wrapper

Etxebizitza planean zehaztutako oinarriei erantzuteko politika eta neurri berriak hartu eta abian jartzen jarraitzen du Azpeitiko Udalak. Gaur, herriko etxebizitza parkearen irisgarritasuna hobetu, efizientzia energetikoa lortu eta energia berriztagarriak ezartzeko udal dirulaguntza lerro berria aurkeztu dute Josu Labaka Hirigintza zinegotziak eta Aitor Bereziartua Ingurumenekoak.

Diru laguntza lerro berri horretara 300.000€ bideratu zituen udalak maiatzean aurkeztutako babes sozial eta ekonomikorako hartutako 11 neurrien baitan. Laguntza berri honen bidez, bi helburu nagusiri erantzun nahi zaio; alde batetik, etxebizitza parkearen irisgarritasuna hobetzea, eta, beste aldetik, etxebizitzen efizientzia energetikoan eragin eta energia berriztagarrien instalazioak sustatzea.

Otsailean onartutako Etxebitzitza Planean lau ardatzen baitan lanean dihardutela azaldu du Labakak. Lau ardatz zehaztu ziren planean: Etxebizitzaren arloan arreta pertsonalizatua, informazio osoa eta aholkularitza zerbitzu integrala eskaintzeko zerbitzua, ireki berri den Etxebizitza Bulegoaren bidez ematen dena; Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatu eta alokairura bideratzea, duela astebete aurkeztutako alokairu eta bitartekaritza zerbitzuaren bidez landuko dena; Babes publikoko etxebizitza berriak sustatzeko lanketa egiten ari direla aurreratu dute gaur; eta Etxebizitza parkearen eta eraikinen birgaitzea sustatzea, bizigarritasuna, irisgarritasuna eta energia efizientzia hobetzea, eta hori bermatu asmoz aurkeztu dute gaurko dirulaguntza linea berria.

Hiru norabidetan eragitea da laguntzaren helburua; irisgarritasunean, efizientzia energetikoan eta energia berriztagarrien ezarpenean: “Herritarren bizi kalitatea hobetzea da neurri hauen guztien helburua” Labakaren esanetan: “Herritarren bizi kalitatea erabat lotuta dago etxebizitzarekin. Eta ulertzen dugu etxebizitza parkea birgaitzea herritarren eguneroko bizimodua hobetzeko edo errazteko modua dela”. Bide horretan, maila eta modu desberdinetan etxebizitzaren alorrean neurri eta laguntza desberdinak garatzen ari direla nabarmendu du.

Laguntzen nondik norakoak

Etxebizitza jabegoedo komunitateek zein norbanakoentzako laguntzak dira gaur aurkezturikoak. Beraz, norbere etxean zein etxepean egindako hobekuntza edo obrak lagunduko dira diruz. Bereziartuak zehaztu duenez, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako obrak lagunduko dituzte diruz eta horretarako 300.000€ko dirupoltsa du udalak. Laguntza eskatzeko azken eguna, berriz, urriaren 31a izango da. Handik aurrerako eskaerak datorren urteko laguntza deialdian sartuko dira. Informazioa zein eskaerak Enparan Kalean ireki den Etxebizitza Bulegoaren bidez egin beharko dira.

Irisgarritasunaren lineari dagokionez, etxepeko igogailua jarri edo berritzea, zein irisgarritasuna hobetzeko eginiko inbertsio edo obrak lagunduko dira alde batetik. Norbanakoen kasuan, berriz, etxebizitza barruan eginiko aldaketak ere lagunduko dira. Hala nola, bainugela irisgarriago egitekoak, banaketa hormetan eginikoak, pasoko ateak….

Efizientzia energetikan ere komunitatearen estalkian eginiko obrak lagunduko dira. Etxebizitzetan berriz, isolamendua, galdara edo leihoak aldatzeko laguntzak emango dira. Energia berriztagarrien kasuan ere, eguzki plaka, aerotermia edo bestelako teknika berriztagarrien ezarpena lagunduko da komunitatean, zein norbanaka.

 

Hiru laguntzetan ezarritako baldintzak berdinak dira. Norbanakoen kasuan, onuradunen bizikidetza unitatearen urteko diru sarreren gehienezko kopurua ezingo da 39.000 eurotik gorako izan eta gastuaren %30a lagunduko da, , 3.000 euroko mugarekin. Jabego erkidegoen edo etxepeko komunitatetan aurrekontuaren %40koa izango da gehinezko dirulaguntza, 8.000 euroko topearekin. Karreretako obretan komunitatearen zein norbanakoek aprteko eskaera egin dezakete, titular bakoitzaren partaidetza kuotari dagokion %30a, 3.000 euroko mugarekin.