wrapper

Udal Gobernuak prest du 2023. urteko aurrekontu proposamena. Abenduaren 13an horiek onartzeko plenoa egitea aurreikusten du eta gaur eman ditu aurrekontu proiektuaren proposamenaren inguruko xehetasunak. Azpeitiarren beharrei erantzuteko 22.847,155,75€ko aurrekontua iaurkeztu du; aurten baino ia 1.100.000€ gehiagokoa (%5 handiagoa). Eta “alor estrategiko guztiek handituko dute bere gastu ahalmena; arlo soziala indartu, tokiko ekonomia sustatu eta energia trantsiziorako oinarriak jartzen jarraitzeko”, azpimarratu du Nagore Alkorta alkateak.

“Pandemia atzean utzi dugula dirudien arren, bestelako gertaerek (gerra, inflazio handia eta prezioen igoera...) errekuperaziorako bidea oraindik ere ziurgabetasunez bete dute”, hartu du hitza Alkortak. Testuinguru aldakor eta ziurgabetasunez betean landu behar izan ditu, beraz, Udal Gobernuak 2023 urterako aurrekontuak. “Egungo errealitatea aintzat hartuta eta herritik zein udal barnetik jasotako beharrak eta eskaerak aztertuta Azpeitiko Udala inoiz baino sendoago agertzen da egoerari aurre egiteko eta egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko”.

Pertsonak ardatz dituen aurrekontu proposamena garatu dute: “Azpeitia eta azpeitiar guztiak kontutan izango dituena, inor baztertu edo albo batean utzi gabe. Pertsona zaurgarrienak babestuz herri orekatu eta justuago baterako bidea urratuz”. Azpeitiarrei kalitatezko eta beharrezko zerbitzu publikoak eta arreta eskaintzen jarraitzea izango dute helburu, “herritarren bizi kalitatearen hobekuntzan eraginez”. Dauden zerbitzuak mantendu eta sortzen ari diren behar berriei erantzuteko zerbitzu berriak abian jartzea ere aurreikusten dutela gaineratu dute.

“Gai estrategikoei anbizioz heldu diegu eta aurrekontu proiektu sozial eta jasangarria osatu dugu”. Bi helburu bete dituzte: alde batetik, 2019-2023 agintaldiko programan sakondu eta agintaldi amaiera emateko aurreikusitako proiektuen gauzatzea. Bestetik, azpeitiarren ongizatea bermatu, tokiko ehun ekonomikoa sustatu eta trantsizio energetikoaren bidean urratsak ematen jarraitzea.

Egoerak horrela eskatuta “zuhurtzi eta mimo handiz” landu dutela proposamena azaldu du Goenagak. Departamentuz departamentu udal teknikari eta oposizioarekin bildu dira, auzoz auzo bilerak egin dituzte eta herritar eta eragileen ekarpenak eta proposamenak ere jaso dituzt: “Behar beharrezkoa da udalarentzat entzutea, asko eskertzen da”, zehaztu du.

Pertsonak erdigunean eta ongizatea helburu
“Momentu ezegonkorrak bizi ditugu; inflazioa handia izaten ari da guztiontzat. Horrek eragin zuzena du azpeitiarrengan eta baita udalarengan ere. Horregatik, ziurgabetasun horren baitan, pertsona zaurgarrienak babesteko neurriak beharrezkoak dira”, azaldu du. Hala, Gizarte politikak indartzeko apustua egin dute: Gizarte Zerbitzuen Sailaren aurrekontua %15 handituko dute. “Azken urteetan programa eta laguntza ezberdinen bitartez hazten doan arloa da, herritarren beharrek horrela eskatzen dutelako eta herri justu eta orekatu batean sinesten dugulako. Bizi dugun prezioen igoera neurrigabe honek herritar guztioi eragin digu, baina denoi ez digu berdin eragiten”. Herritar zaurgarrienak babesteko eta desberdintasun sozialei aurre egiteko gizarte larrialdiko laguntzak eta udalaguntzak %10 igoko dira datozen urterako (539.000€).


Bilakaera demografikoak biztanleriaren zahartzea eta adinekoen bizi kalitatean eragina izango duten proiektu berritzaileen lanketan ari dela udala ere azaldu dute. Bide horretan, pentsio baxuak dituztenei laguntza ekonomikoak mantenduko dira, mendekotasun egoeran aurkitzen direnei etxez etxeko laguntza egunez eta gauez eta etxez etxeko laguntza integrala handituko dira (717.000€). “Zaintza eta akonpainamentu sareak sortuz behartutako bakardade egoerei aurre egiteko neurriak hartzen jarraituko dugu. Hala nola, eguneko unitatea handituz eta etxebizitza tutelatuen eskaintzarekin. Zahartzaro duin eta zoriontsua izan dezagun neurriak hartzen jarraituko du udalak datorren urtean ere”.
Herritarren ongizate emozionalerako hainbat tailer jarri ditu udalak martxan aurten eta datorren urterako programa berri bat jarriko da martxan, Osakidetzarekin elkarlanean (59.000€).


