hartzen jarraituko dugu”. Horren ondorioz, beharrak dituzten herritarrak abiapuntu izango dituen gizarte politiketan sakonduko dute. Horren isla da Gizarte Zerbitzuen arloak %15eko igoera izango du. Egoera sozioekonomiko juxtuan dabiltzanentzako udalak dituen dirulaguntza lineetako diru partida ere %10 igoko da (539.000€).
Gizartearen zahartzea, adinekoak eta adinekoen zaintzaren erronkari aurre egiteko lanean ere ari da udala, bide horretan eskaintzen dituen zerbitzuetako aurrekontuak ere igo egin dituzte, eta aurrera begira, prebentzioan lan egiten jarraitzeko proiektu berritzaileetan inbertitzeko konpromisoa agertu zuten.
Herritarren ongizate emozionalari begira proiektu berritzaile bat lantzen ere ari da eta 2023an abian jartzeko 59.0000€ko diru poltsa jarri dute.
Tokiko ekonomia eta trantsizio energetikoa
Tokiko ekonomia indartzen eta saretzen jarraitzeko Sustapen Ekonomikorako laguntzak mantenduko dira. 2023an, 400.000€ dirulaguntza lerroa zehaztu da. “Laguntza horiek, urtez urte momentuko beharretara egokitzen joan dira, batez ere, azken urteetan, ezegonkortasunak sortutako behar berriei erantzuteko”. Aurrera begira ere, lanketa horretan jarraitzeko konpromisoa du udalak.
Horretaz gain, Iraurgi Berritzen Eskualdeko Garapen Agentziara ere 400.972€ bideratuko dira, besteak beste, ekonomia, enplegua eta turismoaren sustapenerako. Lehen sektoreari dagokionez, azoka plaza indartzen ere jarraituko du udalak, bertako produktuen kontsumoa sustatuz.
Trantsizio energetikoaren bidean, Azpeitian abiapuntua jarrita dagoela adierazi zuen: “ Energia berriztagarrien aldeko apustua irmoa da; Ekindar 2023 urtean martxan jarriko da eta pixkanaka eraikin publikoetako teilatuetan eguzki plakak jartzen ari gara. Igerilekuan geotermia sistema eta eguzki plakak jarriak ditugu, udaletxean ere bai”. Epe laburrean, azoka plazan eta Soreasun jarriko dira eguzki plakak eta argiteria publikoan falta diren LED-ak jartzeko asmoa azaldu zuen.
Hasitako azpiegiturak bukatu eta irisgarritasuna hobetzen jarraitu
Herriko azpiegitura eta mantenurako ere diru gehiago jarri da prezioen gorakadaren ondorioz, “herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaini eta bermatzea” delako udalaren helburua. Bide horretan, honako proiektuak garatzeko diru partidak jarri dira:
-
Urrestillako herrigunea berruzbanitzatzea: 50.000€
-
Soreasuko Musika Eskolaren Egoitza egokitzea: 350.000€ (aurrekontu osoa 1.350.000€)
-
Perez Arregiko Telefonikan Udal Euskara patronatua eta Txolarteko egoitzak egokitzea: 405.000€ (aurrekontu osoa 1.350.000€)
-
LED argiteria 250.000€ (aurrekontu ososa 750.000€)
-
1766ko Matxinada Kalea. 227.000€ inkorporatu egingo da
-
Arana goikoako irisgarritasuna hobetzeko obra: 270.000€ inkorporatu egingo da
-
Sanjuandegiko Skate Parke zaharra kentzea: 420.000€ inkorporatu egingo da
-
Haur parkeak konpondu eta hiru erabat berritzea: 290.000€ inkorporatu egingo da
-
Eguzki Plakak ezartzea: 290.000€ inkorporatu egingo da
-
Sistiaga-errekako baserri bidea egitea: 420.000€ inkorporatu egingo da
Aurrekontua zenbakitan
Ogasuna eta kontuak |
392.098,48€ |
Hirigintza eta ingurumena |
2.392.000€ |
Hezkuntza eta euskara |
1.232.396,73€ |
Kultura eta gazteria |
1.222.100€ |
Kirola |
1.365.138,95€ |
Gizarte zerbitzuak |
2.577.500€ |
Langileria eta antolakuntza |
6. 592.677,92€ |
Festak |
596.000€ |
Zerbitzu orokorrak |
4.651.865,27€ |
Alkatetza |
266.000€ |
Ekonomoa, enplegua eta formazioa |
1.057.878,40€ |
Parekidetasuna |
215.000€ |
Baserriak |
286.500€ |
Guztira |
22.847.155,75€ |
•Udalaren aurrekontu orokorra 32.564.291,75€
• Udalaren aurrekontu propioa 22.847.155,75€
•Euskara Patronatua: 863.846,73€
•Kirol Patronatua: 1.769.938,95€
• Azpeitia Berritzen: 8.656.636€