wrapper

Egoera ezegonkorrari erantzuteko 11 neurri zehaztu ditu Azpeitiko Udalak eta gaur aurkeztu ditu neurrien inguruko xehetasunak. Babes sozial eta ekonomikoa eta trantsizo energetikoaren baitan hartutako neurriak dira eta prentsaurrean azaldu dituzte gaur Nagore Alkorta alkateak, Leire Goenaga Gizarte batzordeburuak eta AItor Bereziartua Ingurumen batzordeburuak. Lerro batzuk aurrez sortuak dira eta egoerara egokitu dira momentuko beharrei hobeto erantzuteko asmoz; beste hainbat, berriz, berriak dira. Neurrien inguruko xehetasunak dituen liburuxka etxez etxe banatzen hasiak dira dagoeneko. 

Neurri sorta hau gaur egungo egoera ezegonkorrean herritarrak babesteko egina dela adieraziz hasi du hitzartzea Nagore Alkorta alkateak: "Une honetan, ezinbestekoa eta beharrezkoa da momentuko egoerari begira jartzea; herritar bakoitzaren eta arlo desberdinek dituzten beharrei begira jartzea. Eta horixe egin dugu. Beti ere, etorkizuneko ikuspegia galdu gabe, baina eguneroko zailtasunei erantzunez". Gaur egungo egoera "ziurgabean, ziurtasunak eskaintzea" dagokiola erakunde publikoei gaineratu du: "Egoera ekonomiko konplexuan dauden herritarren egoera arintzeko neurriak bideratuta eta sektore ekonomikoen arazoak konpontzeko laguntza eskainita. Horiekin batera, trantsizio energetikorako baliabideak jartzeko unea da". 

Babes soziala, sustapen ekonomikoa eta trantsizio energetikoa bultztuko duten 11 dirulaguntza lerro jasotzen ditu planak. Horietako batzuk udalaz gaindiko beste administrazioek jarritako laguntzak osatzera datoz. Beste hainbat laguntza lerro Azpeitiko Udalak berak sortu eta bideratu ditu, herriko eragile eta sektore ekonomikoetako ordezkarien bitartez diagnostikatutako beharrei erantzuteko, eta hasieran aurreikusitako diru ekarpena handitu da hainbat lerrotan.

Bi milioi eurotik gora bideratuko ditu udalak  neurri horiek finantziatzeko. Horretarako, aatetik, 2022ko aurrekontuetan aurreikusitako dirua erabiliko da. Bestetik, egoerak horrela eskatuta, azken bi hilabeteetan eginiko kreditu aldaketak baliatuko dira. Eta horiez gain, COVID funtsetatik eratorritako 509.638 euro ere partida horietara bideratu dira.

 

Babes sozialerako 814.712€

Babes sozialari begira "inor atzean ez uztea eta okerren pasatzen ari direnen ooinarrizko beharrei erantzuteko baliabideak eskaintzea" dela lehentasuna azpimarratu du Goenagak. Baina horretaz gain, adinekoen eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzaren inguruko lanketan sakontzeko baliabideak jartzeko konpromisoa ere aipatu du.

Babes sozialerako laguntzen baitan, udal laguntzak dira garrantzitsuenak. Laguntza horien bidez, egoera ekonomiko zaila pasatzen ari diren familien oinarrizko beharrak asetzea da helburua. Gizarte larrialdietarako laguntzen deialdia Eusko Jaurlaritzak egiten du, baina Azpeitiko Udalera bideratzen duten kopuruarekin ez da iristen behar guztiei erantzuteko eta Udalak diru ekarpena egiten du Udal laguntzen bidez, urtea bukatu bitartean behar guztiei erantzuteko. Aurtengorako laguntza lerro hau moldatu egin da: "bi urteko pandemiak herritarron etxeetan sortutako egoera ezegonkorrak eta merkatuko prezioen igoerak oraindik eta zailagoa egin baitu hil bukaerara iristea", zehaztu du. Egoera horren aurrean, eskatzaileen urteko gastuen mugak igo egin dira ea energia eta hornidura gastuetarako diru laguntzak ere handitu egin dira.

Gazteen emantzipazioa errazteko helburuz sortutako etxebizitzen alokairurako laguntzen baitan, 90.000€ bideratu dira. Azpeitian ohiko etxebizitza alokairuan duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteei muugikortasun urria edota erabateko ezgaitasuna duten pertsonei, bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonei 70 urtetik gorako pertsonei eta alargunei bideratuko laguntza da. Dirulaguntza honen bidez, alokairuaren zati bat ordaintzen zaie onuradunei. Aurtengo deialdia laster irtengo dela eta diru mugetan aldaketak izango dutela aurreratu dute. 

