wrapper

Enparan kaleko 34. zenbakiko bulegoan etxebizitzen inguruko informazioa eta aholkularitza zerbitzua jaso ahal izango dute herritarrek. Etxebizitza plana garatzeko trensa ere izango da bulego berria eta Azpeitia Berritzenek kudeatuko du, Azpeitiko Udalaren eta Etxebizitza Sailarekin elkarlanean

Etxebizitza Bulegoa ireki da Enparan Kaleko 34. zenbakian. Gaur izan da irekiera, eta bertan izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Josu Labaka Hirigintza batzordeburua, Etxebizitza Saileko zuzendari Pablo Garcia eta Alfonso Sanz saileko Gipuzkoako delegatua.

Etxebizitza arloan pauso garrantzitsu bat eman du gaur Azpeitian. Gaurtik Etxebizitza Bulegoa izango dute Azpeitiko herritarrek beren eskura, etxebizitzaren arloko informazioa eskaini eta aholkularitza eskaintzeko. Salto kualitatiboa eman da etxebizitza politikak garatzerako eta herritarrei zerbitzuak eskaintzeko. Herritarrei informazio oso, eguneratu eta pertsonalizatua eskainiko zaie, zehazki. Bulegoa Azpeitia Berritzenen bidez kudeatuko da, Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.

Azpeitiko Udalak urteak daramatza etxebizitza politiketan neurriak hartzen. Iaz, egindako Azpeitia 2030 Plan estrategikoan zehaztu zen herritarren etxebizitza beharrei erantzutea dela Azpeitiak duen erronka nagusietako bat. Horren ondotik, etxebizitza politikaren bideorria jasotzen duen Etxebizitza Plana aurkeztu zuen. Planean 4 ildo nagusi zehaztu ziren: Arreta pertsonalizatua informazio osoa eta aholkularitza zerbitzu integrala eskaintzea; hutsik dauden etxebizitzak mobilizatueta alokairura bideratzea; babes ofizialeko etxebizitza berriak sustatzea eta etxebizitza parkearen eta eraikinen birgaitzea sustatu bizigarritasuna, irisgarritasuna eta energia efizientza hobetuz.

Nagore Alkorta alkatearen arabera Azpeitiko Udalak helburu argi bat dauka etxebizitzaren alorrean: “Azpeitiarren etxebizitza beharrari erantzutea”. Horretarako, garrantzitsua deritzo herritarrei informazioa gardentasunez eskaintzea. “Bulego honen bitartez, edozein azpeitiarrek etxebizitzaren inguruan izan ditzakeen galderak erantzuten saiatuko gara. Indarrean dauden zerbitzu, laguntza edota baliabideen inguruko informazio eguneratua eskuratu ahalko dute bertan herritarrek. Etxebizitza arloan ere azpeitiarren zerbitzura gaude”.

Bulegoaren irekierarekin pauso berri bat eman da bere hitzetan: “Etxebizitza planean bertan jasotzen da bulegoaren ideia. Eta beraz, bulegoaren irekierarekin emandako hitza betetzera gatoz”. Gainera, Azpeitia Berritzenek, Azpeitiko Udala eta Etxebizitza Sailarekin elkarlanean kudeatuko duten bulego berria etxebizitza planaren garapenerako “tresna” ere izango da. “Planean jasotzen diren lan-ildoetan urratsak emango ditugu datozen hilabeteetan. Hala-nola, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatu eta alokairura bideratzeko ahalegina biderkatuko dugu, babes publikoko etxebizitza berriak sustatuko ditugu eta egungo etxebizitza parkearen birgaitzea lagunduko dugu, irisgarritasuna bermatu eta energia efizientzia hobetuz”. Aurreratu du, Eusko Jaurlaritzarekin Bizigune programaren kudeaketarako duten hitzarmena berritzeaz gain, Azpeitia Berritzeb birgaitze sozietate bezala eratzeko pausoak ere emango dituztela, etxebizitza parkea birgaitu ahal izateko eta laguntzen inguruko laguntzak kudeatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Lurralde plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila eta ordezkariak ere eskertu nahi izan ditu: “Egunerokoan ematen diguten laguntza eta elkarlanerako borondateagatik eskertu nahi ditugu”.

Pablo Garcia Etxebizitza Saileko zuzendariak ere elkarlana eskertu nahi izan du: “Bulego honen irekiera bezalako proiektuek baikortsunez eta ilusioz betetzen gaitu. Etxebizitza arloan, egunero hamaika lan egiten ditugu, baina emaitzak epe luzera ikusten dira askotan. Horregatik, eskertzekoa da etxebizitzaren arloan batzera datorren proiektu batekin elkarlanean aritzea”.

Bi erakundeen etxebizitzaren arloko politikak lerrokatuta daudela gaineratu du: “Etxe hutsak merkaturatzea, alokairua sustatzea, Bizigune programa eta etxebizitzen birgaitzea dira gure lan lerro nagusiak ere. Azken honetan, gainera, biderkatu egin nahi dugu gaur egunean egiten dena. Hori guztia lortzeko inor ez dago inor soberan, arlo eta maila ezberdinetatik lanean jarraitu behar dugu. Eta ezinbestekoa da elkarlana”.

Gaur egun azpeitiarren Etxebideko datuak ere azaldu ditu. Gaur egun 613 pertsona daude Etxebiden Azpeitirako izena emanda; horietako 482 pertsona herrian erroldatutda daude. Alokairurako eskaera 275 pertsonetakoa da. Ildo horretan, Esklabetan bi erakundeek duela zenbait urte sinatutako hitzarmenaren baitan alokairu sozialerako egiten ari diren 48 etxebizitzak ere aipatu ditu.