wrapper

Hiru saiok osatuko dute osasun mentalaren inguruko jardunaldia. Saioak maiatzaren 19, 26 eta ekainaren 2an izango dira, 18:00etan hasita, Azoka plazako lehen solairuko aretoan. Doakoa izango da eta ez da izenik eman beharko aurrez. Udalak herritarrak gonbidatu nahi izan ditu aurkezpenean, "saio horietan entzun, hausnartu eta ikasteko". 

"Osasun mentalaren, depresioak eta suizidioaren inguruan" hitz egin beharrezkoa dela iritzita, Aapeitiko Udalak osasun mentalaren, eta batez ere depresioaren eta suizidioaren inguruko jardunaldia antolatu du. Profesionalen zein herritarren parte hartzea izango da hitzaldietan. Hiru saio izango dira, maiatzaren 19,26 eta ekainaren 2an.

"Profesionalek gaiaren inguruan hitz egitea ezinbestekoa eta beharrezkoa da, baina herritarrok esperientziak partekatzea eta horrelako egoeretan bizitakoa partekatuz gaiaren inguruan hitz eginez egoerak normalizatzea ere beharrezkoa dugu. Badakigulako ez dela erraza", adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Horrexegatik, ondoan zituen eta jardunaldietan parte hartuko duten Iñigo Ansorregi Dierez eta Garbiñe Larrea Iturralde eskertu nahi izan ditu "ausardia eta eskuzabaltasunagatik".

Jardunaldia 2020ko martxoan egitekoak ziren: "Orduan izandako suizidio batzuen harira, gaiaren inguruan herrian sortutako ezinegon bati erantzun asmoz antolatu genituen", jarraitu du.  Orduko hartan, ordea, jendeaurrean egitekoak ziren jardunaldiak bertan behara utzi behar izan ziren pandemiagatik. Hala ere, hainbat profesionali (botikariei, tabernariei…) bideratutako bi saio egin ziren. Saio horien helburua zen, depresioa izan zezaketen edo depresioan erortzeko zorian zeuden eta laguntzarik ez zuten azpeitiarrak detektatzea eta laguntza bideratzea. Pandemiaren baitan hartutako neurriek, "egoera areagotu egin dutela"  ikusita, gaiari berriro heltzea erabaki du udalak. 

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, urtean 800.000 pertsona inguruk egiten dute beren buruaz beste, eta, azken sei hamarraldietan, %50 ugaritu dira kasuak. Gertuago, Euskal Autonomia Erkidegoan, bi egunean behin, pertsona batek bere buruaz beste egiten du. Suizidio edo suizidio saiakera guztien %90ak buruko gaixotasunen batekin du lotura, eta buruko gaizotasunen artean, depresioa da zabalduena. Halaber, 15 eta 24 urte bitarteko heriotza kausen artean, bigarrena da suizidioa. "Datuak gordinak dira. Datu horien atzean, herritarrak, familiak eta bizipenak daude", gaineratu du. 

Jardunaldien inguruko xehetasunak

Jardunaldia hiru saiok osatuko dute. Hiru ostegunetan izango dira, 18:00etan hasita Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. 

Maiatzaren 19an, Xabier Lertxundi OSAMENeko psikiatra (Gipuzkoako Osasun Mentaleko sareko kudeaketa klinikoko unitateko burua) eta gaur aurkezpenean izan den Iñigo Antsorregi Dierez izango dira ‘Depresioa eta suizidioa’ hitzaldia eskaintzen. Lertxundik arlo profesional batetik landuko du gaia eta Ansorregik depresioa izan duen gazte gisa izan duen esperientziaren lekukotasuna eskainiko du.

Maiatzaren 26a, ‘Suizidioa, prebenitu bizitza sustatzeko’ hitzaldia eskainiko dute BIZIRAUN elkarteko Agustin Erkizia eta Eva Bilbaok. Biziraun, Maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea da.

Ekainaren 2an, berriz, Aitziber Garmendia Mendizabal eta gaur aurkezpenean izan den Garbiñe Larrea Iturralde izango dira suizidioaz hitz egiten. Biek egoera bera bizi izan dute, bikotekidea, bidelaguna eta laguna suizidatu zaie, baina biak oso fase ezberdinean aurkitzen dira. Beren bizipenak elkarbanatuko dituzte, Ihintza Elustondo kazetariak gidatuta.

Goenagak jardunaldira "herritar guztiak gonbidatu" nahi izan ditu bertan azaldutakoak "entzunez, iritziak eta bizipenak partekatuz" gaiaren inguruan ikasteko.