Azpeitikoadineko pertsonen beharrak aztertu, eta zerbitzuak planifikatzeko ikerketa bat egina du udalak. Azterketak ikusarazi zuen biztanleriaren zahartzea, mendeko pertsonen hazkundea eta bakarrik biziko diren adinekoen igoera: "Pandemiak ere agerian utzi ditu eremu horretako gabeziak. Beraz, zaintzan sortzen ari diren eta sortuko diren beharrei modu orekatuan erantzuteko lanean ari gara; arreta pertsonalizatua oinarri izango duen zaintza eredua indartzen eta horretarako baliabideak jartzen". Bide horretan aipatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean egiten ari diren zaintza ekosistema integral berri bat sortzeko lanketa eta etxean zainduak izatea erabakitzen duten adinekoentzako abian jarritako etxez etxeko zaintza integralaren proiektu pilotua. 

610.000€ sustapen ekonomikorako

Sustapen ekonomikorako laguntzen baitan, azken urteotako sektorekako laguntzak mantendu dira: "Behar berrietara egokitzeko ahalegina egin dugu eta behar horiei erantzuteko aurrekontuetan aurreikusi baino 150.000€ jarri ditu udalak", zehaztu du alkateak. Milio erdi euro aurreikusi zen sustapen ekonomikorako 2022ko aurrekontuetan. Aurtengo deialdirako lerro berriak zehaztu dira eta diru partida ere handitu egin da. 

Zerbitzuen sektoreko eta lehen sektoreko jarduera indartzera bideratutako dirulaguntzen baitan, sektore horien jarduerak "indartzea eta berriak sortzea" da helburua. Lerro horretan, berrikuntza gisa, Alde Zaharrean hutsik dauden lokalen erabilera sustatzeko helburuz, bertan negozioa jartzen dutenei alokairurako laguntza emango zaie, bost urtez. Horretaz gain, energia berriztagarriak edo efizientzia energetikorako diagnostiko, auditoritzak edo azterketak zein inbertsioak ere diruz lagunduko dira. Tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko helburuz sortutako 'Azpeitia zaindu' bono kanpainak bere horretan jarraituko dute eta gaur aurkeztutako kanpainaz gain, urtea bukatzerako beste bat egitea adostua du Bertan Merkatari Elkartearekin. 

Industria proiektu estrategiko edo berritzaileen lerroaren baitan, "behar berriak sortu edo detektatu" direla adierazi du Alkortak. Horregatik, eraikuntza sektoreko gremioei eta garraiolariei bideratutako laguntza lerro berri bat zehaztu da. "Gremio txikiek eta garraiolariek lehengaien eta energiaren prezioek eragindako kalte ekonomikoa leundu nahi da". Eraikuntza enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna ere bultzatuko da bigitalizazioa, inbertsioak eta trantsizio energetikorako inbertsioak lagunduz. 

Ekintzailetasuna sustatzen jarraituko da, gizarte ekonomian eta izaera estrategiko edo berritzailea duten jardueretan orain artean bezala eta langabezian dauden azpeitiarren kontratazioak laguntzen jarraituko da. Bereziki 45 urtetik gorakoak eta emakumeak industrian kontratatzea lagunduko da eta formakuntza edo praktikaldietarako kontratuak ere diruz lagunduko dira.

Trantsio energetikoa eta irisgarritasunerako laguntza berriak

"Trantsizio energetikorako pausoak arlo guztietan sustatzeko nahia dugu, eta beste hainbat lerrotan txertatu dira" adierazi du Bereziartuak. Hala ere, trantsizio energetikoan eragin eta irisgarritasuna hobetzeko lerro propioak ere jarriko dira abian, epe motzean.

Ekindar Azpeitiarren Energia kooperatiba sustatzeko helburuz, bazkide egiten direnak diruz lagunduko ditu udalak: "Azpeitia jasangarriagoa egiteko helburuz pausoak ematen dituztenak lagunduko ditugu". Horretaz gain, Ekindar kooperatibaren eta udalaren artean lankidetza hitzarmena lantzen ari direla gaineratu du, "elkarlanean energiaren inguruko sentsibilizazioan eragiteko"Azken neurri gisa, etxebizitzen irisgarritasuna hobetu eta efizientzia energetikoa hobetu eta energia berriztagarrien instalazioa sustatzeko helburuarekinepe motzean abian jarriko den lerro berriaren xehatasunak eskaini ditu. Trantsizio energetikoaren erronkari aurre egiteko helburuaz gain, irisgarritasuna hobetzeko lerroa izango da. Aurreikuspenen arabera, uda aurretik egingo da dirulaguntza berri honen deialdia.