wrapper

Etxebizitza politikaren baitan abiatutako bidearen baitan, Etxebizitza Programa aurkeztu dute, Nagore Alkorta Alkateak, Ainara Larrañaga Gazteria Zinegotziak eta Josu Labaka Hirigintza zinegotziak. Programa horrek bi norabidetan eragingo du. Alde batetik, batez ere, gazteen emantzipazioa errazteko etxebizitzen alokairurako laguntzak biltzen ditu; aurten hainbat aldaketa egin dizkiote. Eta, bestetik, etxebizitza bulegoaren bidez, etxe hutsak mobilizatu eta alokairua sustatzeko helburuz bitartekaritza lana egingo dute. Azken zerbitzu hori “berria eta berritzailea” da.

Agintaldi honetan onartu dituen Azpeitia 2030 Plan Estrategikoan eta otsailean onartutako Etxebizitza planean jasotako konpromisoei erantzuteko sortu dute programa berri hau: “Jasotako konpromisoetako bat da azpeitiarren etxebizitza beharrari erantzutea. Gaur aurkeztu nahi ditugun laguntza eta bitartekaritza zerbitzuaren bidez behar horri erntzun nahi diogu” adierazi du Alkortak. Etxebizitzak duen funtzio sozialari egin diote azpimarra: “Etxebizitzaren behar sozial bat dago herrian, eta etxebizitza hutsak izateak kostu soziala du”. Etxebizitza Planaren aurkezpenean aurreratu bezala alokairua sustatzeko eta errazteko neurri berriak landu ditu eta etxebizitzen alokairurako bitartekaritza programa aurkeztu du.

Bitartekaritza programa berritzailea
Bitartekaritza programaren helburua etxe hutsak mobilizatea eta horrekin alokairu eskaerari erantzutea da. Horretarako herrian bertan garatuko den programa jarri dute abian. Horretarako, alde batetik, eskuartean duten eta eguneratzen ari diren etxebizitza hutsen jabeei deituko diete, etxebizitza merkaturatzeko dituen aukeren berri emanez. Abian jarri berri den herriko programa honetaz gain, Euskoa Jaurlaritzaren Bizigune programaren berri ere emango zaie. Herriko bitartekaritza proograman izena eman nahi duten etxebizitzen erregistro bat egin go da. Eta, bestetik, herrian etxe bat alokatzeko beharra duten herritarrek ere Etxebitza Bulegoan programan izena emateko aukera izango dute. Hala osatzen diren bi erregistroen arteko bitartekaritza lanak egingo dira, eta bi aldeak harremanetan jartzea erraztuko da. Harremanetan jartzea errazteaz gain, alokairu kontratu eredu bat ere eskuragarri izango dute, hala adostuz gero, formalitzako. Horretaz gain, udalak dituen alokairurako dirulaguntzen inguruko informazioa ere eskainiko zaie.

Alkortak, “salto bat· eman nahi izan dutela nabarmendu du: “Herri mailako programa bat jarri nahi izan dugu abian. Ez da ohikoa herrietatik horrelako ekimenak bideratzea. Bi erregistro osatuko ditugu:merkaturatu nehi diren etxe hutsena eta alokairu beharra duten herritarrena. Eta ireki berria dugun Etxebizitza Bulegoaren bidez, informazioa eskaintzeaz gain, bitartekari lana ere egingo dugu”.

Programan parte hartu nahi dutenak izena ematera gonbidatu nahi izan dituzte. Udal webgunean sortu berri den etxebizitza atalaren bidez edo Etxebizitza Bulegoan bertan egin daiteke.

 

Alokairurako laguntzak ere abian
Ainara Larrañaga Gazteria batzordeburuak gazte problematikaren baitan, “arazo nagusienetariko bat etxebizitza beharra” dela adierazi du: “Gaztetako lehen lanak prekarioak izan ohi dira, prekaritate handia dago gazteen artean eta laguntza hauekin bermatu nahi dena da, gazteek gurasoen etxetik irteteko aukera izan eta alokairu duin batean bizitzeko aukera bermatzea. Nahiz eta gazteentzako soilik ez izan, gazteei begira eginikoa da”. Gazte politikei garrantzia berezia ematen diotela udalean adierazi du eta dirulaguntza horiek proiektu garrantzitsuenatarikoa direla azaldu du.

Labakaren arabera, laguntzek “eraginkortasun handia” izan dute. “Gazteak nagusiki laguntza honen bidez 250€gatik etxebizitza bat izan dezakete. Horrek bideragarri edo eskuragarri egiten du, etxebizitza bat izateko eskubidea”.

Batez ere gazteei bideratutako laguntzak badira ere, kolektibo desberdinak izan daitezke onuradun: 18 eta 35 urte artekoentzako, banandu edo dibortziatuak, alargunak, 70 urtetik gorako pertsonak eta mugikortasun urria dutenei zuzenduak. Alokairu laguntza jasotzeko Azpeitian erroldatua egon beharko da gutxienez azken hiru urtean jarraioan edo guztira bost urtez.

Diru laguntzak etxebizitzan biziko diren pertsonen diru-sarreren arabera ematen dira. Eskatzailea bakarra bada 28.000€ko diru sarrerak izan beharko ditu gehienez eta bizikidetza unitatean bada 35.000€.

Eskaera bakoitzak 350€/hileko muga izango du (400€, etxebizitza Alde Zaharrean badago), eta alokairuaren prezioa 650€ izango da, gehienez.

Eskaerak egiteko epea urriaren 15ean bukatuko da. Eta eskaerak udal webgunearen bidez (tramiteak online), Herritarren Arreta Zerbitzuan eta Etxebizitza Bulegoan aurkez daitezke.