wrapper

Egoera ekonomiko zaila bizi dutenentzako dirulaguntza deialdia abian da. Maiatzaren 12an aurkeztutako Babes sozial eta ekonomikorako 11 neurrietako bat da gizarte babesarena. 2022ko aurrekontuetan, udal laguntzetarako 360.000€ dituzte aurreikusita.Aurten energia (elektrizitate eta gasaren) gehienezko gastuen kopurua handitu egin da, ia bikoiztu. Urte osoan eska daiteke laguntza

Azpeitian egoera ekonomiko zailean dauden herritarrak babestea. Horixe da gaur prentsaurrean Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak agertutako dirulaguntza deialdiaren helburu nagusia. Maiatzaren 12an Azpeitiko Udalak aurkeztutako babes sozial eta ekonomikorako neurrietan "garrantzitsuena" dela azpimarratu nahi izan dute, "bere izaeragatik". Guztira 11 neurri zehaztuak ditu udalak, eta 2 milioi euroko inbertsioa aurreikusia du. Behar larriko egoerei eta gizarte bazterkeria kasuei aurre egiteko helburua da neurrietan lehena. Horretarako 360.000€ko dirulaguntza deialdia du abian udalak. 

"Garai ezegonkorrak bizi ditugu; pandemia izan zen lehenik eta orain energiaren krisia eta prezioen etengabeko igoerak jasatzen ari gara herritar guztiok. Eta, egoera honek, lehen egoera zailean zeudenak, oraindik ere egoera zailagoan egotea dakar.. Horregatik, zailtasun ekonomikoak bizi dituzten horiei, asistentzia eta baliabideak eskaintzeko gaude", adierazi du Alkortak. 


Gizarte Larrialdietarako Laguntza Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela azpimarratu nahi izan du, eta udalek kudeatzen dute. "Horretarako urtero diru ekarpen bat egiten du udaletara. Baina diru ekarpen hori Azpeitian, behintzat, ez da nahikoa izaten. Horregatik, oinarrizko behar guztiei erantzuteko adinako ekarpenik ez delako iristen, Udal Laguntzak ditu udalak duela urte askotatik. Udal Laguntzak sortzearen helburua Azpeitian inor atzean ez uztea eta herritar guztien gutxiengo bizi kalitatea bermatzea izan da bere sorreratik". Aurtengo aurrekontuetan 360.000€ jarri dituzte horretarako, baina urte bukaeran gehaigo behar bada gehiago jartzeko konpromisoa agertu dute.

Goenagak azaldu du  dirulaguntza horien bidez, kontzeptu edo gastu desberdinak laguntzen direla. Halanola, ohiko etxebizitzaren alokairua edo mailegua; oinarrizko premiak; osasun eta farmazia gastuak; adin txikikoen eskolaz kanpoko jarduerak eta etxebizitzaren mantenu eta hornidura (argindarra, gasa….)."Azken kontzeptu honetan gas eta elektrizitate horniduren gastuak diruz laguntzen dinenean, aurten,  aldaketak egin dira. Energiaren krisiak, besteak beste, argindar edo gasaren prezioen gorakada ekarri du laguntza hauen bidez lagunduko den energiaren gehienezko gastua ia bikoiztu egin dugu". 

Horretaz gain,  erretiroa, alarguntasuna edo menpekotasun pentsio baxua duten herritarrek pentsioa 1.080€ra arte osatu dezaketela ere gogorarazi du, "diru laguntza eskaera eginda, gastu ordainketa bidez". 

​273 familia lagundu ziren iaz
2020an pandemia tarteko, gizarte beharretarako laguntzen eskaerak gora egin zuen nabarmen. 2021. urtean, egoera ez da egonkortu baina 273 familiak jaso zuten laguntza.  464.041,68€ bideratu zituen udalak oinarrizko eta larrialdiko egoerei aurre egiteko. Laguntza horiek kontzeptu desberdinen baitan ematen dira eta eskaera gehienak etxebizitzarekin lotutako gastuei bideratutakoak izan ziren. 

Etxeko mantenu eta gastuei aurre egiteko bideratu zen %26,3a (122.023,65€), energia gastuetarako %24,7a (114.899,12), oinarrizko beharrei erantzuteko %20a (92.940,34€), alokairua ordaintzeko %14a (64.591€), interesaren ordainketei aurre egiteko %9a (41.819,59), zorrak kitatzeko (9.409,85€) zein konponketa eta instalazioetarako %2 (9.372,26 €) eta etxeko elektrogailuak eta mobiliariorako %1,9 (8.985,52€).