wrapper

Azken ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela. Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baita udalerri euskaldunetan ere. Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz UEMAk argitaratutako ikerketak ere azalarazi du pantailetan erdarazko edukiak ikusten dituztela batez ere nerabeek, eta horrek eragin nabaria duela hizkuntza-ohituretan. Kontsumoan eragiteari begira, UEMAk ezinbestekotzat jo du eskaintza areagotzea. UEMAren helburu nagusietako bat da udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzeko aukerak bermatzea, eta Zinuema ekimena beste urrats bat da ildo horretan.

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren hitzetan, “euskarazko kultur eskaintza indartzeko nahia dago egitasmo honen oinarrian. Administrazioen ardura da euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzea eta programazioetan lan horiek txertatzearen aldeko apustua egitea. Horregatik abiatu dugu ekimen hau; guri toki-administrazio gisa dagokiguna kontuan hartuta, gure esku dagoena egiteko; borondatea izanez gero bidea egin daitekeela erakusteko, baina baita gai honetan guk baino eskumen zabalagoa dutenei gure bidelagun izan daitezen eskatzeko ere”.

Tinko Filmeak-en helburu nagusia, hain zuzen, euskarazko zinema komertzialaren eskaintza gabeziari erantzutea da. Tinkoko Iñigo Arandiak azaldu du duela ia 30 urte hasi zirela lanketa hori egiten, eta egungo egoera ez dela askoz hobea. Arandiak Pantailak Euskaraz herri mugimenduak emandako datuak ekarri ditu gogora: “Gaur egun, bertako ekoizleek sortzen dituzten euskarazko filmak 2-3 izan daitezke urterik hoberenean, eta Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Zineuskadi erakundeak 10-12 film bikoizten ditu urtean, haurrei zuzendutakoak denak edo ia denak”.

Hainbat formatuko lanak, eskaintza osatzeko

Arandiaren hitzetan, Zinuema abian jarrita, “probatu nahi dugu egingarria izango ote litzatekeen etorkizun batean egitaraua eskala handiagora eramatea, herri eta batez ere aste gehiagoko eskaintza batera”. Horretarako, hainbat formatutako lanak hautatu dituzte Zinuema-ren egitaraua prestatzeko. Baita Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala zuzenean pantailan handian eskaintzea ere: “Izan ere, gaur-gaurkoz ez da egingarria urte osoko programazio bat egitea euskarazko filmekin soilik; horregatik dira hainbat formatutako lanak, zinema areto batean euskaraz goza daitekeen ekitaldi kopurua handiagoa izan dadin”.

Azpeititik “larrialdi deia” erakundeei, euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko”

Ekimena hastera doan asteburuaren atarian, Azpeitian agerraldia egin dute gaur UEMAk, Azpeitiko Udalak, Tinkok eta Kulturaz Kooperatibak. Datu esanguratsuak eman dituzte Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Eneritz Albizu Euskara zinegotziak eta Eusebio Beloki Kulturaz Kooperatibako kideak. Nabarmendu dutenez, saiatzen dira euskarazko film denak edo gehienak behintzat programatzen, baina eskaintza urria da. “Gure kultur programazioaren %85-90 euskaraz da, baina zinemari dagokionez zenbaki hori %15era jaisten da”.

Zinuemak hori iraultzeko ahalegina den heinean, antolatzaileei eskerrak eman dizkie Azpeitiko alkate Nagore Alkortak: “UEMAri eta antolatzaileei eskerrak eman nahi dizkiegu Azpeitiari egitasmo honetan parte hartzeko aukera emateagatik. Bizitzako esparru guztietan euskaraz egiteko, garbi dugu funtsezkoa dela ikus-entzunezkoei ere heltzea”.

Eneritz Albizu Azpeitiko Euskara zinegotziak nabarmendu duenez, berriz, “administrazioaren ardura ere bada euskarazko ikus-entzunezkoak herritarrengana hurbiltzea. Guk saiakera bat egin dugu, programa hau herritarren esku jarrita. Dena den, aukera hau aprobetxatu nahi dugu euskarazko ikus-entzunezkoen beharrezkotasunaren mezua harago zabaltzeko. Iraitzek aipatu ditu UEMAk eginiko ikerketan ateratako emaitzak. Azpeitiko emaitzak ez dira horien oso desberdinak. Gaztelania da lehen hautua telebistan, zineman, plataformetan eta aplikazioetan. Horren atzean bada euskarazko eskaintza sendo baten beharra. Gai honi herri bezala, Euskal Herri bezala, erantzun behar zaio. Eta hitzordu hau, egitasmo hau, aprobetxatu nahiko nuke Eusko Jaurlaritzari eta dagokien beste erakundeei esparru honetan inbertitzeko larrialdi dei bat egiteko. Euskarak behar du eskaintza duina eta jarraikorra, gure gaztetxoentzat zein helduentzat erakargarria izango dena, eta eremu honetan ere gure hizkuntza lehen lerroan jarriko duena. Euskaraz bizitzeko, beharrezkoa da gure iruditegia euskaraz elikatzea. Ikusten eta sentitzen dugun horrek gure izaera eraikitzen du; eta, jakina, hizkuntzak ere bai. Beti esaten dugun bezala, gu euskaraz gara, eta euskaraz nahi dugu egin gure aisialdia, euskaraz jaso nahi dugu kultura, eta horretarako baldintza duinak eskatzen ditugu”.

Kulturaz Kooperatibako Eusebio Belokik adierazi duenez, gai hau “ez da brometako kontua. Zinema egundoko beherakada izaten ari da azken urteotan. Jendea ez doa jadanik zinema-aretoetara, bestelako ikus-entzunezko aukerak lehenesten dituelako, eta horietatik oso gutxi dira euskaraz”. Horregatik, eskaintza handitzea, ekoizpena sustatzea, eta zinema-aretoetara joateko ohitura sustatzea giltzarritzat jo ditu. Azkenik, herritarrei dei egin die ekimenean parte hartzeko. Zinuemaren bonu sistemaren bidez, emanaldi guztietarako baliagarria den bonua 10 euroan erosteko aukera izango dute Sanagustun Kulturgunean. Horrez gain, sarrera arruntak ere salgai izango dira, leihatilan bertan.

Egutegia

Honako hauek dira azaroaren 24tik otsailaren 19ra eskainiko diren filmak, dokumentalak eta ikus-entzunezkoak.

· Azaroak 24-27: Zure platerean hasten da mundua.
· Abenduak 4-8: Izurde mutikoa.
· Abenduak 10-11: Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, zuzenean.
· Abenduak 28-30: Izotzetako erregina.
· Urtarrilak 8: Nire zirkua.
· Urtarrilak 12-15: Black is Beltza II: Ainhoa.
· Urtarrilak 22: Gabi.
· Urtarrilak 28-29: Go!azen 9.0. Azken atalaren aurre-estreinaldia.
· Otsailak 5: Irabazi arte! Bigarren denboraldiko lehen atala. Aurre-estreinaldia.
· Otsailak 8-12: Emakumeak film laburrean. 5 film laburreko bilduma.
· Otsailak 19: Elkano, lehen mundu bira.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information