Tokiko ekonomiaren garapena eta trantsizio energetikoa

Tokiko ekonomia indartzen eta saretzen jarraitzeko Sustapen Ekonomikorako laguntzak mantenduko dira. 2023an, 400.000 € jarriko dira horretarako. Laguntza horiek, urtez urte momentuko beharretara egokitzen joan dira, batez ere, azken urteetan, ezegonkortasunak sortutako behar berriei erantzuteko. Aurrera begira ere, lanketa horretan jarraitzeko konpromisoa du udalak. “Bide horretan sektore ezberdinei lagundu, jarduera ekonomiko berriak eta kalitateko enplegua sustatu eta langabezia murrizteko ahaleginean jarraituko dugu”, adierazi du Bereziartuak. Horretaz gain, Iraurgi Berritzen Eskualdeko Garapen Agentziara ere 400.972€ bideratuko dira, besteak beste, ekonomia, enplegua eta turismoaren sustapenerako. Lehen sektoreari dagokionez, azoka plaza indartzen ere jarraituko du udalak, bertako produktuen kontsumoa sustatuz.

Larrialdi klimatikoa mundu mailako arazoa izanagatik, azpeitiarrak hasi gara trantsizio energetikorako pausoak ematen. Datozen urteotan arazo eta erronka izango da guztiontzat, bai erakunde eta norbanakoentzat. Azpeitian oinarri sendoak jartzen ari gara; Energia berriztagarrien aldeko apustua irmoa da; Ekindar 2023 urtean martxan jarriko da eta pixkanaka eraikin publikoetako teilatuetan eguzki plakak jartzen ari gara. Igerilekuan geotermia sistema eta eguzki plakak jarriak ditugu, udaletxean ere bai. Epe laburrean, azoka plazan eta Soreasun jarriko ditugu eta 2023an lanketa horretan jarraituko dugu. Argiteria publikoan ere 4tik 3 argi LED-ak dira eta falta diren horiek aldatzeko proiektua ere egina dugu (760.000€ jarri dira). Jasangarritasunaren bidetik Azpeitia hobetzen jarraitzeko helburua du Udalak.

Guztiontzako azpiegitura eta inbertsioak

Herriko azpiegitura eta mantenurako diru gehiago jarri da datorren urterako. “KPI igoera dela eta hornidura gastuen hazkundea aurrikusi da eta udaleko zerbitzuetarako ere bai (kale garbiketa eta mantenua, eraikinen garbiketa...)”, argitu du Labakak. Herritarrei “kalitatezko zerbitzuak eskaini eta bermatzea” delako udalaren helburua. Gizarte Zerbitzuen bulego berriak 2023 urtean martxan jartzea erevaurreikusten da. Herriko haur parke guztien mantenu eta konponketak gauzatuko dira datozen hilebeteetan eta datorren urtean hiru haur parke erabat berrituko dira.

Kirol eta kultur azpiegituretan ere hainbat berrikuntza egin dira (Polikiroldegiko aldagela eta igogailua, Sormen gunea...) eta datorren urtean ere hobekuntzekin jarraitzea aurreikusten da.

Inbertsioen atalari dagokionez, 2022 urtean aurreikusitako proiektuak kontutan izanda (2023 aurrekontura txertatuko dira), honako proiektuak lehenetsi dira:

* Azpeitia herri eroso eta irisgarria izan dadin herri eta auzoetarako urbanizazio lanak (1766ko Matxinada kalea, Urrestillako herriguneko proiektua, Sanjuandegiko skate parke zaharreko proiektua, Arana-goikoa, Sistiaga auzoko bidea konpontzea...)
* Haur parke guztiak hobetu eta berritzea, mota ezberdinetako eskaintzak jarriz
* Soreasu eraikinean Musika Eskola egokitzea
* Perez Arregi plazako Telefonikako eraikina eraberritu eta Atzegi eta Euskaltegiaren egoitzak egokitzea bertan
* Kale argiteria LED sistemara egokitzea
* Kirol eta kultur eraikuntzetan hobekuntzak

Departamentuen bilakaera

Ogasuna eta kontuak -%10
Hirigintza, zerbitzu orokorrak eta ingurumena +%4
Hezkuntza eta euskera +%15
Kultura, festak eta gazteria +%13
Kirolak +%4
Gizartekintza eta parekidetasuna +%15
Langileria eta antolakuntza +%2
Alkatetza -%10
Ekonomia, enplegua eta formazioa +%3
Baserriak +%2

Udalak ematen dituen dirulaguntza guztiak ere mantenduko dira; etxebizitzen alokairurako laguntzak, etxebizitzen efizientzia eta irisgarritasuna hobetzeko laguntzak, udal laguntzak, haurrentzako bekak, sorkuntza bekak eta baita kirol, kultura eta eragile sozialei beren urteko jardunerako eta ekintzetarako ematen diren laguntzak ere.

“Agintaldiko azken aurrekontu hauekin, azken hiru urteotan egindako lanketa borobiltzen saiatuko gara”, zehaztu du. Abenduaren 13an egingo den Udalbatzara eramango da proposamena onartua izan dadin, 2023 urte hasieratik aurrekontua erabilgarri izateko.

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information